UDAKO SERIEA. Hutsunea betetzeko lanean (II). Arabako Mendialdea.

Parentesi luzea nahi du

Tantaka-tantaka ari da jendez husten Arabako Mendialdea. Halere, koronabirusaren pandemiak arnasaldi txiki bat eman dio, eta biztanle kopuruaren beheranzko joera eten egin da. Aurrera begira, itxaropenari eusteko oinarri bat izan daiteke, bertako negozioetan izan dezakeen eraginagatik batez ere.

Santikurutze Kanpezun dago arrain haztegia. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Arabako hamar herritarretik zazpi inguru bizi dira hiriburuan, Gasteizen, eta hiru baino ez gainerako lurraldean. Biztanleen dentsitate desoreka handia da Araban, baina are nabarmenagoa da zenbait eskualdetan. Euskal Herriko Unibertsitateak Arabako Aldundiaren eskariz berriki egindako azterketa demografiko baten arabera, Mendialdean eta Añanako kuadrilletan daude despopulazio arriskurik handiena duten herriak.

Aldundiak ziurtatu du herri horiek ez daudela erabat desagertzeko zorian. Datuak, baina, egoskorrak dira oso; urtetik urtera jendez husten ari dira herri asko, eta, tantaka-tantaka, gero eta biztanle gutxiago dituzte Arabako landa inguruek. Gorabehera ugari izan dira azken hamarraldietan, baina Arabako Mendialdeko biztanleria %6 inguru jaitsi da azken hogei urteetan. Eustaten azken datuen arabera, lurraldeko 330.209 biztanleetatik 3.023 baizik ez dira bizi eremu zabal horretan; 5,6 biztanle kilometro koadroko (104 dira Araban).

«Egia da; urteak daramatzagu despopulazioaren arazorekin», aitortu du Anartz Gorrotxategik, Arraia-Maeztuko alkateak eta Mendialdea kuadrillako lehendakariak. «Baina pandemia betean parentesi moduko bat gertatu da, eta %10-11 inguru egin du gora biztanle kopuruak. Horrek esan nahi du jende asko etorri dela hiritik landa eremura bizitzera».

Datu horiek «tentuz» hartu beharrekoak direla ohartarazi du Gorrotxategik, birusari aurre egiteko hartutako mugikortasun neurriek eragin baitute aldaketa hori, eta ez du egiaz errealitatea adierazten. «Batzuk geratuko dira, agian, baina beste batzuk Gasteizera itzuliko dira berriz ere; igoera apalagoa izango dela uste dugu, %6 ingurukoa edo».

Hala ere, uste du biztanleriaren igoera xume horrek kuadrillako herrien ekonomian eragin dezakeela, zerbitzuetan batez ere. «Industrian ez du eragingo, baina ekonomia edo negozio txikietan bai, eta hori garrantzitsua da». Izan ere, Mendialdeko ekonomian pisu handia dute negozio txikiek. Industriarik apenas dagoen; enpresa farmazeutiko handi bat dago Bernedon, eta tamaina erdiko bizpahiru izango dira inguruan, gehienez ere. Baina familia enpresa txiki asko daude.

Lurretik, berriz, geroz eta jende gutxiagok jaten du, nahiz eta oraindik ere badiren lehen sektoretik bizi direnak. Hirugarren sektoreak hartu du indarrik handiena, Euskal Herriko beste eskualde batzuetan gertatu legez: «Zerbitzuen sektoreak gora egin du nabarmen azken urteetan, turismoak bultzatuta batez ere: ostalaritzak, landetxeak... Esango nuke hiruzpalau urtetan ia ehun ohe gehiago ditugula».

Hain zuzen, turismoaren bidetik ari dira azken urteetan jarduera ekonomikoa sustatzen. Aukera horrek izan ditzakeen «arriskuaz» jakitun dela dio Gorrotxategik, baina momentu honetan duten aukera bakanetakoa dela uste du. «Gu ezin gara Lautadako industrialdeekin lehiatu; ezinezkoa da. Hausnarketa bat egin behar dugu, zer dugun aztertu, eta daukagunarekin jarduera ekonomikoa sustatzen ahalegindu gero. Eta zer dugu? Baliabide natural ikaragarriak. Daukagun horrekin saiatu behar gara jarduera ekonomikoak finkatzen eta garatzen, eta, beraz, turismoa oso garrantzitsua da guretzat. Ez da garrantzitsuena, baina badu bere garrantzia».

Gorrotxategik azaldu duenez, turismoa sustatzea kuadrillen eskumena ez bada ere, zeregin hori hartu dute azkenaldian Arabako Mendialdean. «Lehenengo sektorea funtsezkoa da guretzat. Horri esker ditugu inguru natural izugarriak. Oso garrantzitsua da horri eustea, baina erakunde moduan horretan esku hartzea oso zaila da guretzat; ez dago gure esku. Turismoaren alorrean, berriz, errazagoa da».

Aurrera begira

Adierazle ekonomikoei begiratuz gero, Mendialdeak ez ditu datu txarrak; gero eta jende helduagoa bizi bada ere, langabezia tasa ez da beste kuadrillena baino handiagoa, adibidez. Gorrotxategik aitortu du asko direla lan egitera kanpora joaten direnak, izan Gasteizera, Lizarrara (Nafarroa) edo Logroñora (Errioxa, Espainia), baina gero egunerokoa herrian bertan egiten dutela. «Ez gara logela herriak, eta ez nuke esango hori bilakatzeko arriskua dugunik ere. Herritarrek erosketak bertan egiten dituzte, herriko bizitza egiten dute. Ezberdina da gure kasua Gasteiztik hurbilago dauden herri handiekin alderatuz gero. Aldenduta egoteak mesede egin digu, agian».

Hain zuzen, etorkizunari begira erronka gisa jarri du Gorrotxategik enpresa gehiago finkatzea eta enplegua sustatzea; eta, batez ere, oinarrizko zerbitzuak indartzea. «Uste dut zerbitzu onak ditugula. Eta hori ezinbestekoa da aurrera begira jartzeko, baina hobetu daitezke». Interneta jarri du horren adibide gisa. «Bi urte dira banda zabala jarri zutenetik, eta ate asko ireki dizkigu».

Bide orri bat ere finkatuta dute erakundeek elkarrekin. Mendialdea Biziberritzen izeneko plana jarri baitzuen martxan aldundiak 2018an, kuadrillaren garapen ekonomikoa sustatzeko eta despopulazioari aurre egiteko. «Helburua da sektore guztietara heltzea, eta, ahal dela, ekintzak arlo guztiei eragitea». Jada hainbat jarduketa egin dituzte horri lotuta.

«Mugikortasuna oinarrizkoa da»

Ander Catalan. Apenas garraio publikorik dagoen inguruan, landa eremuko taxi zerbitzuak betetzen du haren hutsunea. Adineko herritarrak eta gazteak dira erabiltzaileak.

Ander Catalanek 27 urte ditu, eta, aitaren moduan, landa eremuko taxi gidaria da Arabako Mendialdean. Duela sei urte hasi zen jardun horretan, eta urteko egun guztietan eskaintzen du zerbitzua: «Egunero, 24 orduz nago prest zerbitzua emateko. Aitarekin adosten ditut opor egunak, eta bata edo bestea beti dago zerbitzua emateko moduan». Izan ere, garraio publikorik apenas dagoen eremuan, herritar askorentzat ezinbestekoa da joan-etorriak egiteko zerbitzu bat izatea. «Arabako Mendialdean gero eta jende heldu gehiago bizi da; garraiobiderik gabeko jendea da gehiena, eta behar dute norbait medikuarengana joan ahal izateko, erosketak egitera joateko edo bestelako jarduera ekonomikoak egitera hara eta hona mugitzeko, hala Gasteizera nola inguruko herrietara».

Hain zuzen ere, jende heldua da zerbitzua gehien erabiltzen duena. Eskola ikasturtea martxan dagoenean hainbat nerabe eta gazte ere eramaten ditu ikastetxera edota unibertsitatera. «Argi dago zerbitzu hau egongo ez balitz jende batek ez lukeela nola mugitu izango; mugikortasuna ezinbestekoa da halako eremu batean, oinarrizko zerbitzua da gurea».

Arabako Aldundiak diruz lagundutako zerbitzua da, eta nolabait garraio publikoaren hutsunea betetzen du landa taxiak. «Herritarrek garraio publikoaren txartelarekin ordaintzen dute zerbitzua, autobus baten gisara». Catalanek baikor begiratzen dio etorkizunari, eta adierazi du COVID-19arensizurriak bezero berriak ekarri dizkiola.

«Milaka arrain hazten ditugu»

Aitziber Asteasuinzarra. Amuarrainak hazten dituzte Nusi arrain haztegian, Santikurutze Kanpezun. Gehienak supermerkatu handi bati saltzen dizkiote.

Familia enpresa bat da Nusi arrain haztegia. Santikurutze Kanpezun du egoitza, eta amuarrainak hazten dituzte bertan. 1960ko hamarkadan hasi ziren eraikitzen, baina martxan jartzeko dirurik ez zutela-eta, proiektua ia bertan behera geratu zen. «Donostian bizi zen kontratista bat zen nire aitona, eta arrain haztegia eraikitzeko deitu zioten. Behin lanak amaituta, enpresak esan zion ezin ziola ordaindu, eta nahi bazuen haztegiarekin geratzeko. Familia guztia hartu eta hona etorri zen», azaldu du Aitziber Asteasuinzarrak.

Harrezkero, haren familiak dihardu arrain haztegiaren arduradun. Zazpi langile ari dira bertan, eta guztiak dira senitartekoak. «Familia enpresa bat da gurea, eta posible da bertatik bizitzea». Tamaina ezberdineko 106 putzu dituzte, eta urtean hamar tona inguru amuarrain hazten dituzte bertan. Arrautzak kanpotik ekartzen dituzte, eta bertan hazi gero. «Milaka arrain hazten ditugu. Gehien-gehienak Eroskiri saltzen dizkiogu gero, %90 inguru edo. Beste bezero batzuk ere baditugu, baina askoz ere txikiagoak dira horiek».

Arrantza putzu bat ere badute; negozioaren beste adarra da putzua, hain zuzen ere. Euro bateko sarrera ordainduta amuarrainak arrantzatu daitezke bertan, eta etxera eraman gero. Urteko egun guztietan dago zabalik putzua, eta edonor joan daiteke arrantzan egitera. «Familian edo lagunartean egin daitekeen plan bat da; egun pasa etorrita egin daiteke».

«Sare bat sortu nahi dugu zereal ekoizleekin»

Nacho Beltran de Heredia. Hirigunetik landa eremura lekualdatu, eta ogi artisau eta ekologikoa egiten hasi zen bikotekidearekin. Mendialdeko Ogia izeneko lantegia dute, Maeztun.

Hirigunea utzi eta landa eremura lekualdatu ziren Nacho Beltran de Heredia eta Anna Montserrat senar-emazteak orain ia hamar urte. Katalunian bizi ziren, Bartzelonan, eta enpresa multinazional batentzako egiten zuten lan han, abokatu gisara. Baina bizimodua errotik aldatu eta Arabako Mendialdera lekualdatu ziren, bertan bizi eta lan egiteko xedez. Maeztun aurkitu zuten aukera hori.

Mendialdeko Ogia izeneko lantegia zabaldu zuten bertan; ogi artisau eta ekologikoa egiten dute. «Argi genuen landa eremuari lotutako lanbide batean jardun nahi genuela, eta ogiaren ekoizpena hautatu genuen, zerealekin lotura zuzena duelako». Hainbat urtez aritu ziren lanbidea ikasten, eta duela bi urte eta erdi zabaldu zuten orain martxan duten negozioa. Enpresa txikia da: sei langile ditu orain udan, eta bosti eutsi nahi diote neguan, «otsoak jaisten direnean», Beltran de Herediak azaldu duenez. Ekoizpena ere ez du oso handia, eskariaren araberakoa izaten baita gehienetan: «Izen-abizeneko ogiak egiten ditugula esaten dugu, gutxi gorabehera norentzako izango den zehazten saiatzen gara egin aurretik, eta horren arabera ekoizpena alda daiteke».

Bikotea Mendialdera iritsi zenerako biztanleria galtzen ari ziren dagoeneko bertako herriak, baina arazo bainoago erronka gisa hartu zuten aldagaia; izan ere, produktuei bestelako salmenta bideak bilatu zizkieten. Hala, ekoizpenaren zati bat Gasteizen saltzen dute; hango elkarte eta denda batzuekin elkarlanean aritzen dira, eta horrek «lasaitasuna» ematen die urteari ekonomikoki eusteko.

Ahal dela, hala ere, bertako nekazariek ereindako gariarekin egindako irina erabiltzen dute ogia egiteko. «Sabandoko gari gorria erabiltzen dugu adibidez; duela urte batzuk bertako nekazariek berreskuratu egin zuten. Aurrera begira, gure helburua hori litzateke: bertan ereindako garia erabiltzea gure produktuak egiteko; eta, horretarako, sare bat sortu nahi dugu bertako zereal ekoizleekin», zehaztu du Beltran de Herediak.

Bihar: Aldudeko ibarra (Nafarroa Beherea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.