SERIEA. Euskaraldia prestatzen (III). Aurreko esperientziak.

Bidea marraztu zuten

Duela bi urte herri batzuetan egin zituzten Euskaraldiaren moduko egitasmoak: hainbat egunez euskaraz bizitzeko erronka jarri zioten beren buruari ehunka lagunek. Horren emaitzak nabari dituzte gaur egun.
Baiona, Angelu eta MIarritzen eginiko egitasmoan parte hartu zutenetako batzuk.
Baiona, Angelu eta MIarritzen eginiko egitasmoan parte hartu zutenetako batzuk. ISABELLE MIQUELESTORENA

Jokin Sagarzazu -

2018ko azaroak 14
Badator Euskaraldia; Euskal Herri osotik, Euskal Herri osora. Herri batzuetan, baina, ez dira hutsetik abiatuko: 2016an hasi zuten bidea. Donostiako Egia auzoan lehenak; gero, Añorga auzoan, Hernanin, Lasarte-Orian, Agurainen, Arrigorriagan, Baiona-Angelu-Miarritzen... Asmo bera edo antzekoa zuten abiapuntu: noizean behin egiten zituzten euskararen aldeko jaien eskematik irten, eta euskaraz bizitzeko estrategiak probatzea. Tokian tokiko egitasmoak izan ziren, baina parte hartzaileek berehala nabaritu zuten dimentsio handiagoa izan zezaketela. Hori zela bidea: bizitzeko, erabiltzea.

EGIA

Pertsonala eta kolektiboa



2016ko urtarrilaren 8tik martxoaren 4ra, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoa gauzatu zuten Donostiako auzo horretan, Lutxo Egia artistaren performancea eredu hartuta. «Pentsatu genuen garaia zela jauzi bat egiteko. Handia zen erronka, ez baita erraza jai edota kultur ekintzetatik halako aktibismo puntu batera pasatzea», azaldu du Aitziber Gurutzeaga Bagera euskara elkarteko kideak.

Zazpi aste iraun zuen egitasmoak. Parte hartzaileek Euskaraz bizi nahi dugulako leloa zuten txapak eraman zituzten, identifikazio gisa. Taldeka banatu ziren, eta pertsona bakoitza astebetez aritu zen euskaraz, edonon eta edonorekin: izan etxe azpiko dendariarekin, tabernariarekin, lagun eta senideekin, euskaraz egiten zuenarekin edo ulertzeko gai zenarekin. «Ordukotik, ohitura on batzuk geratu zaizkit», azaldu du Andoni Altuna Trebeska dantza taldeko kide eta egitasmoko parte hartzaileak.

Aurretik, TELP ikastaroak prestatu zituzten: euskaraz egin ahal izateko oztopoak sortzen direnean, zein jarrera hartu eta nola jokatu ikasteko. Horietako batean izan zen Altuna: «Buruak klik egiten dizu. Konplexuak eta beldurrak galtzen dituzu: testuinguru batzuetan badirudi errespetu falta dela gazteleraz ez hitz egitea, eta ikasi nuen hori gainetik kentzen».

Euren bizipenak eta hausnarketak idazteko koaderno batzuk erabili zituzten parte hartzaileek, eta antolatzaileek ondorioak jaso zituzten gero. Haietako askok azpimarratu zuten «jabetze edo ahalduntzearen kontua», Gurutzeagak dioenez. «Gehienek adierazi zuten euskaldunok zein erraz pasatzen garen beste hizkuntzara, eta horretaz ohartu behar dugula». Altunarentzat, «oso garrantzitsua» da halako egitasmoek nolako «dimentsio pertsonala» duten. «Hau ez da euskaltzaletasuna indartzeko kontu soil bat. Esperientzia pertsonal indartsu bat da, oso aberasgarria, jarrera aldaketa bat dakarrena: ordutik hona, asko nabaritu dut nire egunerokoan, nire harremanetan; sinergiak sortzen dira...».

Egiako egitasmoa ez zen bere horretan amaitu. «Esperimentu» horrek jarraipena izan zuen: Donostiako Piratak, Añorgako auzokideek... Beste herri batzuetara ere zabaldu zen. Gurutzeaga: «Ederrena izan zen gero etorri zirenek Egiakoa findu eta berenera egokitu zutela».

LASARTE-ORIA

Kalea laborategi



Lasarte-Orian (Gipuzkoa) lau urtean behin egiten zuten Euskararen Maratoia: xede zuten 40 orduz euskaraz aritzea, baina txiki geratu zitzaien erronka; besteak beste, herrian euskararen ezagutza «nabarmen handitu» delako. Hori eta euskararekin lotura duten hainbat talde eta erakunderen urteurrena zela aprobetxatuz, erabaki zuten beste helburu bat jartzea: Baietz 40 egun euskaraz.

Iñaki Arruti euskara teknikariak azaldu duenez, hiru iturri izan zituzten: Donostiako Egia auzokoa, hizkuntza ohiturak aldatzeko Soziolinguistika Klusterrak-eta eginiko ikerketak, eta hizkuntzaren asertibitatea lantzen laguntzeko Ferran Suay eta Gemma Sangines ikerlariek sortutako materialak.

Ahobizi eta belarriprest rolak sortu zituzten, izen horiekin —Euskaraldian erabiliko dituztenak, hain justu—, eta identifikazio txapak sortu zituzten, Egian bezala. 16 urtetik gorako 2.000 pertsonak eman zuten izena —18.000 biztanle ditu Lasarte-Oriak—. «Parte hartzearena izan zen emaitza onaren aldagai bat, eta bestea, bi rolena: soziolinguistikaren eta ikerketa mundutik zetozen kontzeptu horiek —beste izen batzuekin, noski— sozializatu genituen».

Horrekin batera, prestaketa lan handia egin zutela gogoratu du Arrutik: «Herriko euskaltzaleok inoiz egin ez genuen bezalakoa». Sare handi bat josi zuten erakundeekin, elkarteekin, norbanakoekin... «Jende dinamizatzailea behar genuen, eta sortzaileak. Asmatu genuela uste dut: iruditeriarekin, leloarekin: Irten armairutik. Sinbologia indartsua du horrek, eta oso ondo lotzen zaie euskaldunon arazoei».

«Asebeteta» geratu ziren parte hartzearekin. «Ikusi zen energiarekin, sentsazio eta bizipen onekin... Uste dut gogo lokartu bat esnatu genuela». Baina ez zuten «usteekin» konformatu nahi, eta, egitasmoarekin batera, ikerketa bat egin zuten; EHUko irakasle Pello Jauregi arduratu zen horretaz. «Emaitzek balio erantsia eman zioten egitasmoari. Nik dakidala Europan ez da inoiz egin halako praktika soziolinguistiko bat, hainbeste jenderekin, inplikazio maila horrekin. Laborategi batean frogatuta zegoena eraman genuen herri mailara, atera genuen plazara, bisualizatu genuen, eta ikerketa batean jaso».

AGURAIN

Espazioak irabazten



Agurainen (Araba) bazuten 15 ordu euskaraz jaia, irratsaio baten inguruan egiten zutena, abenduaren 3an, Euskararen Egunean. Baina ohartu ziren egun horretatik harago ez zuela «emaitza adierazgarririk», Amaia Gartzia parte hartzaileak azaldu duenez. Herritar batzuk bildu ziren, eta «hizkuntz pedagogian oinarritutako egitasmo berri bat» proposatu zuten: 75 orduz euskaraz.

Azaroaren 8tik 11ra egin zuten, baina urte osoan aritu ziren prestaketa lanetan, herriko eragileekin eta elkarteekin, ostalariekin, enpresekin... 17 urtetik gorako 3.600 biztanle ditu Agurainek, eta 200 bat pertsonak eman zuten izena; horiek bultzatu zuten jende gehiagok parte hartzea. «Konfiantza giro bat sortu zen, eta nabarmenak izan ziren emaitzak».

Aste horretan eginiko lanaren emaitzak nabari dira egun, Gartziak azaldu duenez: «Euskararentzako pertsonak eta espazioak irabazi ditugu herrian. Nik taberna batean lan egiten dut, eta jendeak dinamika horrekin identifikatzen nau: kafesne bat eskatzeko behar diren lau hitzak egiten dizkit behintzat. Nabari da jendeak esfortzua egiten ari dela aurreiritziak kentzeko eta lotsa galtzeko».

Gartziaren ustez, halako egitasmoek behar dute «herrian herrira egokitutako pedagogia lan bat». «Agurainen egin genuenak oinarri oso sendoak jarri zituen. Gurea bezalako herri batean ez dut imajinatzen aurreko lanketarik gabeko Euskaraldia». Horri begira, uste du balioko duela «espazio gehiago irabazteko eta daudenak sakontzeko».

ARRIGORRIAGA

Konpromisoa da gakoa



«Biztanle piloa gara euskaldunak, baina oso eskasa da erabilera. Gure artean harremanik ez dugu ia», azaldu du Leire Sagastizabal Abarrak euskara taldeko kideak. 12.000 biztanle ditu Arrigorriagak (Bizkaia): 4.000 euskaldun eta 3.500 euskaldun hartzaile, baina erabilera ez da %10era iristen.

Arrigorriagan egin zuten dinamikaren oinarrian dago aurretik elkarte horrek antolatutako TELP ikastaro bat, Gemma Sanginesena. Askotariko jatorria zuten pertsonak elkartu ziren, eta helburu komun bat ezarri zuten: euskararen erabilera sustatzea herrian. Ikastaroak balio izan zien «aurreiritziei aurre egiteko», eta, bereziki, «jarrera aktiboago» bat izateko.

Hortik jaio zen Baietz 365! egitasmoa. Nik bai eta Nirekin bai rolak sortu zituzten, eta identifikazio txapak. Azaroaren 10ean hasi zuten eta abenduaren 3an bukatu, nahiz eta gero ere jendeak jarraitu zuen ikur horiek erabiltzen.

Balorazioa egitean, «emaitza positiboak eta ez hain positiboak» nabarmendu ditu Sagastizabalek. Onak: «Lortu genuen jendea hurbiltzea, eta, egun batzuetan behintzat, nabaritu genuen euskara gehiago entzuten zela herrian. Ondorioztatu genuen hori zela bidea eta hortik jarraitu behar genuela». Alde ez hain ona, berriz: inplikazio maila ez zela berdina izan talde guztietan. «Gazteen artean txapa pila bat banatu genituen, baina gero kalean ez genuen horrenbeste nabaritu». Dendari eta tabernarien artean, ordea, bai, sumatu zuten inplikazio handiagoa. «Langile euskaldunak edo euskaraz entzuteko prest zirenak identifikatu zirenez, jende gehiagok hitz egiten zien euskaraz». Sagastizabalen arabera, baina, identifikazioarekin batera langile horiek agertu zuten «konpromisoa» izan zen gakoa. «Uste dut Euskaraldian gehiago findu dela konpromisoaren alor hori».

BAM

Terapia kolektibo bat



2017ko azaroan, hiztun multzo batek BAM dinamika abiatu zuen Baiona-Angelu-Miarritze hiri eremuan, «Lapurdiko lurralde erdaldunenean», Eneko Gorrik euskara teknikaria eta egitasmoko kideak nabarmendu duenez. Euskaldunen %10 mobilizatzea lortu zuten: 806 ahobizi eta belarriprestek euskaraz bizitzeko ariketa egin zuten zazpi egunez.

Gorrik azaldu duenez, egindako lanak agerian utzi zituen hainbat «lorpen eder eta frustrazio sano». Alde positiboari begiratuta, nabarmendu du balio izan zuela «basamortuko euskaldunak saretzeko», norbera bere hizkuntza ohiturez jabetzeko, euskara gehiago erabiltzeko bideak urratzeko, eta erabilera espazio berriak ezagutzeko. Baina kritiko ere azaldu da: «Ez zen aski luzea izan denboran, lurraldean ez aski zabaldua, eta epe luzean ez da aski eraginkorra izan». Dena den, ilusioz begiratzen dio Euskaraldiari. «Lehen ahalegin hari esker, konbentzituak gara BAMekin bideratu ez duguna Euskaraldiarekin lortu beharko dugula».

Irakaspenei buruz, bat nabarmendu du Gorrik: «Koherentzia hartzearena». «Antolaketa lanetan aritu izan ginenetako askok autoterapia kolektibo gisa bizi izan genuen». Azaldu du euskalgintzan buru-belarri lanean ari diren euskaltzaleei ere balio izan ziela frantsesez zein eroso bizi diren ohartzeko. «Borroka gure baitan hasten dela jabetzeko». «Ipar Euskal Herrian, lehen hitzak euskaraz, asertibitatea, elkarrizketa asimetrikoak, eusle eta halakoak zirkulu murritz batzuetan baizik ez dira ezagutuak, eta jende askok ez du bere euskalduntasuna molde problematikoan bizi. Edo beste molde batera erranda, ez dira haien hizkuntza ohituren pisuaz kontziente».

Gorrik uste du hori hala dela, hein handian, euskararen transmisiora bideratu direlako «energia guztiak» azken mende erdian, eta ez erabilerara. «Horretarako esparruak irekitzea dagokigu orain». Eta horrekin dauka lotura, haren ustez, BAMek utzi zuen irakaspen nagusietako batek: «Norbanakotik kolektibora jauzia egitean ez ditugu bakarrik gure hizkuntza ohiturak aldatzen, gure ingurunea moldatzeko gaitasuna martxan ezartzen dugu».

BAMen beste ekarpen nagusia izan zen, Gorriren arabera, herritarrek, euskalgintzak eta instituzioek elkarrekin lan egiteko «beharra». «Konturatzea eskala horretan batek ezingo duela ezer lortu besteak gabe. Interdependentzia hori aitortzea, kultura desberdintasunetik at elkarrekin aitzinatzeko nahia aldarrikatzea, eta bakoitzari funtzio bat onartzea izan daiteke lehen urratsa».

Bihar: Elkarrizketa Pello Jauregiri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna