Oinatz Bengoetxea.
Pilota. Lau t'erdiko finala. ANALISIA

Irujok ez badu tartea irekitzen, erne

2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Telebistaz ikusiko dut finala gaur, eta partida handia ikusteko itxaropena dut. Bi finalistak sasoi betean iritsi dira, gorako bidea eginez. Apustuek Irujo jotzen dute faborito, eta hein handi batean logikoa da, berak duen mailagatik. Lau t'erdian ez dela gustura ibiltzen esaten du, baina askok hartuko lukete hark pairatzen duen atsekabe hori. Izan ere, hainbesteko ahalmena du...

Faboritoa da Irujo, baina Ogetan edo Atanon jokatuko balitz, faboritoago ikusiko nuke. Bilboko pilotalekua pixka bat motelagoa da, gehiago heltzen dio pilotari, eta, nire ustez, horrek Urrutikoetxeari egiten dio mesede. Izan ere, partida luzatzen bada, Urrutiren aukerak handituz joango dira. Tantoak jokatu ahala, pilotak higatuz joango dira, eta defentsa jokaldietan hark aurkaria saihesteko duen abilezia are eraginkorragoa bilakatuko da.

Partida luzeetan ahal fisikoa garrantzitsua da, eta, nire ustez, Urrutikoetxeak pauso bat eman du aurrera. Tira, hor ere bai. Zaildu egin da, eta partida amaieretara indartsuago iristen da. Txapelketa honetan izan dituen partida gogorretan aurkariak baino hobeto bukatu du; nire aurka, esaterako. Beraz, Irujok hasieran ez badu tartea irekitzen... Erne.

Beste faktore bat presioa da. Irujok halako partida asko bizi izan ditu, baina Urruti ikusita, horrek ere beteranoa dirudi. Bera hotza da, eta erakusten duen lasaitasun hori egiazkoa da. Ziur nago lasai joango dela partidara, eta ondo kudeatuko duela presioa. Bukatzeko, txapelketari buruz mintzatuko naiz. Txapelketa polita iruditu zait, eta pilotari gazteen erakusleiho izan dela. Maila handia dago, eta beteranook gero eta gertuago ditugu. Guk ere erne egon beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.