Fisikoa den nostalgia

Biniloak egiteko fabrika bat ireki berri dute Urdulizen, halako ezaugarriak dituen bigarrena Europan: azken puntako teknologia duen prentsa bat erabiliz, urtean milioi erdi binilo egiteko modua izango du. Azken urteetan biniloek merkatuan izandako gorakadak musikazale erromantikoen ilusioa piztu du.
Biniloak ekoizteko Euskal Herriko lehen fabrika Urdulizen ireki dute, hilabete honetan.
Biniloak ekoizteko Euskal Herriko lehen fabrika Urdulizen ireki dute, hilabete honetan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko otsailak 26
Streaming-a eta musika entzuteko Interneteko plataformak dira XXI. mendea hasi zenetik musikan izan den joera aldaketaren eragile nagusiak. Besteak beste, azken urteotan, CDen salmentak etengabe beherantz egitea eragin dute. Txanponaren beste aldean, baina, badira zarata handirik atera gabe pixkanaka berriz bere lekua hartzen ari diren aspaldiko musika entzungailu ezagun batzuk: biniloak. 1980ko hamarkada aurreko urteetan bizitako une goxoen ostean, musikaren merkatutik ia galduta zeuden askorentzat; zenbaitentzat, baina, inoiz ez dira desagertu. Digitala nagusi den garai honetan, fisikoak zale asko ditu, oraindik ere.

Azken hamabi urteetan, biniloen salmentak izandako gorakadarekin zerbait egin behar zela iritzita, biniloak egiteko fabrika bat sortzea erabaki zuten, duela bi urte inguru, giro horretan ibiltzen ziren zenbait pertsonak. Hala sortu zen Press Play Vinyl, biniloak egiteko teknologiarik berriena erabiltzen duen fabrika. Euskal Herrian dagoen halako lehen fabrika. Tecasa enpresaren proiektu bat da, hain zuzen. Biniloak ekoizteko ohiko denbora erdira murrizteaz gain, Euskal Herriko eta kanpoko taldeei arreta pertsonalizatu eta hurbila ematea da proiektuaren helburu nagusia.


'Gaileten labea' deiturikoan etiketak lehortzen dituzte, hezetasuna kentzeko / Press Play Vinyk

Urdulizen (Bizkaia) dago binilo diskoak ekoizteko fabrika berria. Joan den otsailaren 14an ireki zuten ofizialki, eta inaugurazio jai bat egin zuten horretarako. Musikarekiko zaletasunak lotzen dituztenen elkargune bihurtu zen festa. Halaber, fabrika ezagutzeko egindako bisita gidatuez gain, hainbat musika talderen kontzertuak entzuteko aukera egon zen.

Binilo baten ekoizpenak hainbat fase igaro behar ditu merkatura irten aurretik. Press Play Vinyl bezeroen diskoak egiteko prozesu guztiaz arduratzen bada ere, Urdulizko fabrikaren berezitasuna teknologiarik berriena darabilen prentsa bat da. Zehazki, PVC materiala erabiltzen dute masterra —erdiko aluminiozko diskoa— inguratzen duen eremu beltza egiteko.

Gonzalo de la Maza proiektuaren marketinaz arduratzen den kideak azaldu duenez, egun euskal talde gehienek Europara —batik bat, Txekiar Errepublikara— jotzen dute biniloak fabrikatzera; De la Mazak dioenez, baina, hango fabrikek ez dituzte talde txikiak aintzat hartzen: «Press Play Vinyl aukeratzen duenak, berriz, binilo gutxiko eskaera egiten badu ere, denbora gutxian izango du eskatutakoa», azpimarratu du.

Zenbaki handien ekoizpena

Proiektua aurkeztu aurretik, ikerketa sakona egin zuten Tecasa enpresakoek, benetan errentagarria zen ziurtatzeko. Horretarako, diskoetxeekin eta sektoreko beste agente batzuekin bildu ziren. Asko pentsatu gabe, baina —zenbakirik eman nahi ez duten arren— inbertsio handi batean murgiltzea erabaki zuten. Horren erakusle da biniloak egiteko eskuratu duten puntako teknologia duen prentsa. «Minutuko bi binilo eta erdi egiteko gaitasuna du; hori horrela, egunean 3.000 disko eta urte bakarrean milioi erdi ere egin ditzakete», azaldu du De la Mazak. Hori, prentsa eguneko 24 orduetan lanean egonez gero. Bostehun mila horietara iritsi baino lehen, beste prentsa bat erosteko aukera planteatu dute. «Prest gaude negozioa handitzeko; egindako inbertsioa helburu horrekin egin dugu».

Biniloa entzutea erritual bat da, De la Mazaren arabera. «Lasai eseri, diskoa jarri, eta aditasuna eskatzen du». Zeremonia baten moduan deskribatu du Jabi Manterola Lisabo taldeko kideak. Biekin bat dator horretan Anjel Valdes Elkar diskoetxeko ekoizlea.


PCV materiala erabiltzen da biniloa prestatzeko. Press Play Vinyl

Elkarrek, joan den urtean, hainbat klasiko berrargitaratu zituen biniloan. «Nostalgian eta memorian eragiten duten objektu kultuak dira biniloak». Valdesek, baina nabarmendu du euskarria bainoago euskarriaren aurretik dagoen pausoa dela garrantzitsuagoa: grabaketa. Hots, musikaren kalitatea. «Estudio batean grabatzerakoan, saiatu behar da ahalik eta grabaziorik onena egiten, euskarria dena dela», azaldu du. Are gehiago, aurrerantzean zein euskarri ezarriko den etorkizunak argituko duela iruditzen zaio. Grabaketa on batekin, baina, iraunkortasun handiagoko aukera dagoela gaineratu du: «Hori da talde garrantzitsu guztien lehentasuna».

Gernika-Lumoko (Bizkaia) Audience taldeko Gaizka Insunza ere iritzi berekoa da. Haren esanetan, lehen musikari buruz hitz egiten zenean, taldeez hitz egiten zen, estiloez eta edukiez. «Egun, aldiz, musikaren inguruko elkarrizketa asko euskarrietan oinarritzen dira», nabarmendu du. Musikaren diskurtsoak kontrako joera izan duela uste du Insunzak: edukietatik euskarrietara igaro da.

2009. urtean argitaratu zuen bere lehen biniloa Audience taldeak. «Biniloan fabrikatzeko erabakia ez zen hartu merkatutik zetozen ezaugarrien ondorioz; ideia erromantiko bat da». Ideia erromantiko horretatik abiatuta, eta merkatuen joerari begiratu gabe, biniloak dimentsio eta balio berezi bat du Bizkaiko taldearentzat. Halaber, nostalgia puntu bat ere ikusten diote biniloari: «Gaur egun musikak gizartean betetzen duen funtzioari kritika txiki bat ere egiten diote biniloek». Insunzak ideia erromantikoarekin lotu du Press Play Vinyl Urdulizko proiektu berriaren sorrera ere: «Erromantikoak behar dute izan nahitaez», esan du. Ikuspuntu horretatik, ideia eduki zutenak zoriontzeko modukoa dela gaineratu du.

Iraunkortasunaren menpe

Duela urte batzuk, musika komertzialitzatzeko eta jende gehiagorengana iristeko modua izan ziren biniloak. Geroago iritsi ziren kaseteak eta CDak.


Indarra hartzen ari da biniloa musikaren merkatuan azken urteotan. Monika del Valle / Foku

Irungo (Gipuzkoa) Lisabo taldea salbuespenetako bat da, hasi zirenetik sekula ez baitiote utzi biniloan argitaratzeari. Jabi Manterola taldekideak azaldu duenez, balorazio ona egiten dute hartutako erabakiaz: «Disko gehienak deskatalogatuta egon dira, eta ia guztiak berrargitaratu ditugu». Badute anekdota bat ere: joan den abenduko Durangoko Liburu eta Disko Azokan amaitu egin zitzaien biniloen tirada. Binilo salmenten gorakadak produkzio geldoagoa ekarriko duela ohartarazi du Manterolak. Halaber, modak prezioen gorakada ere ekarriko duela antzematen du.

Arrisku bati ere aurre egin beharko dio, hala ere: edonork ez du disko biragailu bat. Horren harira, Audience eta Lisabo musika taldeek ez dute arriskurik ikusten: «Dagoeneko, gure entzuleak mugatuta daude», esan du Manterolak.

Merkatuan hasi berri den enpresa txikia da Press Play Vinyl, eta oraindik bezero kopuru txikiak darabiltzate esku artean. Ahalik eta diskoetxe gehienetara eta autoekoizleengana iritsi nahi dute, ordea, hurrengo hilabeteetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna