Akusatuak dio bikotekide ohia Nieblarekin ikusi eta «inpotentziagatik» jo zuela

Deklarazioan, azpimarratu du bere helburua ez zela izan «inondik ere» Niebla hiltzea. Berretsi du ez zutela elkar ezagutzen. Lekukoek segituko dute gaur

Atzo deklaratu zuen akusatuak Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Irudian, abokatuarekin hizketan, hitza hartu aurretik. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Maider Galardi
Donostia
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Bezperako giroaren antzekoa dago Donostian, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren atarian berriro ere: zerua, lainotuta, eta Asier Nieblaren senideak, aterpean, auzi saioa noiz hasiko zain. Urduri daude, Urnietako (Gipuzkoa) gaztearen heriotzaz akusatutakoaren deklarazioak entzungo dituztelako. Maria Jose Barbarin epaileak abisua eman du saioa berandu hasiko dela, deliberazio batzuk egin behar dituelako. Baina 10:00etarako prest da akusatua, eta bi ordu eta erdiz jardun da Nieblaren senideen eta Urnietako Udaleko abokatuen galderak erantzuten; baita fiskalarenak eta bere abokatuarenak ere. Bi ildo defendatu ditu saioan: bata, ez ziola kolpe hilgarririk eman Nieblari, eta bestea, ez zuela bere bikotekide ohia «kontrolatzen», baina, beste mutil batekin ikusita, «inpotentziak jota» eman ziola muturrekoa Nieblari.

Gertakariak 2018ko abuztuaren 12ko goizaldekoak dira, baina akusatuari galdeketa egitean hilabete batzuk atzera jo dute fiskalak eta abokatuek. Arrazoia da gau hartan Niebla hizketan ari zen emakumea erasotzailearen bikotekide ohia zela, eta ukabilkada ematearen arrazoia «jelosia kolpe» bat izan zela. Hala azaldu dio akusatuak fiskalari: «Nire bikotekide ohia ikusi nuen; harengana joan nintzen. Asier azaldu zen orduan, eta gerritik heldu zion, ipurdi aldean. Inpotentzia sentitu nuen, eta horrek eragin zuen nik ukabilkada ematea».

Urnietako Udaleko abokatuari esplikatu dio gau hartan bertan, minutu batzuk lehenago, emakumearekin topatu zela: «Bikotekide ohiarekin eta haren lagun batekin aurkitu nintzen. Harengana joan nintzen: garrasi egin nion; denetik esan genion elkarri, eta udaletxe aurrera joan nintzen, eta banku batean eseri nintzen. Taxietara itzultzean, berriro ikusi nuen emakumea, eta berriro hurbildu nintzen harengana. Gerturatu ahala, Asier [Niebla] heldu zen, eta eskua gerrian jarri zion. Eta muturreko bat eman nion. Nik bakarrik esan nion jakin nahi nuela zer arrazoiengatik utzi ninduen utzi ninduen moduan».

Ukatu egin du, ordea, Niebla aurretik ezagutzen zuela, nahiz eta 2018ko abuztuaren 14ko deklarazioan aitortu behin ikusi zuela bikotekide ohiaren etxepean. Hitzartze horren bideoa jarri dio Nieblaren familiaren abokatuak. Akusatuak esan du bideoan jasotzen dena ez dela hala.

Kolpearen nolakotasuna

Gainera, erasotzaileak ukatu egin du Nieblari kolpe hilgarri bat eman izana: «Nire asmoa ez zen inondik ere mutikoa hiltzea. Barkamena eskatzen dut. Egunero esnatzen naiz buruan hori dudala». Akusatuaren arabera, muturreko bat eman zion —esan du ez dela arte martzialetan aditua—, eta Nieblak oreka galdu zuen. Erasotzailea bultzatu zuen lurrera, eta lortu zuen altxatzea eta ihes egitea: «Izututa nengoen». Neskaren amari deitu ziola dio, baina ez «zure alabak ederra egin du» esateko —hala dio amak—, berak hanka sartu zuela esateko baizik.

Lekukoek deklaratuko dute datozen egunetan; besteak beste, forentseek eta bikotekide ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.