Kutsadura murrizteko asmoz

Europako Batasunak plastikozko lastotxo, mahai tresna eta platerak eta kotoi txotxak debekatuko ditu 2021etik aurrera. Debekuarekin, itsasoko kutsadura murriztea da helburua. Talde ekologistek begi onez hartu dute albistea; halere, anbizio handiagoa eta neurri zorrotzagoak eskatu dituzte.

BERRIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Orain arte bezala zaborra itsasora botatzen jarraituz gero, 2050. urtean plastikoa gehiago egongo da itsasoan arrainak baino. Munduko Ekonomia Foroak emandako datua da, kezkagarria. Kopuru hori gutxitu asmoz, Europako Batasunak erabilera bakarreko plastikozko hainbat objekturen debekua ezarriko du 2021. urtetik aitzinera. Debekua ezartzeaz gain, bertzelako plastikoetan «murrizketa esanguratsua» ere ezarri du Europako Batasunak. Murrizketaren zenbateko zehatza ez dute zehaztu, eta estatu bakoitzaren esku egonen da zenbatekoa arautzea.

Europak erabateko debekua ezarriko dien objektuen artean daude erabilera bakarreko lastotxoak, plastikozko mahai tresnak eta platerak eta kotoi txotxak; baita poliestireno hedatuz sortutako ontziak ere. Erabilera bakarreko objektuak dira denak, baina behin erabilita degradatzeko 500 urte baino gehiago behar dituztenak. Debekua, beranduenez, 2021ean sartuko da indarrean. Beraz, Europako estatuek bi urteko epea izango dute Europako legearekin bat egiteko.

Debekuaz eta murrizketaz harago, ordea, bertzelako neurriak ere hartu ditu Europako Batasunak. Lehen aldiz, plastikozko produktu horien fabrikatzaileak natur guneetako garbiketak ordaintzera zigortuko ditu. 2025. urterako, plastikozko botilen %90 birziklatu behartuko dituzte, eta, 2030. urtean, ekoizten den plastikozko botila bakoitzean, %30 birziklatutako plastikoa izan beharko da.

Aurreko neurri horiez gain, plastikozko produktu batzuetan plastikoz eginda daudela adierazi beharko da, baita horrek ingurumenean dakartzan kalteak ere, eta nola birziklatu ere zehaztu beharko da. Neurri hori ezarriko zaie, bertzeak bertze, paper zati bustiei eta iragazkia duten zigarretei. Europako Batasunak hartu dituen neurriez gain, estatu bakoitzak plastikoarentzako neurri murriztaile gehiago hartzeko eskubidea ere izango du hemendik aitzinera.

Europako Batasunak kaleratutako datuen arabera, itsasoan dagoen zaborraren %80 inguru da plastikoa. Arazoa ez da Europakoa bakarrik, mundu osoko auzia ere bada. 1950. urtean hasi zen munduan plastikoaren gorakada. Urte hartan, 1,7 miloi tona plastiko ekoitzi ziren mundu guztian. Urtez urte kantitate hori handituz joan da. 2016. urtean, 66 urte geroago, 335 miloi tona ekoitzi ziren munduan. Europak debekatu asmo dituen produktuak dira egun hondartzetan aurkitzen diren hamar produktu ohikoenetakoak.

Ekoizten den plastiko kantitate handiaz gain, arazo nagusia da plastiko horietako anitz ailegatzen direla itsasora. Europako Batzordearen arabera, plastikoen %30 bakarrik birziklatzen dira, eta birziklatzen ez diren plastikoen ehuneko handi batek bukatzen dute ozeanoan. Horren ondorio dira azken urteetan sortu diren plastiko irlak. Ozeano Barean dagoen plastikozko irla handia da, beharbada, ezagunena, baina ez bakarra.

Ozeano Bareaz harago, bertze itsaso guztietan daude horrelako plastiko multzo erraldoiak. Plastikoak, kutsakorrak izateaz gain, hagitz arriskutsuak dira itsasoko faunarentzat, plastiko horiek jatean kalte larriak eragiten dizkietelako osasunean. Euskal Herrian, urriko hirugarren astean ezagun egin ziren Oier Bartolome surflariak Zumaia eta Deba arteko flyschean grabatutako irudiak. Babestutako biotopoa plastikoz beteta ageri zen irudietan.

Aspalditik zetorren kezka

Maiatzean zabaldu zen Europak plastikoaren inbasioaren aurka neurriak hartuko zituela. Neurri horiek, ordea, ez dira onartu 2018ko abenduaren 18ra arte. Ez da plastikoaren aurka hartu den lehen erabakia, eta ez da, ziur aski, azkena izango, baina garrantzitsua da, orain artean ez bezala Europako Batasun osoari eragingo baitio. Plastikoa arautzeko orain arte hartu diren erabakiak estatu bakoitzak hartu ditu bere aldetik; neurri berriak, ordea, Europako Batasun guztian izango du eragina.

Lege berriak ez du ezustean hartu Zubelzu enpresako kudeatzaile Jon Calvo. Plastikozko produktuak banatzeaz arduratzen da Zubelzu, Iruran (Gipuzkoa) dagoen enpresan. Calvok espero zuen erabakia izan da Europak hartutakoa: «Espero genuen neurria izan da. Denbora asko daramagu entzuten horrelako legeren bat sartuko zela». Calvok, hala ere, uste du plastikozko produktu horiek debekatu ondoren bertze material batzuetako produktuak sortuko direla, paperezkoak edo zuntz begetalezkoak erraterako, eta denborarekin egokituz joan beharko dutela.

Greenpeace gobernuz kanpoko erakundeak ere espero zuen erabakia. Lege berria aitzinera atera dadin presioa egiten aritu den elkarteetako bat izan da Greenpeace. Alba Garcia Greenpeaceko plastikoen kanpainako arduradunak pozarren jaso du Europak ezarritako debekua: «Pauso hagitz garrantzitsua iruditzen zaigu, lehen aldia delako plastikoa debekatzeko eta murrizteko neurriak hartzen direla modu hain zabalean». Debekuarekin pozarren dauden arren, Garciak uste du beharrezkoa dela pauso bat aitzinera egin eta anbizio handiagoa izatea.

Legeak ezarritako debekuak estatu guztietan modu berean eragingo duen arren, lege berrian ez dute murrizketarako kantitate zehatzik erabaki. Murrizketaren zenbatekoa, beraz, estatu bakoitzaren anbizioaren araberakoa izango da. Garciaren arabera, estatu bakoitzak «murrizketa esanguratsua» iruditzen zaion kantitatea zehaztuko du, eta, beraz, baliteke Europako estatu batetik bertzera aldaketa nabarmenak izatea. Horregatik eskatu du anbizio handiagoa Greenpeaceko kideak.

Bi urteko epean sartuko da legea indarrean. Debekatutako produktuak sortzen dituzten enpresek, beraz, bi urteko epea izango dute ekoizpena moldatzeko. Calvok kontatu duenez, ekoizleentzat kolpe gogorra izan da lege berria. Albistea zabaldu denetik, enpresa sortzaile asko azkar mugitzen ari direla ikusi du Calvok; produktuak egiteko bertze material batzuk bilatzen ari direla kontatu du. Produktuak egiteko lehengaia aldatzeaz gain, kasu askotan makinak ere aldatubeharko dituzte enpresek.

Orain arte plastikozko produktu izan direnak bertze material batzuekin egindako produktuak izango dira 2021ean. Zubelzu enpresako kudeatzailearen arabera, bizimodua aldatu da, eta horren ondorioa da plastikozko produktu gehiago kontsumitzea. Kafearen adibidea jarri du. Orain dela urte batzuk kafea tabernan edaten zela kontatu du; orain, ordea, jende askok kafea eramateko ohitura du: «Horrelako gauzek sortu dute behar hori».

«Produktua aldatzea baino garrantzitsuagoa da ditugun ohiturak aldatzea, eta hori ez da hain erraza». Gakoa kontsumo arduratsuan dago, Calvoren ustez: «Jendeari nola kontsumitu erakutsi behar zaio, onartu behar dugu plastikozko ontzi gehiegi erabiltzen ari garela, eta gure kontsumitzeko modu hori ahal den heinean zuzendu behar dugu».

Kontsumitzeko moduak zuzentzeaz mintzo da Calvo; hala ere, argi du anitzetan hori ez dagoela kontsumitzaileen esku, produktu anitz plastikoz beteta iristen direlako kontsumitzaileengana. Iritzi berekoa da Garcia. Uste du herritarrek produktu plastikodunak erosten dituztela, anitzetan bertze aukerarik egoten ez delako. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio ekoizleengan ere fokua ezartzea.

Garrantzitsuena, finean, urtero itsasora iristen den plastiko kopurua gutxitzea da, Garciaren arabera; eta, horretarako, produkziora jotzea ezinbestzekoa iruditzen zaio. Greenpeaceko kidearen arabera, askoz errazagoa da urtero itsasora botatzen diren produktuak gutxitzea, itsasoan dauden plastikoak biltzea baino. Bilketa, anitzetan, hagitz zaila izaten da, denborarekin plastiko horiek hautsiz joaten direlako: «Itsasoa oso zabala da, eta bertan dauden plastikoak hautsiz joaten dira, mikroplastiko bihurtuz. Oso zaila da gero horiek itsasotik ateratzea», kontatu du Garciak.Negua jarri du adibidetzat: nabarmendu du hondartzetan garbiketa sistemarik ez dagoenez inguruak plastikoz beteta daudela. Udan, aldiz, hondartza gehienetan garbiketa zerbitzuak ibiltzen dira zaborra kentzen, eta zailagoa da itsasoko benetako egoeraz jabetzea.

Plastikoaren debekuaz gain, bertzelako neurriak ere ezarriko ditu lege berriak; tartean, enpresa sortzaileak naturari eragindako kalteak ordaintzera zigortuko ditu. Neurri hori ere eszeptiko hartu dute Greenpeacen. Hasieratik zigor horiek aplikatzeko eskatzen aritu badira ere, Europak ezarritako neurriak bigunegiak dira, Greenpeaceren arabera: «Azkenean, enpresek tasa bidez kalteak bakarrik ordaindu beharko dituzte, ez dute bertzelako erantzukizunik izango». Garciak azpimarratu du enpresek konpromiso gehiago hartu beharko lituzketela.

Europako Parlamentuak urteko lehen hiruhilekoan berretsiko du erabakia, eta, ondotik, 2021 hasieran hasiko dira aplikatzen legea. Erabilera bakarreko plastikozko produktuak desagertuko diren arren, zalantzarik ez da bertzelako produktuekin sortutako materialak iritsiko direla merkatura. Gizartearen zati handi batek bide luzea du egiteko plastikorik gabe bizitzen ikasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.