UDAKO SERIEA. Amaiurko batailak 500 urte (eta V). Bataila oroitzeko ekitaldia.

Azken guda dantza

Euskal Herri osoko dozenaka ordezkari politiko eta instituzional bildu dira Amaiurren, batailaren bosgarren mendeurrena gogoratzeko. Dantzaz eta musikaz omendu dituzte gazteluaren defendatzaileak, eta «haria ez etetearen» garrantzia azpimarratu dute: «Hau ere memoria demokratikoa baita».

Euskal Herriko ordezkari politiko eta instituzionalak, dantzariek inguratuta, Amaiurko monolitoaren parean, atzoko ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Amaiur
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Herria alderik alde zeharkatzen du dantzari kateak. Hori da atzoko irudietako bat: Dozenaka ezpata-dantzari, errenkada koloretsuan, desfilatzen. Bataila bat gogoratzen ari dira: Amaiurkoa. Duela 500 urte Gaztelako koroak gaztelu ezaguna suntsitu eta Nafarroako konkista berretsi zuenekoa. Dantzarien segizioak, baina, ez du bataila irudikatzen, «oroimena» eta «burujabetza nahia» baizik: iraganeko lanbroetatik gaur eguneraino iristen den hari ikusezina.

Gaztelu elkarteak, Aranzadik eta Amaiurko herriak berak antolatutako ekitaldia da Amaiurko batailaren 500. urteurrenekoa; eta, dantzariez gainera, ordezkari politiko eta instituzional ugari biltzen ditu urtero. Inoiz baino gehiago elkartu dira aurten.

11:00etarako ordu erdiren faltan, elizako atarian dira Amaiurko eta Baztango alkateak, Ixabel Aleman eta Joseba Otondo, gonbidatuei ohorezko zapia janzten. Denbora behar izan dute, luzea baita parte hartzaileen zerrenda: legebiltzarkideak, diputatuak, ahaldun nagusiak, alkateak... Banan-banan egin diete harrera.

Gero eta jende gehiago ari da pilatzen kalean ere. Amaiurko biztanleak dira bakan batzuk; gehienak, berriz, Euskal Herriko hamaika herritatik urteurren ekitaldira propio etorritako bisitariak. Itzal bila dabiltza, ordurako gogor jotzen duen eguzki kiskalgarritik babestu nahian. Kriskitin hotsek hautsi dute jendearen marmarra. Dantzariak dira. 150 inguru bildu dira Amaiurren, eta elizaren aurrealdean kokatzen hasi dira, ekitaldia hasteko.

Euskal Herriko erakundeak

Hautetsi eta eledunek ere hartua dute beren tokia, parrokiaren eskaileretan. Oso zabala da ordezkaritza instituzionala; ordezkaritza politikoa, berriz, murritzagoa. Izan ere, Euskal Herriko erakunde ofizial ia guztietako ordezkariak daude han, baina gehienak bi multzotan sailka daitezke: EAJkoak alde batetik, eta EH Bildukoak bestetik. Han dira, besteak beste, Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariorde bigarrena; Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak; Nafarroako Parlamentuko eta Eusko Legebiltzarreko presidente Unai Hualde eta Bakartxo Tejeria.

Talde politikoetako eledunak ere bertaratu dira; Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Mireia Zarate EBBko idazkaria eta Blanca Regulez Geroa Baiko legebiltzarkidea. EH Bilduren izenean, berriz, Maddalen Iriarte eta Maiorga Ramirez legebiltzarkideak, Mertxe Aizpurua eta Bel Pozueta diputatuak, eta Joseba Asiron Iruñeko alkate ohi eta zinegotzia izan dira, besteak beste. Carlos Garaikoetxea lehendakari izandakoak ere parte hartu du ekitaldian, alkate eta zinegotzi ugarirekin batera.

11:00etan hasi da ekitaldia. Elizako ezkilen hotsa amatatzearekin batera, dantzan hasi dira Euskal Herri osotik heldutako ezpata-dantzariak. Guztira, zortzi talde elkartu dira herrian: Baztango dantza taldea (Arizkun, Nafarroa), Amaiur dantza taldea (Iruñea), Bidegileak (Donibane Lohizune, Lapurdi), Aurtzaka dantza taldea (Beasain, Gipuzkoa), Arrola taldea (Baigorri, Nafarroa Beherea), Iurretako dantzariak (Bizkaia), Udaberri taldea (Tolosa, Gipuzkoa) eta Jare dantza taldea (Gasteiz). Antolatzaileen arabera, inoizko handiena da ezpata-dantzarien elkarretaratzea.

Karrika nagusian gora, harrizko arku famatua zeharkatu eta herrian barna joan dira dantzariak segizioan, txistulariek eta gaiteroek lagunduta. Karrika bakar eta luzeko herria da Amaiur, eta hara ematen dute ia etxe gehienek. Dantzariek ia osorik hartua dute herriko arteria hori: aurrealdean doazen dantzariak gazteluko muinotik gertu dira; atzealdekoak, berriz, lehen metroetan oraindik. Herriko plazan, geldialdia egin dute ordezkari politiko eta instituzionalek, udaletxe zaharraren aurrean, Amaiurko bandera hartzeko. Gaztelurako bidea hartu dute azkenik.

Memoria demokratikoa

Gazteluaren arrastoak dauden tokira helduta, Amaiurko eta Baztango alkateek lore eskaintza egin dute 1922an eraikitako monolitoaren aurrean. Amaiurko alkate Ixabel Alemanek hartu du hitza, gogoratzeko 1522ko borrokaldiaren oihartzuna gaurdaino iritsi dela: «Gure egiten dugu Amaiur defenditu zutenen askatasun gogoa».

Bataila hark «balio sinboliko handia» duela nabarmendu du Alemanek, eta mintzagai izan du oroimen historikoa eta Nafarroaren burujabetza aldarrikatzen zutenek pairatutako jazarpena. Gogoratu du, adibidez, nola leherrarazi zuten monolitoa 1931n. «Gerora ere, frankismoak ez zuen maite Amaiurko gaztelua, eta sasi artean ezkutatu nahi izan zuten han gertatutakoa. Monolitoa bultzatu zutenetako anitz, ordea, desagertu ziren: Arturo Campion hil zen, Lauaxeta fusilatu zuten, eta beste asko erbesteratu ziren, Manuel Irujo adibidez. Hori gogoratzea ere memoria demokratikoa da».

Alemanek esan du munduko herri guztiek dituztela memoria lekuak, «zainduak eta museo bihurtuak» eta Amaiurren hori bera egiten ari direla: «Memoria sustatzen ari gara. Gure arbasoen historia ezagutu behar dugu, aitzinera egin ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.