UDAKO SERIEA. Haizearen kontra hazitako produktuak (I). Sagardoa, vodka eta garagardoa.

Ardoen erresumako beste zukuak

Arabako produktu izarra ardoa bada ere, badaude bertako sagarrarekin egindako sagardoa, Arabako patatarekin egindako vodka eta artisau garagardoa ere.
Jose Luis Navarro, Basque Moonshinerseko destilategian.
Jose Luis Navarro, Basque Moonshinerseko destilategian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko irailak 5
Araba esan eta hari lotutako ekoizpen bategatik galdera eginez gero, erantzun gehienetan nabarmenduko zen: ardoa. Mahastietatik ateratzen den produktu horrek mundu osora zabaldu du Arabaren izena, eta esan daiteke ardoak berak ere eman diola izaera Arabari. Ez dira alferrik egindako baieztapenak, ardogintzaren sektoreak lurraldearen ekonomiaren ia %3 ordezkatzen baitu, eta 4.500 pertsona ingururi ematen baitie lana. Arabako Errioxan 13.149 hektarea mahasti daude, eta horietatik 120 milioi botila ardo ateratzen dira. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera 80 milioi litroko ekoizpena duela. Agian horregatik aipatuko lukete askok produktu hori Arabari lotutako produktu batez galdetzerakoan.

Baina Arabak ez dauka ardoaren usain eta zaporea bakarrik: hori baino gehiago ere bada. Zabala da lurraldea, eta badaude, ardoaz gain, sagardoa, garagardoa eta vodka ekoizten duten upategiak ere. Ardoaren erresuman, bestelako ardoek ere beren txokoa baitaukate. «Araba ez da Errioxa bakarrik, eta, hortaz, Araba ez da ardoa soilik; horretaz gainera, badago leku gehiago». Trebiñu Sagardotegiko Koldo Markinezen hitzak dira horiek, euren hautuaren inguruan ari dela. Koldo Vesga Olbea Pilsner garagardoaren sortzaileetako batekin eta Jose Luis Navarro Basque Moonshiners vodka markaren kideetako batekin ere hitz egin du BERRIA egunkariak, ardotik harago dauden Arabako produktuei buruz aritzeko.

TREBIÑU SAGARDOTEGIA





«Lurra bageneukan, eta landatzeko sagarrondoak ere bagenituen; produktua eman zuten, eta, behin produktua edukita, zer egin ikusten duzu». Jateko sagarrak saldu ala sagardoa egin pentsatzen egon ondoren, sagardotegi bat martxan jartzea pentsatu zuen Markinezek. «Lehen beti zegoen sagarra baserrian; beraz, zergatik ez jarri sagarra? Araban badaude garia, garagarra eta zerealak, baina bada beste irtenbide bat horrez gain». Eta sagardotegiak apenas. Sagardoa ekoizten duten gutxietako bat da Askartzako sagardotegia, Aramaion eta Kuartangon daudenekin batera. Hiruren artean 50.000 litro sagardo inguru ekoizten dituzte. «Sagardotegiaren kultura zabaltzen ari da apurka».

Bide hori urratzen aitzindarietako bat izan zen, gainera, Trebiñuko herrian. Hogei urte inguru badira Markinezek lehen sagarrondoak landatu zituela, eta 2007an zabaldu zuten sagardotegia. Ordutik izandako emaitzak ontzat jo ditu, eta gustura dago jendearen erantzunarekin. Bai baitaki sagardotegien erresuma Gipuzkoako Beterrin dagoela, hau da, Trebiñutik 100 kilometrora. Eta, horrekin lehiatzea zaila den arren, inguruko askok gertutasunaren faktorea baliatzen dute Trebiñu sagardotegira joateko. Hogei kilometro besterik ez baitago Gasteiztik doazenentzat. «Hiriburutik jende asko etortzen da, baina baita Bizkaitik eta Miranda Ebrotik ere».

Gainera, ez dute eskaintzen Gipuzkoako sagardotegietan egon ohi den girorik, bestelakoa baizik. Sagardotegiaren jabeak dioenez, eurenean familia giroa gailentzen da, Astigarragan eta Hernanin biltzen den jendetzatik eta festa girotik aparte. «Herri txiki batean gaude, eta automobilak apenas pasatzen diren hemendik; horregatik, haurrek jolasten duten bitartean lasai egoteko leku aparta da». Hala ere, hiriburutik autobusak ere antolatzen dituzte, eta sumatzen du, denborarekin, gero eta jende gehiagorengana iristen ari direla.

Oraintxe, datorren txotx garaiari begira daude Trebiñu sagardotegian. 2.000 sagarrondotik gora dauzkate euren lurretan, eta aurtengo zukua horien fruituekin egitea aurreikusten du Markinezek. «Asmoa hori izaten da, beti bertako sagarrekin egitea sagardoa, beste kalitate bat edukitzen baitu edariak halakoetan; baina hori urteko ekoizpenaren arabera izaten da». Datozen asteotan jakingo du hala izango den ala ez.

OLBEA PILSNER





Halako arazorik ez daukate Olbea Pilsner garagardo ekoizleek, Aguraingo egoitzan; izan ere, sagardoa eta ardoa ez bezala, garagardoa edozein garaitan egin daiteke. Lupulua eta garagarra Alemaniatik erosten dituzte, eta ekoizpenari urte osoan euts diezaiokete horrela. Hala ere, lanean ari dira etorkizunean lehengaiak Euskal Herrikoak izan daitezen, eta Euskal Garagardo Elkartearen egitasmoa aipatu du Vesgak: garagarra eta lupulua bertatik bertara ekoiztea, era horretan bertako garagardo artisauek horiekin lan egin dezaten. Bide hori urratzea litzateke Olbea Pilsnerrekoen asmoa, baina aukera hori oraindik urrun dagoela dio bertako kideak, gaur-gaurkoz baliabide gutxi baitaude bertako zerealak edukitzeko, nahiz eta urte osoan ekoiztu daitezkeen.

Modan dagoen produktu. bat da, gainera, artisau garagardoa. Proiektuaren oinarrian hura gustatzen zaien hiru lagun daude. Non, eta ardoaren lurraldean: «Egia da Araba ardo lurralde bat dela, eta hori ikusi besterik ez dago Gasteizera poteora joanez gero; adin batetik gorako ia denek ardoa edaten dute, eta gazteek, garagardoa». Alegia, ardoaren erresuman garagardoa gazteekin eta gau giroarekin lotzen dela batez ere. Baina garagardo arruntekin alderatuz gero, euren produktua garestiagoa da, «gutxiago ekoizten delako», eta horrek mugak ezartzen dizkielako. Are gehiago, elementu kimikorik gabe eta pasteurizatu gabe egindako garagardoa ekoizten dute, eta onartu du beti mugan ibiltzen direla, «produktua galtzeko arriskua» izaten dutelako askotan. Horregatik guztiagatik da euren garagardoa garestiagoa. Halere, «beti daude apur bat gehiago pagatzeko prest dauden kontsumitzaileak», eta horiek dira haien erosleak.

2013an abiatu zuten Olbea Pilsner proiektua, eta, nahiz eta gustura egon jasotzen ari diren emaitzekin, arazorik handienak banaketarekin dauzkate oraintxe. «Ekoizpen prozesua luzea da, baina, behin produktua edukita, saldu egin behar da, eta askotan zaila da salmenta lekuetara iristea, banatzaileen bidez egiten delako hori; ezaguna ez bazara, kosta egiten da zirkuitu horretan sartzea». Haiek tabernetara banan-banan joaten hasi ziren, eta, apurka, ezagunak egin ziren. Vesga gustura azaldu da lortu duten zabalpenarekin.

BASQUE MOONSHINERS





Zailtasun horrekin topo egin zuen Navarrok ere vodka ekoizten hasi eta euren produktua zabaltzen hasi zirenean. «Hemengo ostalariak itxita daude gauza berrietara, eta nahiago izaten dute ohiko Absolut marka erosi». Hala ere, bidea urratuz joan dira. Hainbeste, euskal merkatua euren salmenten %5 besterik ez baita. AEBetan, Panaman, Txilen, Alemanian, Italian, Erresuma Batuan, Herbehereetan eta Polonian saltzen dituzten Basque Moonshiners destilategiak ekoiztutako vodkak. «Gure merkatua oso globala da, eta vodka munduko edari destilatu nagusia da». Horregatik jo dute batez ere nazioarteko merkatura. «Pentsa, bertako ostalari batengana joan ginen gure produktua eskaintzera, eta ez zuen hartu nahi izan, ezagutzen ez zuelako; joan zen Poloniara, eta han ikusi gintuenean, bueltarakoan gurekin jarri zen harremanetan».

Badu berezitasunik, gainera, bertako tabernetan saldu ahal izateko. Izan ere, Gasteizen daukaten destilategian Basmoon vodka ekoizten dute, oso-osorik Arabako patatekin egindako edari bat. «Gurean ez da alkohol industrialik sartzen; halako destilategietan oso ohikoa den zerbait da hori. Guk bertako materialekin egiten dugu dena, Arabako patatarekin, eta Nafarroako garagarrarekin». Horrek berezi egiten ditu, eta Europako vodka artisau nagusia bihurtu dira dagoeneko. 2015ean hasi ziren edari hori ekoizten, eta aurten 20.000 botilatik gora merkaturatzea aurreikusten dute. Denbora gutxian merkatu zabal batean kokatzen lagundu die filosofia horrek.

«Hasieratik esan izan digute erotuta geundela; baina gure filosofia hori da, sinesten duzun horretan jarraitzea», dio Navarrok. Uste du artisaua denak bere bidea egin behar duela, vodka industrialari aurre eginda, eta kontzientzia lana egiten ari dira hori lortzeko. Bisita gidatuak antolatzen dituzte destilategira, «eta jendea harrituta geratzen da». Izan ere, bere talaiatik, ikusten du badagoela irudi jakin bat vodkaren inguruan: «Jende askok pentsatzen du parkean edateko eta mozkortzeko edari bat dela, baina ikuspegi hori aldatu nahi dugu; koktelgintzarekin lotu nahi dugu produktua, eta bide horretan ere ikastaroak eskaintzen hasiak gara». Ardoaren lurraldean bertako lehengaiarekin egindako beste edari bat sortu da, beraz: «Ardoari ez diogu lekurik kenduko, hori garbi daukagu, baina bakoitzak bere lekua egin dezake».

Bihar: Kalitatezko oliba olioa Gipuzkoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna