UDAKO SERIEA. Haizearen kontra hazitako produktuak (II). Olioa.

Gipuzkoa, olioz bustita

Gipuzkoako kostaldeko hezetasunak ez du eragozten kalitate oso oneko olioa lortzea, nahiz eta lehortasunari eta beroari lotua egon. Euriari eta haizeari aurre eginez, urre likidoa egiten segituko dute.

Ona. Bergarako Ona olioaren lehen botilak, Angiozar auzoko olibondoak atzean daudela. GORKA RUBIO / @FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Olioa klima mediterraneoko produktu tipikoa da, baina Gipuzkoa hezean ere oliba zuku hori egin daitekeela erakusten ari dira. Horren adibide da Etxagibel Altuna familia. Pinuen lekua hartu dute olibondoek Bergarako Angiozar auzoko maldan. Bi hektareatan, 700 olibondo landatu dituzte Lia Altuna eta Alberto Etxagibelek. Etxe ondoan pinudirik nahi ez zutelako erabaki zuten olibondoak landatzea, duela bederatzi urte. Hezetasunari, hotzari eta haizeari aurre eginez, 1.500 kilo oliba jaso, eta 250 litro olio ekoitzi dituzte 2017an aurrenekoz. Udan hasi dira merkaturatzen, Ona oliba olioa izenarekin, zuzenean eta delicatessen denda batzuetan.«Orain arte, etxerako olioa egin izan dugu sagarren dolare txiki batekin. Ikasten jardun gara, eta jateko olibak eta xaboia ere egin ditugu», gaineratu du Altunak.

Esperimentu gisa hasitako proiektutik oliba olio bikaina atera daitekeela egiaztatu dute. Egindako lanak eman du fruitua. Badajozko (Extremadura, Espainia) laborategi batera eraman dute olio hori, eta «oso berezia» dela esan diete. «Birjina estra guztiak pikanteak eta mikatzak dira, baina esan digute gurea oso orekatuta dagoela», azaldu du Etxagibelek. Jakin dute fruta usain handikoa eta freskoa dela, eta ez oso koipetsua.

Hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte orain dauden egoera onera iristeko. Hezetasuna dute arerio nagusia. Hori dela eta, zuhaitzen %90 arroniz motakoa da, horiexek egokitzen baitira ondoen Gipuzkoako klimara. Gainera, hegoaldera begira dauzkate, mendien babesean. «Horrela, posible da kalitatezko olioa ekoiztea», baieztatu du Altunak. Etxagibelek gaineratu du haizeak ere kalte handiak eragiten dituela, adarrak puskatzen zaizkielako zuhaitzen pisu handiagatik. Konponbide gisa, hesola bat jarri diote zuhaitz bakoitzari. «Orkatzek eta basurdeek ere mina egiten dute».

Aurtengo negu euritsuak ere ez die batere lagundu. «Oso arduratuta egon gara, eta uztail hasieran hasi ziren buelta ematen». Euria egin zuen abendutik ia gelditu gabe: «Azken bederatzi urteetako negurik txarrena izan da, alde handiz». Etxagibelek dio olibondoek aurten ez dituztela eman fruituen erdiak ere, baina eman dituztenak oso onak izan direla. «Ez gaude abantailei eta desabantailei begira; esperimentatzeko proiektu bat da guretzat».

Kalteak kalte eta zailtasunak zailtasun, Gipuzkoan jakin-mina pizten du olioak. Inguruko baserritar batzuek ere erakutsi diete interesa olioa egiten hasteko, baina, gero, lan handia duela ikusten dute. «Hiru aldiz moztu behar da belarra sail guztian, eta ia hilabete behar da moztaldi bakoitza egiteko; adarrak kimatu behar zaizkie; eta soilik tratamendu ekologikoa eman diezaiekegu». ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua arduratzen da ziurtatzeaz ez dutela pestizidarik erabili, eta kontrolak egiten dizkiete. Etxagibelek dioenez, orain arteko emaitzak oso onak izan dira.

Altunak azaldu du Gipuzkoan ezin dela bizi olioaren salmentatik. Ekoizpen txikia dute, eta, ekologikoa izanda, are txikiagoa. Ongarri kimikoa erabiliz gero, behartu daiteke zuhaitza oliba gehiago ematera, baina ekologikoan asko murrizten da ekoizpena. «Hala ere, guk garbi dugu ekologikoa egiten jarraituko dugula», ziurtatu du Etxagibelek.

Pozik daude, ekoizpen handia ez duten arren kalitatezkoa dutelako. Eremu batzuetako hezetasun handia murrizteko urak aldatzea dute orain jomugan.

Gainera, Bergarako olioa merkaturatzen ere hasiko dira. «Oraintxe sartu dugu olioa botiletan. Espero dugu Gipuzkoakoa delako saltzea; interesa, behintzat, badago». Euskal Herriko delicatessen dendetan egongo da eskuragarri. Emaitzak ikusita, aurrerantzean ere jarraitzeko asmoa dute, Etxagibelek dioen bezala jada txarrena eginda baitago.

Kostan ere bai

Hondarribia tradizioz txakolinaren herria izan bada ere, mahatsondoen artean 800 olibondoko lursail bat dago Jaitzubia auzoko Beheko Errota jatetxearen inguruan. Fermin Segura da landaketaren arduraduna. Aitaren ideiari jarraikiz sartu zen olioaren munduan, eta horretan dihardu ordutik, Beko Errota olioa ekoitziz: «Aitari sartu zitzaion buruan inguru honetan olibondoek ondo emango zutela, eta, proba egiteko, 200 zuhaitz inguru landatu genituen».

Aitak asmatu zuen, eta lehenengo urtean nahiko uzta ona eduki zuten. Hori ikusteak ilusio handia egin zion, eta beste 600 olibondo landatzea erabaki zuten. Halere, azken urteetan olibondo batzuk galdu egin dira, ez dutelako nahi izan tratamendu askorik egin. Konturatzen ari dira inguru horretan ez dela fruitu nahikoa ateratzen, eta, orain arte ekologikoan egiten saiatu badira ere, pentsatzen hasi dira tratamendu kimikoren batekin pixka bat lagundu beharko dietela.

Oraingo produkzioa nahiko txikia delakoan dago Segura: «Iaz 1.300 kilo oliba inguru jaso genituen». Urte batzuetan gehiago eman izan dute 2.000 kilo ere bai, baina hor inguruan ibiltzen dira. Hiru olibondo mota dauzkate landatuta: Espainia hegoaldeko piqual, Nafarroako arroniz eta Tarragonako arbequina. Oso garrantzitsua da olibak jaso bezain laster olio errotara eramatea. «Egun batean jaso, eta goizeko bostetan abiatuta eramaten ditugu Nafarroako olio errota batera», azaldu du Segurak. Bertan, olibak oso gutxi zapaltzen dituzte, ateratzen den olioa hobea izan dadin.

Seguraren hitzetan, aitak olibondoak landatzea erabaki zuenean, jendeak pentsatzen zuen erotuta zegoela. Hondarribian olibak egitea arraroa iruditzen zitzaien, baina oso oliba onak eta zaporetsuak ateratzen direla baieztatu du Segurak. «Olioa Hondarribian egindakoa dela esandakoan, batzuk harritu egiten dira, eta ez didate sinesten».

Olibondoak Gipuzkoan hazteak desabantaila gehiago ditu abantailak baino, Seguraren iritziz: «Hemen ur asko dago, eta haize handia ibiltzen da. Sustraiak, nahiko ur daukatenez, ez dira behera joaten, eta haizearekin gehiegi mugitzen dira». Abantailak ere baditu: olibondo horiek sagarrez, mahatsez eta etxetik gertu dauden loreez inguratuta daude, eta erleek dena nahasten dute polinizazioaren bidez. Horrek eragin handia du: beste zapore bat ematen diete.

Desabantailei aurre eginez eta abantailak aprobetxatuz, Hondarribian inguruko olio ekoizle bakarrak dira, Segurak dioenez. Inguruko baserritar batzuek interesa erakutsi dieten arren, besteei jarraibideak ematen hasi aurretik eurek fruituak ondo lortzea nahi dute. «Nik olibak ondo nola atera asmatzen dudanean, kontatuko diet gainontzekoei».

Esperimentu gisa jarri zuten martxan proiektu hori, eta Segurak oso argi du gauza bat: «Hau ez dugu diruarengatik egiten; kapritxo bat da». Prozesuak gastuak ditu, eta, asko ekoitzi nahi izanezgero, hemen ez dago modurik. Olibondoen ondoan daukaten Beko Errota jatetxean saltzen dute olioa, baina, ekoizpen txikia dutenez, lehenengo etxerako uzten saiatzen dira, eta, ondoren, jatetxeko ohiko bezeroei saltzen diete gehiena. Olio «bikain» eta «espezial» gisa definitzen du Segurak. «Askok Gipuzkoan egindakoa delako erosten digute olio hau», aitortu du.

Oliba gutxiegi jasotzen dituztela iruditzen zaie, eta zerbait egin nahi dute datorren urtetik aurrera, estrategia aldatu eta zuhaitzek gehiago produzitu dezaten. Hurrengo neguan tratamendu kimiko bat ematen hasteko asmoa daukate, olibondoek hezetasun gutxiago izan dezaten eta landarea hobeto atera dadin. Horrela, aitaren ilusioari eutsiz, segituko dute olioa egiten: «Argi dugu gure etxeko olibondoekin olioa egiten jarraituko dugula. Izan ere, lurretan ezer ere ez edukiz gero, sasiz betetzen dira». Beraz, Euskal Herriko olibondorik iparraldekoenak izango dira aurrerantzean ere.

Bihar: Kabiarra eta cava Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.