Noiz sortua: 2016-12-15 00:30:00

Udaletako gizarte zerbitzuak. Langileen hausnarketa. Gotzon Villaño. Gizarte langilea

«Askotan, ezin ditzakegu eskaerak ase»

EAEko Gizarte Zerbitzuen legea garatzeko behar izan duten denbora kritikatu du Villañok. Zailtasun horien atzean administrazioen lidergo falta atzeman du.
-- / EZEZAGUNA Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Alberdi -

2016ko abenduak 15

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak araudi «aurreratua» dute gizarte zerbitzuen alorrean. Hala uste du Gotzon Villañok (Gasteiz, 1959), Arabako Gizarte Langileen Elkargoko zuzendariak. 2008an onartutako Gizarte Zerbitzuen Legea nabarmendu du. Bertan, zerbitzuak eskubide subjektibo gisa jo zituzten. Hots, baldintzak betetzen dituzten herritarrek epaitegietan eskatu ahal izatea.

Azken urteetan gizarte langileen egoera aldatu dela azaldu du arartekoak. Nola bizi izan duzue aldaketa?

Garai gogorrak bizi izan ditugu. Izan ere, herritarren beharrei erantzuteko gaitasuna gutxitu egin da. Hau da, eskaera igo da, baina eskaintza ez da hazi.

Zergatik gertatu da hori?

2011. urtera arte indartu ziren gizarte zerbitzuak, gutxi gorabehera. Garai horretan krisia iritsi zen, eta, ondorioz, bilakaera hori gelditu egin zen. Ez da gehiago inbertitu; mantendu egin dute gastua. Horregatik gertatu da.

Nola bizi dute gizarte langileek egunerokotasuna?

Askotan ezin ditzakegu eskaerak ase, baliabide gutxi dauzkagulako. Jendeak hainbat behar edo eskaera izaten ditu —adibidez, zahar etxe baten beharra—, baina baliabideak urriak dira. Guk tramitea egingo diogula ziurtatzen diogu, beharrezko lan guztia egingo dugula. Hala ere, azkenean ez du baliabidea lortzen itxaron zerrenda luzea daukalako.

Egoera hobetzeko hainbat proposamen egin ditu txostenak. Zuen beharrak asetzen dituzte?

Bai. Ikerketa hori egiteko osatu duten adituen taldeko kide gara. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako gizarte langileen elkargoek parte hartu dugu. Gure iritziak kontuan hartu dituztela uste dugu, baita gure eskaerak txostenean sartu dituztela ere.

Udal eta aldundien arteko koordinazioa hobetzea da proposatutako neurri bat. Zertan lagunduko luke?

Zerbitzu sozialetan udalek eskumen batzuk dituzte, eta aldundiek, beste batzuk. Demagun pertsona batek oinarrizko zerbitzu sozialetara jo duela, baina haren beharra asetzea aldundien eskumena dela. Kasu horretan, pertsona hori aldundira bideratuko dute. Horretarako behar da koordinazioa. Aktore gehiago sartuko bagenitu, korapilatu egingo litzateke.

Zeintzuk izango lirateke aipatutako aktore horiek?

Osasun zerbitzuak izan daitezke, besteak beste. Kasu bat hartuko dut adibide: bakarrik bizi den pertsona heldu batek aldaka hautsi du. Osasun zerbitzuek hartu dute beren gain. Aldakan ebakuntza egin diote. Etxera itzultzeko ordua da, baina ezin da bakarrik itzuli etxera: ezin da bere kabuz baliatu. Osasun zerbitzuek diote ez dela beren arazoa, eta hala da. Sistemak dio gizarte zerbitzuen arazoa dela. Gizarte langileak hainbat paper beharko ditu haren egoera tramitatzeko. Hori guztia, koordinazio faltagatik, luzatu egingo da.

Herrien arteko harremana sortzea da beste neurri bat, herriez gaindiko zerbitzuak eskaintzeko. Zer aldatuko luke neurriak?

Zerbitzuen mapa bat osatuta dago. Zehazten du zeintzuk diren herrialdeko zerbitzuak, zeintzuk herrienak eta zeintzuk eskualdeenak; baita eskaini beharreko baliabideak zeintzuk diren ere. Nola garatuko den ikusi nahi dugu. Egun, Gasteizen bizi den pertsona batek baliabide gehiago dauzka Laudion bizi den batek baino. Esaterako, buru gaixotasun duen Laudioko pertsona batek Gasteizera joan beharko du eguneko egoitza bat izateko.

Hirugarren proposamen bat da gizarte zerbitzuetako legeak garatzea. Zertan lagunduko luke zuen egoera hobetzen?

Gizarte zerbitzuen euskal legea 2008an egin zen. Lege nahiko aurrerakoia da. Eredu hartu dute beste autonomia erkidego batzuek. Baina oraindik garatzeko puntu asko falta zaizkio; ezgaitasuna duten pertsonen egoitzek nolako baldintzak bete behar dituzten, esaterako.

Gizarte zerbitzuak garatuko dituen lider falta ere nabarmendu du arartekoaren txostenak. Igartzen duzue hutsunea?

Hiru instituziok osatzen dute gizarte zerbitzuen sistema: udalek, aldundiek eta Jaurlaritzak. Bakoitzak bere eskumenak dauzka. Instituzioen arteko adostasuna behar da edozer onartzeko. 2008an onartu zen legea; hurrengo pausoa, ordea, 2015ean eman da. Zazpi urte behar izan dituzte adostasuna lortzeko. Inork ez dauka lidergorik.

Instituzioaren batek hartu dezake lidergoa?

Egungo egitura politikoan, ez. Lurralde Historikoen Legea aldatu beharko litzateke horretarako.

Norbaitek lidergoa hartuko balu, zertan hobetuko litzateke egoera?

Errazagoa izango litzateke legeak onartzea, erantzukizunak banatzea eta koordinazio bat sortzea. Instituzio bakarra balitz gizarte zerbitzuen kargu guztiak bete beharko lituzke, ezingo luke esan bere arazoa ez dela.

Txostenak zerbitzuetarako sarbidea ahulgune moduan identifikatu du. Zein eragin izango luke indartuko balitz?

Batzuetan zerbitzu bat eskatzea zaila da. Ez dut ulertzen. Dependentzia maila altua baduzu, aldundira jo behar duzu; baxuagoa bada, udalera. Imajinatu hori osasun alorrean: gaixotasun larri bat badaukazu, mediku mota batengana joan behar zara; beste bat baduzu, beste batengana. Baina ez: ohiko medikuagana zoaz. Hark aztertuko du egoera, eta bideratuko zaitu. Berdin egin beharko litzateke gizarte zerbitzuetan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

<b>Bisitak.</b> Senideen eta egoiliarren arteko bisitak, atzo, Andoainen. ©BERRIA

Egoiliarrak eta senideak, hormaren alde banatan

Irati Urdalleta Lete

Gipuzkoako zahar etxeetan dauden egoiliarren senideak ezin dira barrura sartu, eta atarian ari dira bisitak egiten, horma batek bereizita. Orain arteko egoera ikusita, gustura daude aurrez aurre egoteko daukaten aukerarekin.

Adineko bi pertsona, Donostian paseatzen. / ©Juan Carlos Ruiz, Foku

Hirugarren fasean ordutegi guztiak kendu ditu Espainiako Gobernuak

Jon Ordoñez Garmendia

Hogei pertsona arte elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna