Albistea entzun

Burgosko Prozesuak 50 urte. Auzipetuak

Askotariko bideen abiapuntua

Burgosko Prozesua igaro ostean, auzipetuek hainbat ikuspegi eta lekutatik bizi izan dituzte Euskal Herriaren egoera politikoaren nondik norakoak. Askotan, kide izandakoak ideologikoki erpin ezberdinetara urrundu ziren. Hona hemen haien ibilbideak, laburtuta.
Burgosko auzipetuak, 1978an, 'Burgos, juicio a un pueblo' liburuaren aurkezpenean.
Burgosko auzipetuak, 1978an, 'Burgos, juicio a un pueblo' liburuaren aurkezpenean. JAVIER GALLEGO / KUTXATEKA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2020ko azaroak 29

JOSU ABRISKETA (Ugao, 1948)
Auzipeturik gazteena izan zen. Atxilotu zutenean 19 urte baino ez zituen, baina ordurako ETAko liberatua zen jadanik. 62 urteko zigorra jarri zioten, eta 1977an irten zen, Amnistiaren Legearekin. Ipar Euskal Herrian aterpetu ostean, 1983an atxilotu zuten, eta Panamara bidali zuten deportatuta. Handik Kubara egotzi zuten, eta han bizi da oraindik.

ITZIAR AIZPURUA (Deba, 1943)
15 urteko zigorra jarri zioten. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko militantea. HBko kide izan zen, eta diputatua Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan. 1989an HBko diputatuen aurkako atentatuan onik irten zen, baina Josu Muguruzaren hilketaren lekuko izan zen. 1998an espetxeratu zuten berriro, bere militantzia politikoagatik, eta bi urte egin zituen preso.

BITTOR ARANA (Bilbo, 1943-2004)
70 urteko zigorra jarri zioten Burgosen. Segoviako espetxeko ihesean parte hartu zuen, 1976an, baina harrapatu egin zuten. Amnistia Legearen bidez kaleratu zuten, eta CCOO sindikatuan jardun zuen. 2004an hil zen.

ARANTZA ARRUTI Zarautz, (1946)
ETAko lehen andre atxilotua izan zen. Absolbitu egin zuten Burgosen. Goio Lopez Irasuegi bikotekidea espetxetik irten zenean atxilotu zuten atzera ere, eta hilabete batzuk egin zituen preso, harik eta 1977an askatu zuten arte. Irakasle eta Osakidetzako langile izan da, eta HBko eta EH Bilduko militantea.

UNAI DORRONSORO (Ataun, 1941)
Heriotza zigorra jarri zioten, eta ondoren, indultatu. 1977an deportatu zuten Cordobako espetxetik Belgikara. Euskal Herrira itzuli zen, eta EMKrekin bat egin zuen. Hainbat aldiz aurkeztu zen hauteskundeetara joera maoistako alderdi ezkertiar horrekin. Sarritan kritikatu du ETA, Burgosen epaitu zituzten beste batzuek bezala.

JONE DORRONSORO (Ataun, 1940)
50 urteko zigorra jarri zioten. Mogrovejon (Kantabria, Espainia) ETAko kideen aurka egindako polizia operazioan atxilotu zuten, eta modu basatian torturatu zuten. ETAn propaganda eta diruzaintza ardurak izatea egotzi zioten. 1977an askatu zuten, Amnistia Legearen bidez.

JON ETXABE (Elgoibar, 1933)
Auzipetutako apaizetako bat zen. 50 urteko zigorra ezarri zioten. Espetxetik irten ostean, apaizgoa utzi, eta LKIn hasi zen. Irakasle aritu zen eskola publikoan, eta Etxarri-Arantzen bizi izan zen. Euskal presoen aldeko lanean aritu da, eta frankismoaren aurka Argentinan jarritako kereilaren sustatzaileetako bat izan da.

ENRIQUE GESALAGA (Eibar, 1943)
Larri zauritu zuten Mogrovejon atxilotu zutenean, birikan jaso zuen tiroaren ondorioz. Hiru hilabete egon zen ospitalean, larri eta inkomunikatuta. Burgosen 50 urteko zigorra jarri zioten. ETAren VI. biltzarrarekin bat egin zuen, eta LKIra pasatu zen gero. Segoviako ihesean parte hartu zuen, baina Ibañetan harrapatu zuten. Frankismoaren aurkako kereilaren sustatzaileetako bat izan zen.

JOKIN GOROSTIDI (Tolosa, 1940 - Donostia, 2006)
Bi heriotza zigor ezarri zizkioten Burgosko epaile militarrek. 1977an Belgikara deportatu zuten, eta 1980an Frantziako Poliziak atxilotu zuen. HBko kargudunek Gernikako Juntetxean Espainiako erregearen aurka eginiko protestan, Espainiako Poliziak atxilotu zuen. 1978tik 1991ra HBko mahai nazionaleko kide izan zen. 18/98ko auzian epaitu baino lehenago hil zen, 2006an.

XABIER IZKO DE LA IGLESIA (Berango, 1941)
Bi heriotza zigor jarri zizkioten Burgosen, besteak beste Meliton Manzanasen hilketaren arduraduntzat jota. Puerto de Santamariatik Oslora (Norvegia) deportatu zuten 1977an, eta ezkutuan itzuli zen Euskal Herrira. EIA alderdiko militantea izan zen lehenik, eta Euskadiko Ezkerrekoa gero. Alderdi hori utzi zuen PSErekin bat egin zuenean, ez baitzegoen ados erabaki horrekin.

JULEN KALTZADA (Busturia, 1935-2017)
Epaitu zituzten beste apaizetako bat. 12 urteko zigorra jarri zioten. Kaltzada gerra garaian hil zuten EAJko kide baten semea zen. Apaizentzat propio jarritako Zamorako espetxean egon zen preso, 1976ra arte. AEKn aritu zen gero, eta euskalgintzako lanetan aritu zen 2017an hil zen arte.

ANTTON KARRERA (Amezketa, 1943)
12 urteko zigorra jarri zioten. Espetxetik irten ostean, LKIn jardun zen, eta gero hainbat kargu politiko bete zituen Ezker Batuarekin; besteak beste, Eusko Legebiltzarreko diputatua izan zen 2001etik 2009ra. Fraisoroko nekazari eskolako zuzendaria izan zen. Bere autoan erakundeko bi kide eraman izana egotzi zioten, baina ez zen ETAko kidea.

XABIER LARENA (Santurtzi, 1945)
Heriotza zigor bat eta 30 urteko kartzelaldia ezarri zizkioten. Caceresen preso egon zen, harik eta 1977an Belgikara egotzi zuten arte. Ezkutuan sartu zen Euskal Herrian, eta berriro atxilotu eta espetxeratu zuten. Askatu zutenean, EEko zinegotzi izan zen Santurtzin, eta euskara irakaslea.

GOIO LOPEZ IRASUEGI (Bilbo, 1946-1988)
1969ko urtarrilean atxilotu zuten, Xabier Izkorekin batera Iruñeko espetxetik Arantza Arruti ateratzeko operazioa egitera zihoazela. 30 urteko zigorra jarri zioten, matxinada iraunkorragatik. Puerto de Santa Marian preso egon zen, eta 1976an askatu zuten. EIAren erreferentziazko aurpegietako bat izan zen. 1978an Herri Batasunean sartu zen. 1988an hil zen.

MARIO ONAINDIA (Lekeitio, 1948-Gasteiz, 2003)
Heriotza zigorra eta 51 urteko espetxealdia jarri zizkioten militarrek Burgosen. 1977an espetxetik Belgikara egotzi zuten. Euskal Herrira itzulitakoan, EIAko idazkari nagusia izan zen aurrena, eta Euskadiko Ezkerrakoa ondoren. Eusko Legebiltzarreko diputatua izan zen 1980tik 1990era, eta EEren eta PSEren arteko bat egitearen bultzatzaile nagusietako bat. PSE-EEk senatari izan zen 2000. urtera arte. 2003an hil zen.

EDUARDO URIARTE (Sevilla, 1945)
Bi heriotza zigor eta 30 urteko espetxealdia ezarri zizkioten. 1977an, espetxetik irten, eta Euskadiko Ezkerrako militantea izan zen. Alderdi horrekin, Eusko Legebiltzarreko diputatu izan zen, 1980tik 1990era. Urte horretan, PSOErekin bat egin zuen, EEk harekin bat egin baino hiru urte lehenago. Geroztik, abertzaletasunarekiko kritika gogortuz joan da, eta azken aldian C'sen aldeko botoa eskatu izan du

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Milaka lagun elkartu ziren atzo Donostian egindako manifestazioan. ©JON URBE / FOKU

Milaka urrats «etxera bidean»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, «bizi osorako» zigorrak etetea eta gradu progresioei bide ematea galdegin dute Donostian. Urtarrilaren 8an berriro kalera ateratzeko deia egin du Sarek
Grande-Marlaska, artxiboko irudi batean. ©Javier Lizon / EFE

Grande-Marlaska: «Ezker abertzaleak ongietorriak saihestu behar ditu»

Paulo Ostolaza

El País egunkariak Espainiako Barne Ministroari egindako elkarrizketa argitaratu du. Esan du euskal presoen sakabanaketak jada ez duela zentzurik, eta EH Bilduk eta Sortuk egindako adierazpena ez dela nahikoa.

Maria Txibite, PSNren buru gisa berretsi dutenean, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Maria Txibite PSNko idazkari nagusi izendatu dute berriro ere

Gotzon Hermosilla

Botoen %97,22 eskuratu ditu alderdiaren XII. batzarrean. Txibiteren ustez, PSN beharrezkoa da «Nafarroak aurrera egiten jarrai dezan»

Laba, "Oso latza izan da" solasaldia

Gatazka kontatzeko moduaren inguruko mahai ingurua, BERRIAn

Joxerra Senar

Samara Velte eta Maider Galardi ikerlariek, Emilio Majuelo historialariak eta Emilio Lopez Adan 'Beltza'-k hitzaldia eskaini dute transmisioaz, memoria inklusiboaz eta metodologiaz, besteak beste. Labak antolatutako lehen ekitaldia izan da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.