Quebeceko bigarren erreferendumetik 25 urtera

Hirugarrenak bide zailagoa izango du

Kanadak Argitasun Legea onartu zuen 2000n, hurrengo galdeketari oztopoak jartzeko; hori ikusirik, Quebecek 99. Legea aurkeztu zuen. Finean, beste kontsulta batek baldintza gehiago bete beharko ditu.

BERRIA / BERRIA.
ander perez zala
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Quebecen beste independentzia galdeketa bat egin nahi badute, prozesua ez da izango 1980koa eta 1995ekoa bezain erraza eta laburra. Bi galdeketa horietan, Quebecek deitu zuen erreferendumetara —Kanadako Konstituzioak hala ahalbidetzen baitu—, eta hark zehaztu zituen kontsulten bi galderak; biek, ordea, eztabaida handia sortu zuten, unionismoak argudiatu baitzuen ez zirela «ulergarriak eta zehatzak». Horren harira, eta 1995ekoak izan zuenaren emaitza kontuan hartuta —ezezkoak botoen %50,58 jaso zituen—, Ottawak Argitasun Legea onartu zuen 2000n —Kanadako Auzitegi Gorenari iritzia eskatu ostean—, hurrengo kontsultarako baldintza berriak finkatu eta oztopo gehiago ezartzeko; Quebecek, haserre, 99. Legea sustatuz erantzun zuen, bere «oinarrizko eskubideak» defendatzeko. Talka horrek bide judizial luzea eragin zuen, 2018ko Quebeceko Auzitegi Nagusiaren ebazpeneraino; azkenean, biak legezkoak dira, baina Kanadak aurreko bi erreferendumetan baino protagonismo handiagoa izango luke hurrengo galdeketa batean. Hori, teorian; zeren hainbat auzi argitzeko baitaude oraindik.

Urteotako eztabaida politiko eta juridikoak gauza bat utzi du argi: Kanadako legediaren arabera, herrialdea zatitu egin daiteke, eta Quebecek ez du eskubiderik aldebakarreko independentzia aldarrikatzeko. Kanadako Auzitegi Gorenaren iragan mende amaierako eta Quebeceko Auzitegi Nagusiaren duela bi urteko ebazpenen arabera, independentzia «aukera bat» da, eta bi aldeen negoziazioen ondorio izan behar du —beste probintzietako agintariek ere parte hatuko lukete—; finean, Quebecek ezin du bere etorkizuneko estatus legala «bakarrik» erabaki, prozesuan Kanadako Konstituzioa aldatu behar baita.

Aldi berean, Kanadako Gorenaren arabera, galdeketa batean baiezkoak irabaziko balu, Ottawa behartuta legoke Quebecen etorkizunari buruzko elkarrizketetan parte hartzera; horrek ere baditu mugak, erreferendumak kontsultak baitira, eta, hortaz, ez baitute ondorio loteslerik.

Zehaztasun horiez haratago, egiazko gatazka, eta Argitasun Legearen eta 99. Legearen arteko talka, beste bi auzitan egon da: galderaren eta emaitzaren inguruan. 1980ko eta 1995ekoen galderak Quebecek diseinatu zituen, baina, hurrengoaren kasuan, Kanadako Auzitegi Gorenaren eta Argitasun Legearen arabera, Ottawak iritzia eman behar du; Komunen Ganberak, ebazpen baten bidez, jakinarazi beharko luke galdera «ulergarria eta zehatza» ote den.

Horretarako, lege horren arabera, bi baldintza bete beharko lituzke Quebecek: batetik, galderak ezin du soilik arreta jarri «negoziatzeko agintearen inguruan, herritarren nahiaren adierazpena aipatu gabe edo probintziak Kanadaren parte izateari uztea aipatu gabe»; eta, bestetik, ezin du «sezesioaz gain beste aukerarik aipatu».

Halere, Quebecen, Asanblea Nazionalak du subiranotasuna, eta, horrek, 99. Legearen edukiarekin batera, talkak eragin litzake galderaren nolakotasunaren inguruan; izan ere, testu horren 2. artikuluaren arabera, «Quebeceko herriak du Quebecen estatus juridiko eta politikoa modu askean aukeratzeko eskubide besterenezina».

Ez hori bakarrik: «Bereak diren erakunde politikoen bitartez, Quebeceko herriak bakarrik erabakitzen du Quebecen erregimen politikoa eta estatus juridikoa aukeratzeko bere eskubidearen nolakotasuna», dio 3. artikuluak. Hortaz, 99. Legea legezkoa izanik, Kanadak ez luke zeresanik izan behar galderaren inguruan, baina legezkoa den Argitasun Legeak kontrakoa dio.

'Bai'-aren eta 'ez'-aren tartea

Ottawaren eta Quebecen arteko lege talkan, balizko erreferendumaren emaitzaz ere aritu dira. Argitasun Legearen arabera, baiezkoak irabaziz gero, Komunen Ganberak iritzia eman beharko luke boto emaileen «gehiengo argiak» independentziaren alde egin ote duen.

Horretarako, testuak irizpide hauek zehazten ditu: independentziaren alde emandako «botoen gehiengoaren garrantzia»; galdeketan izandako parte hartzea; eta «egokiak» iruditzen zaizkion «beste faktore batzuk». Finean, lege horren bidez, Ottawak aldarrikatu zuen baiezkoak gutxieneko tarte esanguratsu bat atera behar diola ezezkoari; bost puntukoa, esaterako.

99. Legeak, berriz, «%50 gehi boto bat» emaitza onargarritzat dauka, eta, duela bi urteko ebazpenean, Kanadako Auzitegi Nagusiak horixe bera aitortu zion; alegia, Ottawaren Argitasun Legeko «gehiengo argia» %50+1ekoa da.

Kontuan harturik auzitegi horrentzat 99. Legea eta Kanadako Konstituzioa bateragarriak direla, hurrengo galdeketa baten inguruan oraindik badira hainbat auzi konpontzeko. Argi dagoen gauza bakarra da horretarako prozesua eta bidea 1980koa eta 1995ekoa baino askoz ere zailagoa eta luzeagoa izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.