Albistea entzun

Munduaren amaierako izotzetarako bidaia

Darwin mendikatean, Suaren Lurraldean, hilabetez aritu da 'Into the Ice' (Izotzerantz) euskal espedizioa. Lehenengoa izan da Amerikako hego muturrean dagoen izotz eremuan ikerketa zientifiko zabala egiten. Gainera, aurrez inork zapaldu gabeko bi gailurretara igotzea lortu dute, baita beste mendi batean bide berri bat zabaltzea ere.

<em>Kotik</em> ontzia, Pia fiordora gerturatzen.
Kotik ontzia, Pia fiordora gerturatzen. ANDREW OPILA Tamaina handiagoan ikusi

Jon Artano Izeta -

2022ko apirilak 28 - Puerto Williams, Txile

Umea nintzela, igaraba ehizan ibili ginen behin, Yendagaia inguruan. Han badira izoztegiak; eta bada itsasora jausten den bat, Aniowaea-taun izenekoa. Horren aurretik txalupan pasatzeko aurpegia beltzez margotzen ziguten, aurpegia belztu gabe ez baitago izoztegiari begiratzerik. Aurpegia margotua nuenez begiratu niezaiokeela esaten zidaten, baina nik ez nion begiratu nahi izaten: izua eragiten zidan». Joandako mundu baten lekukotza da. Cristina Calderonek jagan hizkuntza eta kultura baino ez zituen ezagutu 9 urte izan arte. Bera zen azken jagan hiztuna. Iragan otsailaren 16an hil zen. 93 urte zituen.

Ikusi espedizioaren argazki galeria.

Azken hamarkadetan izena eta izana mudatu zaie Amerikako hego muturreko glaziarrei. Inork ez darabil, oso aspaldian, Aniowaea-taun; Italia izenez ageri da mapetan glaziar hori. Itsasora iristen da oraindik, ikusgarria da oraindik, baina uzkurtu egin da. 1945ean AEBetako armadak hegazkinetatik egindako argazkiak gaur egungo orto irudiekin alderatuta, nabarmena da atzerakada. Calderon haurra zelarik, glaziarraren aurrealdea Beagle kanalean barneratzen zen; kanal ertzetik gibelera erretiratu da ordutik, eta kilometro bateko badia bat sortu da. Atzerakada handia, baina inguruko glaziarren batez bestekoa baino txikiagoa, halere.

Glaziar horrexen goi ordokian, 1.400 metroko garaieran, egin ditu lanak Into The Ice espedizioak. «Bi metro pasatxoko elur zuloa egin genuen han, laginak hartzeko. Gauerako 1,80 metroko hormak eraiki behar izan genituen kanpalekuaren jiran, elur blokeak erabiliz, haizetik babesteko», azaldu du Eñaut Izagirre glaziologoak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1990). «Bisutsa eta laino itxia izan genituen, baldintza gogor samarrak. Pozik jaitsi ginen egin beharrekoak eginda».

Ontzi txuri polit bat

Hemezortzi metro luze eta ia berrogei tonako belaontzi bat, Kotik izenekoa, baliatu du espedizioak Darwin mendilerroan barneratzen diren fiordotan nabigatzeko. «Logistikoki, ontzia izan da kanpaleku nagusia guretzat. Menditik iritsi, ganoraz jan, atseden hartu, eta biharamunean berriz abiatzeko prest egotea egundokoa izan da», azpimarratu du Izagirrek. Elgoibartarrak zehaztu duenez, «zientzia esplorazioa» egin dute, «oraindik gutxi ezagutzen diren lekuetan aritu garelako lanean, laginak biltzen, eta ez genuelako ohiko zientzia jarduna egin ahal izateko baliabiderik». Izagirrek badaki zerbait espedizio aberatsagoez, Erresuma Batuko Institutu Antartikoarentzat zazpi astez aritu zen, landa laguntzaile, 2015ean, Hermite uhartean (Hornos lurmuturraren mendebaldean).

Egindakoarekin aseta da, nolanahi ere, Izagirre: «Lehen espedizio zientifikoa izan gara izotz eremuaren barnera sartu, izotzetan garaiera handira igo, eta laginak hartu dituena hainbat gunetan. Eta ez da lantegi erraza izan». Darwin mendigunean inguru basatia da erabat, eta, noski, ez dago biderik. Espediziokideek beltz egin dute lan dute goietara iristeko. «Behaketa irteera dezente egin behar izan ditugu, ontzitik ikusitako sarrera guneak balekoak ote ziren probatzeko». Mendiguneko behealdea izugarri hezea da, zohikaztegiak, kastore gainpopulazioak eragindako zingirak eta goroldioak estalitako basatza dira gehienean. Bada oztopo gaiztoagorik, ordea. «Baso izugarri trinkoetan orduak eman ditugu, katiuskak jantzita eta matxetea eskuan, adar eta sasitzan aurrera egin ezinda ia». Galtzak bete lan izan dute, eta galtzak urratuta amaitu dute.

Hego Amerikako hirugarren izotz eremu handiena da Darwin mendikatekoa, eta sistema glaziar horren egoera aztertzen ari da Eñaut Izagirre bere doktore tesian. 2018ko apirilean mendigunean jarritako hainbat gailu berreskuratzea zuten zereginetako bat. «Zazpi termometro, estazio meteorologiko bat, bi argazki kamera eta beste bi sentsore jarrita geneuzkan Roncagli glaziarraren behe eremuan». Kameratako batek erakutsitakoa esanguratsua da. «Jarri nuenean, enkoadraketaren ezkerraldean zegoen Roncagli glaziarraren aurrealdea; orain, beste ertzean dago, ia kilometro bat atzerago, eta azken urtebetean laurehun metro galdu ditu. Kamerak egunero argazki bat egin duenez, izotzaren uzkurtzea dokumentatu dugu, irudi segida batean».

Sateliteak eta guanakoak

Bost gunetan hartu dituzte elur laginak. Italia, Roncagli eta Holanda glaziarretako pilaketa eremuetan elur zuloak egin dituzte. «Hobi sakonak egin, eta, hogei zentimetrotik behin, laginak hartu genituen metalezko ziri batez. Horri esker jakingo dugu, batetik, prezipitazioak nondik heltzen diren, eta, bestetik, giza jarduerek eragindako kutsadura arrastorik iritsi ote den hura bezain eremu bakartu batetara».

Droneak erabili dituzte bai mapa zientifikoak osatzeko, bai mendian aurrera nola egin goitik ikusteko ere. Satelite irudiak ere funtsezkoak izan dira, Ibai Rico glaziologoak arrazoitu duenez (Gasteiz, 1980): «Irudi horiei esker geografia sakon aztertu eta GPS gailuetan erreferentziazko bideak diseinatu ditugu, arrakala gunerik arriskutsuenak saihestuz. Eta giltzarri izan da. 2016ko espedizioan teknika horri esker egin genion ihes Cloue izotz zelaia zeharkatzean lehertu zitzaigun ekaitz beldurgarri bati».

Dena ez da teknologia, ordea: ingurua irakurtzen ere jakin behar da. «Italia glaziarreko goi lautadara igotzean tarte deseroso bat izan genuen harkaitzezko amildegi baten gerizpean; beherakoan, berriz, guanakoek ibilitako bide bat ikusi eta hura jarraituz saihestu genuen pasabide narras hori», nabarmendu du Izagirrek.

Roncagli, azken erraldoia

Inork zapaldu gabeko azken gailur handia zen Roncagli mendikoa. Eta huraxe zen espedizioaren «helburu alpinistiko nagusia», Ricoren hitzetan. 1971tik lau espediziok egin dituzte saiakerak. Talde horien testigantzak leitu, eta azkeneko bi ahaleginak egin zituen Simon Yates mendizale entzutetsuari idatzi zion Ricok. «Goi mailako alpinista da Yates, baina ezin izan zuen. Lehen ekinaldian galdu egin ziren. Bigarrengoan guk begiz jotako alderditik ahalegindu zen, eta, esan digunez, arrakala handi bat gainditu ezinda etsi zuen».

Roncagliren gailurrak izotzezko zela bat irudikatzen du, hegoaldetik begiratuz gero. Martxoaren 23an lortu zuten zelaren aurreko konkorrera igotzea Ricok berak eta Jon Inorizak (Gasteiz, 1999). «Goizean goizetik kilometro mordoxka bat eginda eta Yatesek-eta aurkitu zuten arrakalak sortutako inkognita horrekin gindoazen. Guk, ordea, ez genuen halako trabarik aurkitu, zorionez. Gailurrera iristea hunkigarria izan zen. Gure amaz gogoratu nintzen». Garaiera zehaztasun handiz kalkulatzeko gailu bat eraman zuten mendizaleek tontorrera, eta 2.251 metro neurtu zituzten; mapetan aldaketa eragingo dute, 2.226 metro baitzituen Roncaglik orain arte.

Izotz zelaian lehendabizikoz barneratu eta biharamunean lortu zuten helburu nagusia: Roncagliko gailurra. Eguraldi ona eta aurrez egindako lana baliatu zituzten, Izagirreren arabera: «Oso pozgarria izan zen, denok aritu ginelako goranzko bide bila, denok mugitu genituen kanpalekuak... bi lagunek igo zuten gailurra, baina espediziokide guztion lorpena izan da».

Sara mendira igotzen ere lehendabizikoak izan dira Rico eta Inoriza, 36 orduko ekinaldi azkar batean. «Hego-mendebaldeko ertzetik, arroka eta izotz eskalada mistoan, sei luze egin genituen, horietako pare bat nahiko konplikatuak. Baldintza eskoziarrak izan genituen, gainera: eguraldi petrala eta izotz geruza meheegia; gozatu egin genuen!», laburbildu du Inorizak. Frances mendiaren hego-ekialdeko ertzean bide berri bat zabaldu du bikoteak.

Andrew Opila argazkilari eta bideogilea aritu da (New York, AEB, 1991), nekagaitz, espedizioan gertatutakoa dokumentatzen. Grabatutakoarekin dokumentala muntatzen hasiko da aurki. Argi dauka zein den proiektuaren indargunea, eta zeinek izan behar duen helburua: «Gu egon garen leku batzuetan ez da aurrez inor izan. Behin baino gehiagotan pentsatzen nuen: 'Leku hau erretratatzen duen lehen pertsona naiz'. Estreinakoa izatea berez ez zait piperrik axola, ez da ego kontua. Baina leku honek merezi duen neurriko lana egin nahi dut, eta guk hemen sentitu dugunaren poxi bat sentiarazi filma ikusten dutenei». Ahal izatera, udazkenean aurkeztu nahi lukete ikus-entzunezkoa, Mendi Film zinemaldian.

Zientzia dibulgazioa eta kontzientziazioa uztartu nahi dituen film bat, beraz, munduko azken muturreko glaziarrekiko ulermenean sakontzeko. Urteen joanean galdutako begirunea berreskuratzeko, agian. Munduko azken muturrean bizi ziren jaganen pentsamoldeaz printzak utzi zuen Cristina Calderon hilberriak: «Esaten zuten izoztegia pertsonaren modukoa dela, eta errespetua zor zaiola. Horrela esaten zuten lehengo indio zaharrek, eta guk, esandakoa jarraitzen genuen. Horregatik, nik errespetua diot izoztegiari».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Musika ekoizleok artistak ere bagara»

Unai Etxenausia

Musika urbanoa ekoizten hasi zen Denso duela bost urte. Euskal Herrian indarra hartzen ari den generoa dela nabaritzen du. Horregatik, estudio profesional bat irekitzeko apustua egingo du.
Ezkerretik eskuinera, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal eskolako zuzendaria, Eñaut Agirre eta Zineb el-Ghaouti gurasoak, eta Karmele Perez Huheziko irakaslea. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eskola denentzat izan dadin

Ane Insausti Barandiaran

Eskolako funtzionamendua euskaraz izan dadin, baina, era berean, edukiak guraso guztiek uler ditzaten, proiektu bat abiarazi dute Zaldibiako eskolan. Guraso euskaldunak eta migratzaileak elkarrekin ari dira baliabideak sortzen. Orain arte egindako bidea aztertu dute, jardunaldi batzuetan.
 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

«Ipuinetako lizentziak hartu dituzte bertsolariek»

Urtzi Urkizu

Bertsolari Txapelketa Nagusiko ETBko emanaldietan analisiak egiten aritu da Martin, Ilaski Serrano esatariaren alboan. Hala arituko da hilaren 18ko finalean ere, Iruñean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.