Beñat Zaldua. 'Gara'-ko kazetaria

«Baldintzak bermatu behar dira, horrelako kazetaritza egin ahal izateko»

JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
Andoain
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Azken ia bi urteetan denek buruan ibilitako galdera bati tiraka, kutsu literario handiko dibulgazio lana osatu zuen Beñat Zalduak Nola iritsi gara honaino? artikulu sortan. Zirkuluari ertzak topatu, eta koronabirusaren informazio erauntsitik aldendu zen. Hori saritu dio epaimahaiak, baita kontakizunari eusteko gaitasuna ere.

Partekatu egin nahi izan duzu jasotako aitortza. Zergatik?

Lan jakin bati aitortza oso-oso handia egin diote, eta oso pozik nago. Baina, bestalde, maila kolektiboan, urte oso gogor batzuetatik gatoz: lehenengo zorra, eta gero pandemia. Uste dut nire aitortzaz gain badela Naiz-en eta Gara-n egiten ari garen lanaren aitortza ere.

«Eguneroko gurpiletik» atera beharra nabarmendu duzu. Horri zor diozu sari hau?

Oholtzan ez dut brometan esan: aitatasun baimenarekin, umeari lehen paseoak ematen genizkion bitartean, gurpil horretatik pixka bat aldenduta, hartu ahal izan nuen arnasa, perspektiba eta beste lasaitasun bat. Oso zaila da Euskal Herriko komunikabide txikietan horretarako denbora topatzea, bai zuenean eta bai gurean. Euskal Herriko kazetaritza sisteman baldintzak bermatu behar dira, horrelako kazetaritza egin ahal izateko.

Kazetariek gutxiegitan hartzen dute horretarako lizentzia, arrazoi horrexegatik beragatik?

Zaila da geure buruari horretarako baimena ematea. Nik ere kristoren bertigoa izan nuen eguneroko teletipoen martxa horretatik atera eta zerbait literarioagoa egiteko, baina aukera izan nuen. Eta ikusi da, denbora izanez gero eta egiten dena barrutik ateratzen bada, saria jaso dezakeela horrelako lan batek. Eta, sariaz gain, serie honek harrera ona izan zuen gurean, eta uste dut irakurleak ere eskertzen duela aktualitatera bestelako hurbilpen bat egitea.

Eta hala egin zenuen datuei eta zenbakiei oso loturik egon den gai batekin. Erronka gehigarria da hori, ezta?

Edozein gertaerak aktualitatea jaten digunean, oso erraza da haren atzetik joatea, baina oso garrantzitsua da batzuetan pauso bat atzera eman eta ikuspegi orokorrago batetik begiratzea kontatzen ari garenari. Seguruena, hamaika ertz topatuko ditugu, eguneroko gurpil azkar horretan ez ditugunak ikusi ere egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.