Europako OMEk kezka azaldu du transmisioak gora egin duelako asteotan

arantxa iraola
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Atzo egin zuen ohartarazpena Osasunaren Mundu Erakunde OMEren Europako zuzendari Hans Klugek, Kopenhagen egindako agerraldi batean: igaro asteotan transmisioak gora egin du kontinenteko hainbat tokitan, eta «oso kezkatuta» dago horren ondorioz. Nabarmendu zuen hainbat motibo daudela igoera horren atzean: birusaren delta aldaerak hedatzeko duen erraztasuna, herrialde askotan izurriaren aurkako murrizketak arindu izana eta uda sasoian jendearen joan-etorriak ugaritu izana, besteak beste. Horiez gain, nabarmendu zuen zenbait tokitan txertaketa kanpainak oraindik ez daudela oso aurreratuta, eta horrek ere eragina izan duela.

Horregatik, izurriaren aurkako estrategiei atxikita jarraitzeko deia egin zuen: «Babesa emateko ildo guztietan irmo jarraitu behar dugu; hor daude, adibidez, txertaketa eta maskararen erabilera. Txertoak dira gizarteak berriro irekitzeko eta ekonomiak egonkortzeko bidea». OMEk 53 herrialde batzen ditu erakundearen Europako sailean, eta, Klugek atzo adierazi zuenez, herrialde horietatik 33tan kasuen intzidentzia metatua %10 igo da igaro hamalau egunetan, eta ospitaleratzeak eta heriotzak ere ugaritu egin dira. COVID-19aren izurria hasi zenetik, OMEk 64 milioi kasu erregistratu ditu Europan, eta gaitzak eragindako 1,3 milioi heriotza.

Hirugarren dosia

Herritarren ia %50 txertatuta daudela esan zuen Klugek, baina, hala ere, igaro sei asteotan moteldu egin direla txertaketa kanpainak, eta adi erreparatu behar zaiola horri. «Dosien ekoizpena, banaketa eta eskuragarritasuna hobetu behar dira herritarrak osorik txertatzeko». Adierazi zuen oro har oraindik txertatu gabe dauden herritarren txertaketa lehenetsi behar dela, baina birusaren aurrean «zaurgarrien» diren herritarrei txertoaren hirugarren dosia jartzearen alde ere badaudela esplikatuzuen: «Ez da luxu bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.