Abian jarri dute Zubietako biometanizazio planta

Urrian hasiko dira erraustegia probatzen, eta abenduan normaltasunez martxan edukitzea espero du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak

Zubietara bisita egin zuten atzo aldundiko eta FCCko arduradunek; irudiak, kazetariei azalpenak ematen. GHK.
Erredakzioa
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Aurki lanean izango dira hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako azpiegitura guztiak. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidenteak atzo jakinarazi zuenez, egunotan probak egiten hasiko dira Zubietako biometanizazio plantan, eta erraustegiko obrak ere amaituta daude. Azpiegitura horretarako ere egutegi bat zehaztu zuen: urrian jarriko dute martxan proba fasean, eta abendurako normaltasunez aritzea espero dute.

Zubietara bisita egin zuten atzo aldundiko eta FCCko arduradunek —azpiegituren parte bat kudeatuko du. Pozik agertu zen Asensio biometanizazio planta abiatzearekin: «Gipuzkoarrok gaikako bilketan egiten dugun ahaleginari erantzuten dio». Izan ere, bereizita jasotzen den organikoa tratatuko du azpiegitura horrek: 25 eguneko prozesu batean, hondakinei ura kenduko diete, eta eragiketa horretan metatzen den metanoa erre egingo dute; urtero 14.500 megawatt-orduko energia sortuko du —4.000 etxe argindarrez hornitzeko adina, GHKren kalkuluen arabera—. Urtean 40.000 tona zabor hartzeko gaitasuna izango du; izatez, azken egunotan iritsitako 1.500 tona ditu zain.

Zepak tratatzeko planta ere prest dute, eta Zabalgarbitik heldutako 300 tona zepa daude jada Zubietan, probetan hasteko. Bertan, hondakinak erre osteko errautsak hoztu, bereizi eta geldotuko dituzte, besteak beste, porlana egiteko. Urri erdialdetik aurrera, bertako errauste plantako zepak ere jasoko ditu. Beraz, urtea bukatzerako lanean izango dira Zubietako lau azpiegiturak—TMB planta apirilean jarri zuten martxan—.

Laginak biltzeko babesa

EAM Errausketaren Aurkako Mugimenduak bat egin du errauste plantaren kutsadura kontrolatzeko Zubieta Lantzen elkarteak abiatu duen egitasmoarekin. Elkarte horrek bi enpresa lotu ditu kutsaduraren kontrol independentea egiteko, eta hasi dira jada laginak biltzen. EAM finantzaketa lortzera konprometitu da: diru bilketa kolektibo bat abiatuko du datozen egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.