KRITIKA. Musika

Tokia utziz

2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun

Ensemble Siciliano

Musikariak: Julia Siciliano (pianoa), Kyril Zlotnikov (biolontxeloa), Dmitri Makhtin (biolina), Luis Camara (klarinetea). Egitaraua: L. V. Beethovenen 4. Trioa op. 11, 3. Sonata biolin eta pianoarentzat op. 12 eta 3. Sonata biolontxelo eta pianoarentzat op. 69. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna:irailak 6.

Donostia Musika elkarteak berriro ekin dio martxoan bertan behera utzi behar izan zuen Beethoven zikloari, zeinak Ludwig van Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena ospatzeko haren piano sonaten, trioen eta piano eta harientzako sonaten integralak biltzen dituen. Espero dezagun etorkizunean mota honetako egitasmoek merezi duten arreta jasotzea.

Piano, biolontxelo eta klarinetearentzat idatzitako 4. Trioa-k ireki zuen emanaldia. Bonneko jeinuak Haydnen etaMozarten eragin klasikoa zuen ganbera-musikari eskaini zizkion garaian konposatua. Baina horiekin alderatuta, Beethovenek maila berberean jartzen ditu instrumentu guztiak, eta pianoa akonpainamendu edo oinarri soila izatetik partekatutako protagonismo garbia izatera pasatzen da. Julia Sicilianok ez zion protagonismo neurritsu horri uko egin, aldi berean Kyril Zlotnikoven biolontxeloari eta Luis Camararen klarineteari tokia utziz. Hirukotea oreka jostalarian aritu zen, azken mugimenduak aurkezten duen gaiaren 9 bariazioei ñabardura sotilak ateraz.

Film ezagun batek irudikatzen duen pertsonaia berekoi eta erreminduarekin zerikusi gutxi zuen Antonio Salieri musikari bihotz-zabalari eskaini zion Beethovenek bere 3. Sonata pianoa eta biolinarentzat (op. 12) 1798an. Motiboen trataera finean, Julia Siciliano eta Dmitri Makhtin sen onez aritu ziren, doi-doi eta bizi lehen mugimenduan, adierazkortasun trinkoaz bigarrenean. Ulergarria da azken horrek publikoan hainbat entzulek supituki isilarazi zituzten bat-bateko txaloak piztu izana.

Hamar urte geroago idatzi zuen Beethovenek 3. Sonata biolontxeloa eta pianoarentzat (op. 69). Partituraren zirriborroek erakusten dutenez, ia bukaerara arte ibili zen melodiaren banaketa moldatzen eta aldatzen, bi instrumentuen arteko oreka noiz topatuko. Zlotnikovek kolore sendo eta samurraz ekin zion Allegro ma non tanto mugimenduaren hasierako melodiari, eta Scherzo-aren erritmo sinkopatua argitsua agertu zuen Sicilianorekin batera. Gozatzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.