BAKARRIZKETA

'Google tasa'-ren auzian su-eten bat sinatu dute AEBek eta Frantziak

IAN LANGSDON / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
1. Aspaldiko partez elkarrekin ez dugula parranda bat egiten, eta zu mugikorrean harrapatuta. Ez zaizu iruditzen alkohola eta sare sozialak nahastea arriskutsua dela? Bai, eta tartean Trumpen mezuak badaude, are arriskutsuagoa.

2. Zer bota du oraingoan? Macroni esan dio ardoa eta teknologia berriak ez nahasteko, eta AEBetako ardoa Frantziako baino hobea dela.

3. Ez naiz aditua ardo kontuetan, baina AEBetan egon berri naiz, eta Frantziakoa izugarri garesti zegoen. Bai, Trumpek %100 igo dizkiolako muga zergak. Gauza bera egin du Frantziako beste 62 produkturekin, Macronek Google tasa deiturikoa ezarri duelako.

4. Zer da hori? Frantziak Google, Facebook, Airbnb, Amazon eta gisako enpresak behartu ditu fakturatutako %3 pagatzera Frantzian egiten dituzten operazioetan—publizitatean, bitartekaritza zerbitzuetan, datuen salerosketan...—. Trumpek, berriz, antzeko tasa bat ezartzeko asmoa duten herrialdeei beren produktuak boikotatzeko mehatxua egin die. Espainian, Pedro Sanchezek egitasmo bat aurkeztu zuen iaz, baina bozengatik eten zuen.

5. Aste honetan irakurri dut zerbait gaiari buruz, baina ez naiz gogoratzen zeren harira. Ezagutzen duzu Davoseko foro ekonomikoa? Mundu osoko 54 herrialde boteretsuenetako presidenteak eta enpresetako buruak biltzen dira Suitzako herri horretan. Aste honetan izan da, eta horri buruz aritu dira. Munduko ekonomian garrantzia izugarria du gaiak.

6. Horrenbestekoa al da? Oso. Hankaz gora jar dezake azken ehun urteetako zerga politika.

7. Eta zein da berritasuna? Halako tasa batek, irabaziak zergapetu beharrean, fakturazioa zergapetzen dituela. Sozietate zergaren oraingo egitura ez dago Internetaren arora moldatuta. Enpresa bat zergapetzeko, lurralde batean presentzia fisikoa izan behar du: lantegia, saltokiak, langileak. Orain, klik batek ematen dio etekina, eta hori izan daiteke bezeroa eta saltzailea harremanetan jartzegatik, datuak saltzeagatik, publizitateagatik... Horretarako ez da behar presentzia fisikoa lurraldean.

8. Zer esan nahi duzu, Amazonek-eta ez dutela zergarik ordaintzen hemen? Pagatzen dituzte, bai, sukurtsal batzuk dituztelako. Baina, oro har, Europako Batasunean sozietate zerga batez beste %23 da, eta enpresa horiek %8 inguru ordaintzen dute. Konpainia horiek, zenbait sozietateren eta copyright eskubideen bidez, dirua AEBetako matrizetara eta paradisu fiskaletara desbideratzen dute.

9. Eta ezin da ezer egin? OCDE ari da lantzen proposamen bat enpresa digitalek herrialde bakoitzean duten presentzia neurtzeko eta zergapetzeko. Urte amaierarako izan dezake prest.

10. Hortaz, Davosen ez dute ezer adostu? Bueno. Su-eten moduko bat sinatu dute AEBek eta Frantziak. Enpresa horiek azaroan egin zuten zergaren lehen ordainketa, eta apirilekoa izoztu egin du Eliseoak, baina behin behinean. Nazioarte mailako akordio bat exijitu du. OCDEk deituta, 157 herrialde bilduko dira gutxi barru Parisen...

11. Ea zer gertatzen den... Eta, gurera etorrita, nahi duzu beste kopa bat ardo?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.