Ekialde Hurbileko gatazka. Errefuxiatuak

Ezlekuko herritarrak

Palestina lurrez eta jendez husten ari da 1948an Israelgo Estatua sortu zenetik. Bost milioitik gora dira inguruko herrialdeetan errefuxiatuta bizi direnak, eta bi milioi inguru desplazatuak.

Ezlekuko herritarrak.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Orotara zazpi milioi inguru dira 1948an Israel sortu zenetik bere etxea utzi behar izan dutenak; horietatik bost milioi inguruk auzoko estaturen batean hartu zuten aterpe, errefuxiatu bilakatuz; eta beste ia bi milioik Gaza eta Zisjordaniara jo zuten babes bila, desplazatu bilakatuz. Arabieraz Nakba hitzarekin izendatzen duten hori: hondamendia eta tragedia. Exodoa.

«Estatua gara», aldarrikatu zuen Israelek 1948ko maiatzaren 14an, eta, nazioartearen onespenarekin, ordura arte palestinarrenak izan ziren lurrak bereganatu zituen, Erresuma Batuaren protektoratua bitan banatuz; Israel batetik eta Gaza eta Zisjordania bestetik. Erabaki horrek eta Israelen aldarrikapenak herrialde arabiarrak sutu zituzten eta gerra piztu zuten. Israelen aldeko joera izan zuen, ordea, gatazkak, eta NBEren zatiketan zegokiona baino lurralde gehiago hartu zuen estatu juduak.

Errefuxiatu izaera, ezbaian

Traba burokratikoak ere badituzte errefuxiatu palestinarrek. Izan ere, errefuxiatu izaera zer den erabakitzeko katramilatuta dabiltza nazioarteko erakundeak. NBEk 1951n jarri zuen abian mundu osoko errefuxiatuei laguntzeko UNHCR agentzia, baina hark ez ditu bere gain hartzen palestinarrak, horientzat agentzia berezi bat sortua zuen hiru urte lehenago: UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa.

Ondorioz, UNHCRrentzat ez dira existitzen Jordania, Libano, Siria eta Zisjordaniako errefuxiatuak, nolabaiteko laguntza ematen badie ere. Auziaren oinarrian ondorengo egoera hau dago: UNRWArentzat errefuxiatu dira aurreneko belaunaldiaren ondorengoak ere; UNHCR, baina, ez da iritzi berekoa, harentzat 1967ko gerraren ondorioz ihes egin zutenak desplazatuak dira. Horrez gain, bi agentzien lana ere ezberdina da. UNRWAk giza laguntza ematen die errefuxiatuei, eta UNHCRek laguntza burokratikoa ere ematen die; adibidez, asilo eskaerak bideratzeko.

Urak are gehiago nahasteko soilik balio izan du AEBetako presidente Donald Trumpek urtarrilean aurkeztutako egitasmoa. Zeinaren arabera, Palestinatik ihes egin zutenek eta haien ondorengoek ez lukete hara itzultzeko eskubiderik izango. Horren ordez, ihes eginez geroztik babesleku izan dituzten herrialdeek hartu beharko dituzte herritar gisa. «Euren ahaide arabiarrek hori egiteko erantzukizun morala dute, Israelgo Estatuak juduak hartzen dituen moduan», dio idatziak. Hala, behin akordioa sinatuta, errefuxiatu estatusa galduko lukete, eta NBEk haientzako sortutako giza laguntzarako agentzia bera ere desegin egingo litzateke.

Planak errefuxiatuak etxera itzultzeko aukera erabat ixten ez badu ere, hura Israelen onespenari lotzen dio. Horretarako arrazoien artean jartzen du Libanon edo Sirian babesa hartu duten iheslarietako askok «Israelekiko jarrera arriskutsua» dutela, eta, beraz, estatu juduaren segurtasuna bermatze aldera, haien gaineko kontrola zorroztu behar dela.

Washingtonek «ezinezko» jotzen du duela 70 urte etxetik ihes egin zuten horiek guztiak itzultzeko aukera, eta leporatzen die herrialde arabiarrei haiei herritartasuna eta gainontzeko herritarren eskubideak ukatu izana. Aldi berean, proposamenak ohartarazten du nazioarteak arazoak dituela egun beste hainbat gatazketatik ihesi doazen errefuxiatuei laguntzeko.



Etenik gabeko ihesaldia

Errefuxiatu kopurua handituz joan da hamarkadaz hamarkada, eta 1967an, Sei Eguneko Gerran, Israelek lurralde gehiago bereganatu zituen, eta hogei urte lehenago gertatu bezala, milaka izan ziren jaioterria utzi eta ihesari eman behar izan ziotenak. Aurreko mendearen erdialdean hasitako mugimenduak ez du etenik izan geroztik, eta, tantaz tanta, bost milioi baino gehiago dira orain errefuxiatuak, eta bi milioi gehiago desplazatuak.

Hainbat herrialdetan daude banatuta, baita Palestinan bertan ere: Zisjordanian eta Gazan, hain zuzen. Etxean ere kanpotar dira horiek. Gehienak, hala ere, Jordanian daude —%40 inguru—, eta Sirian eta Libanon ere badira, baita Saudi Arabian, Egipton, Iraken eta Libian ere. Bizi baldintza gogorretan bizi dira, irauten ahal duten moduan, eta harrerako herrialdeen unean uneko egoerak, gainera, bete-betean harrapatzen ditu. Adierazgarria da, alde horretatik, Sirian gertatzen ari zaiena. 2012an piztu zuten gerra herrialde horretan, eta handik ihes egiten ari diren palestinarrak asko dira.

Ezin, baina, sorterrira itzuli. Harrera herrietako egoera sozioekonomikoa txarra baldin bada, errefuxiatuak etsaitzat jotzen dituzte bertakoek. Libanon, esaterako, kanpamentuetan bizi dira asko, eta ez dute ez lan egiteko eta ezta etxebizitza erosteko baimenik ere. Bestelakoa da egoera Jordanian, non errefuxiatuen %95ek herritartasuna lortu duten eta bizitza politiko nahiz ekonomikoan parte hartzen duten.

Hala, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren gako nagusietako bat bilakatu da errefuxiatu eta desplazatuena. Tel Avivek onartezintzat jotzen du haien itzulera; eta Palestinako Aginte Nazionalak, berriz, oinarrizkotzat, Ekialde Hurbilean inolako akordiorik adostuko bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.