Jaurlaritzak osasun arloko ikertzaile gehiago izatea du helburu

Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2022-2025erako Estrategia aurkeztu dute

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui estrategia aurkezten, atzo, BECen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Gizartearen ongizatean osasun arloko ikerketak duen garrantziaz jakitun, atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2022-2025erako Estrategia aurkeztu zuen, BECen. Laborategietatik aterata, ikerketa horien emaitzek «pertsonentzako onura, gizarte hobekuntza eta aurrerapen ekonomiko» bihurtzea nahi dutela nabarmendu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Gure helburua da ikuspegi argi bat indartzea: osasunaren arloko ikerketa batez ere osasun sistemaren eta euskal herritarren beharretara bideratu behar dela. Eta, aldi berean, Euskadiko ekonomiak lehiakortasuna hobetzeko eta hazkunde jasangarriaren bidean aurrera egiteko palanka ere izan behar du». Horretarako, besteak beste, estrategia berrian jaso dute ikerketa proiektuen finantzaketa hobetzea, baita ikertzaile gehiago erakartzea ere.

Bost ardatzetan antolatu dute estrategia. Lehenik eta behin, ikerketa institutuen, asistentzia eremuaren eta enpresa esparruaren arteko lankidetza eta integrazioa handiagoa izatea nahi dute. Horretarako, beste era batera antolatuko dute osasun ikerketarako sistema osoa, eta izena bera ere aldatuko diote: Osasunaren arloko Euskadiko Ikerketa izango da aurrerantzean. Horren barruan egongo dira Bioaraba, Biobizkaia —Biocruces zena—, Biogipuzkoa —Biodonostia— eta Biosistemak —Kronikgune—, BIOEF Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioak koordinatuta. Gainera, institutu horien espezializazioa sustatu asmo dute, «bikaintasunera eta osasun sistemaren beharretara» bideratuta.

Baina proiektuok garatzeko, ezinbestekoak dira pertsonak eta finantzaketa. Hori ere aintzat hartu dute. Hain zuzen, ohar bidez azaldu dutenez, erronkatzat daukate ikertzaile gehiago izatea, baita talentuari eusteko nahiz erakartzeko programak identifikatzea ere. Horrekin lotuta, estrategiaren bidez ikerketa proiektuen finantzaketa ere hobetu nahi dute. Azaldu dutenez, etengabe ari da handitzen Eusko Jaurlaritzak I+G+Bra bideratzen duen dirua, baina, haien hitzetan, ez da nahikoa. Horrenbestez, «publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren» aldeko apustua berretsi dute: «Institutuek azken sei urteotan %95 kanpoko finantzaketa gehiago lortu dute, eta helburua da osasun sisteman ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko esparru egonkorra eta efizientea izatea, baliabideak finkatu ahal izateko».

Azkenik, estrategia berriaren bidez, nazioartekotzen jarraitu nahi dute: «Gaur egun Euskadiko osasun sistema osasunarekin lotutako nazioarteko 56 ikerketa proiektutan parte hartzen ari da. Orain asmoa da Euskadiren presentzia hori areagotzea nazioarteko proiektu lehiakorretan liderra izanez».

Pandemiari eta langileei so

Estrategia aurkeztearekin batera, pil-pilean dauden gaiei ere heldu diete Urkulluk eta Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. COVID-19aren pandemiari lotuta, «zuhurtzia eta babesa» galdegin ditu Urkulluk, batez ere pertsona zaurgarrienentzat. Zehatzagoa izan da Sagardui: «Herritarrei gogorarazten diet babes indibidualak eta kolektiboak duen garrantzia, zaurgarrienengan pentsatuta gehienbat. Badakigu neurriak zein diren: maskara leku itxietan eta jende pilaketetan».

Halaber, azkenaldian sona hartu duen mediku faltaz ere mintzatu da Urkullu. Esan du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela merke-zurrean ez ibiltzeko pertsona ororen osasuna bermatzeko eta «behar adina profesional» edukitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.