Artaldea biluzi da udaberrirako

Udaberriaren bueltan mozten dituzte artzain askok euren ardiak. Moztaileak arduratzen dira abereei ilea mozteaz, eta etxekoek auzolanean egiten dituzte gainerako lanak. Ukuiluan horitutako ileak erantzi, eta larre berdeei begira jartzen da artaldea, baita artzainak ere.

Ardi jartzea. Moztaile bakoitzak ardi jartzaile bat izaten du. IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Errezil
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Bete-betea dago Errezilgo (Gipuzkoa) Aitzarte baserriko arditegia. Artalde osoa ukuilu barruan ez dagoen arren, ardiek ederki hartu dituzte hango bazterrak; ilaje luzea dute, bizkarretik hasi eta lurrerainokoa ia-ia. Hankak nekez ikusten zaizkie, azpietako lastoa ukitzen baitute ileek. Baina, San Josef ingurua izaki, iritsi da berokia eranzteko eta ileberritzeko garaia: negua atzean utzi dute aziendek.

Iritsi da primadera atariko eginkizuna Miren Barandiaran eta Juan Mari Zinkunegi artzainentzat: ardi-mozte eguna. Ohi baino lehentxoago jetzi dituzte ardiak, lehenengo eguzki printzak ateratzerako. «Ez da berdin lo egiten; kezka izaten dugu», esan du Barandiaranek. Artzainek ez ezik, zakurrek ere sumatu dute zerbait: zaunkaka hasi dira, arrotzak ailegatu diren seinale. Lauzpabost auto heldu dira ukuiluko sarrerara; artzainen familiakoak eta moztaileak dira.

Diosalekin askorik luzatu gabe, erremintak prestatzen hasi dira hiru moztaileak. Askaren ondoan hartu du tokia Mikel Etxebarriak. Egurrezko oholak jarri ditu lurrean. «Zer moduz moztutako ardiak, Aitor?», galdetu dio Aitor Iztueta artzainari. Aitzartekoen iloba da Iztueta, eta ardiak jartzen laguntzen die mozketa egunean. «Ederki, giro ederrak egin ditu», erantzun dio, aziendentzako itxitura prestatu bitartean.

Oholetatik ateratzen den burdinazko ardatzean jarri du motorra Ipar Arrindak; handik ateratzen den kablearen muturrean dago ilea mozteko makina. Hari hortzak ipini, olioa bota eta martxa eman dio, berotzeko. Oinetakoak aldatu ditu bitartean. «Artilezkoak dira, oholean ez irristatzeko», azaldu du. Gauza bera egin du Etxebarriak ere. Luzaketak egiteko tartea ere hartu du, egun osoa makurtuta aritu beharko baitute.

Moztaileak prest dira, baita ardiak ere; jeztekoak moztuko dituzte lehenengo. Moztaileen ondoan jarri dituzte 20-30 ardi Zinkunegik eta ardi jartzaileek. Atzeko hankatik heldu dio Unai Iztuetak ardietako bati, eta Joseba Ugalde moztaileari eman dio; gauza bera egin dute beste bi ardi jartzaileek ere.

Etekina zena, buruhaustea

Batera ekin diote lanari hiru moztaileek. Lepo inguruko ileak moztu dizkiete lehenik ardiei, eta sabelekoak gero. Besoetatik eta iztarretatik goraka, bizkar aldera heldu dira makinak. Bi minutu igarotzerako abiatu da lehenengo ardia erdi korrika, erdi saltoka, Arrindaren hanka artetik, berokia erantzita. «Neu azkarrena!», esan du moztaileak, umoretsu, lehenengoa izan dela ikusita. Barre hotsak zabaldu dira inguruan.

Lastozko azpien gainean geratu da artilea. Alde bat iluna du; bestea, berriz, zuri-zuria. Hari heldu dio Xabier Ibargurenek, eta traktorean zintzilikatutako zaku handian sartu du. Gauza bera egin du haren anaiak ere. Ardiak arintzen ari diren heinean, zakua gero eta beteagoa dago. Hara igo eta oinekin zapaldu du Ibargurenek artilea, tokia egiteko.

Koloreak ugaritzen hasi dira Aitzarteko arditegian; bizkar zuriak azaldu zaizkie ardi moztu berriei, eta beltzen bat ere bada tartean. Agerian geratu zaizkie kopetako mototsak. Makinaren hortzen arrastoak dituzte sabeletan, eta odol arrasto txikiren bat ere bai, tartean-tartean. «Hamar-hamabost egunean berdinduko zaie ilea», esan du Zinkunegik. Duela 27 urte hasi ziren Aitzartekoak moztaileekin; eurak jarduten ziren lehen mozten, guraizeekin: «Geu aritzen ginen lehen; egunean 40 inguru mozten genituen. Orain, egun batean amaitzen ditugu lanak».

Moztaileek ere erantzi dituzte berokiak, ardiek nola. Lehenengo izerdi tantak abiatu zaizkie bekokietatik behera. Egun sargoria da, eta epel egiten du ukuiluan; giro egokia da ardiak mozteko. «Hotz egiten badu, zailagoa da, izerdi pixka batekin errazago mozten da. Ardia gizena badago, hobeto, eta umea egin eta bi hilabete pasatuta izan behar da gutxienez», adierazi du Etxebarriak.

Aroa aldeko, jezteko ardien saila pasatuxea dute gosalordua iritsi denerako. Baserrira joan dira guztiak, eta sukaldeko mahaiaren inguruan eseri dira. Prest daude solomoa, arrautzak, txorizoa, hirugiharra eta beste. Ardiak mozteari tartetxo batez utziagatik, hari buruz solasean aritu dira mahaian ere. «Nabaritzen dugu artzaintzatik bizi den jendea murrizten ari dela; eta etxe bueltak garbitzeko ardiak dituen jendea ugaritzen», adierazi du Arrindak. Horrelakoetan banaka ibiltzen direla azaldu du, artalde txikiagoak baitira.

Aitzarteko artaldea amaitzeko dute oraindik, ordea, eta gehiegi luzatu gabe altxatu dira mahaitik. Indarberrituta ekin diote bigarren txandari, eta ohartzerako bukatu dituzte jezteko ardiak. Baserri ondoko larrera atera dituzte Barandiaranek eta Zinkunegik. Bizkor doaz ardiak, artzainei aurre hartu nahian. Makilekin eta zakurrarekin eutsi diete haiek. «Ea giro ona egiten duen; bestela, igarriko dugu esnean», esan du Barandiaranek —Idiazabal sor-markako gazta egiten dute—. Esnea ez ezik, artilea bera ere kezka iturri da egun, Zinkunegik esan duenez: «Garai batean, artilea salduta neguko gastuak pagatzen zituzten; orain, nahikoa lan izaten dugu gainetik kentzeko ere».

Mendiko larreetara begira

Jeztekoak atera ostean, antzuak ukuilura eraman dituzte artzainek. Aurrerako utzitako arkumeen amak mozten hasiak dira besteak. Makina hotsa eta arkumeen orroa da nagusi, haiek ere ohartu baitira amak falta zaizkiela. Amak lehenik eta kumeak ondotik, arkumeen txanda iritsi da. Ile kizkurra dute, baita gorputz txikiagoak ere. Baina ardiak bezain azkar mozten dituzte. Ile bolatxo bana utzi diete isatsaren puntan. «Hasieran, hobe da zenbat eta ardi handiagoa, gutxiago makurtu behar baita. Baina teknika ondo menperatzen duzunean, hobe da txikiagoa», azaldu du Ugaldek.

Ardi latx muturgorriak dira Aitzartekoak. Horiek dituzte gustukoen moztaileek, «ohituta» daudelako nagusiki. Haatik, beste hainbat arrazatakoak ere moztu izan dituzte Ugaldek, Arrindak eta Etxebarriak; munduko hainbat txokotan ibiliak dira; besteak beste, Zeelanda Berrian. «Moztaileen habia da; hangoa da teknika. Hara joatea unibertsitatera joatea bezalakoa da, beste tokietan baino askoz gehiago ikasten duzu», nabarmendu du Etxebarriak. Nolanahi ere, ez da erraza ardi mozketatik bizitzea, Arrindaren arabera: «Moztaile lanetan urte guztian aritu zaitezke, baina bertatik bizitzeko asko mugitu behar da munduan barrena».

Errezilgo baserrian ere ibiliak dira lehendik; hirugarren aldiz aritu dira aurten hirurak batera. Hain zuzen, moztaile lanetan egindako harremanek betetzen dituzte gehien. «Ondo zaintzen gaituzte». Urteak daramatzate langintza horretan, eta bakoitzak bere bezeroak ditu. «Badakigu dataren arabera nork deituko digun». San Josef egunaren inguruan izaten da Aitzartekoen kasuan.

Ordu biak alderako moztu dute artalde osoa. Artilez betetako zakuak ukuiluaren bazter batean jarri dituzte. Erremintak jaso dituzte moztaileek. Ordea, lana ez dela hor amaituko gogoratu du Ugaldek: «Gure lana ez da hemen bukatzen. Etxera iritsi, arropak garbitu, makinak garbitu, zorroztu... ». Artzainen bizimodua ere ondo lotua da, baina atsedena hartzeko ordua heldu da gaurkoz: sukaldean amaitu dute ukuiluan hasitako ardi moztea, bazkariaren bueltan.

Urduri ekin diote egunari artzainek, baina poza esan nahi du haientzat ardi mozteak. «Ilusioa eragiten digu; negua amaitu dela esan nahi du guretzat, eta laster mendira goazela», aitortu du Barandiaranek. Maiatzaren 1ean irekiko dira Aralarko larreak, eta egun hori dute jomugan orain. Ardiak moztean hasi da atzerako kontua artzain eta ardientzat. Aziendek erantzi dituzte neguan ukuiluan ilundutako berokiak. Heldu da udaberria ernatzeko eta larreak berdez janzteko garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.