Europa da orain erronka

Bera Berak Eslovakiako Iuventa Michalovceren pistan jokatuko du gaur EHF kopako hirugarren kanporaketako joanekoa (17:15)

Julen Etxeberria.
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Iritsi zaio Bera Berari Europako lehiaketari heltzeko unea. Eta Donostiatik urrun egingo du estreinaldia, Eslovakian, hain zuzen. Montse Puchek entrenatutako taldeak Iuventa Michalovce izango du aurkari EHF kopako hirugarren kanporaketan. Gaur, joaneko partida jokatuko dute, Michalovcen (17:15), eta astebete barru itzulikoa, Donostian (12:00).

Faboritorik gabeko kanporaketa da, bi taldeek antzeko maila baitute. Bera Berarena aski ezaguna da. Iuventarena, berriz, ez horrenbeste, baina Eslovakiakoak talde ona du. Herrialdeko txapelduna da, eta sasoi honetan ere titulua lortzeko bidean da. Izan ere, hamar jokatu ditu, eta guztiak irabazi. EHF kopan ere jokatu du jada kanporaketa bai, eta lotsagarri utzi zuen Standard Luxenburgoko taldea: 95-25 irabazi zion. Talde oso gaztea da, eta joko bizia egin zalea. Euskal taldeek badakite haren aurka jokatzea zer den. 2004-2005ko sasoian, Itxakok aurkari izan zuen EHF kopako bigarren kanporaketan, eta eslovakiarrek kanporatu egin zuten Lizarrako taldea. Bera Berak ez du halakorik nahi. Horretarako, badaki bete-betean aritu beharko duela. Ikusteko dago epaileen lana ere, Europako lehiaketan etxekoen alde egin ohi dutelako sarri.

Anaitasunaren garaipena

Asobal ligan eta Espainiako Ohorezko Mailan partidak jokatu ziren atzo. Gehiago egon zen onetik txarretik baino. Helvetia Anaitasunak 24-31 irabazi zion Port Sagunti, Juanto Apezetxearen itzulerakoan. Prosetecnisa Zuazok ere irabazi egin zuen, Porriñoren aurka (23-25). Aiala Zarautzek, ordea, galdu egin zuen Clinicas Rincon Malagaren aurka (24-28).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.