Izarrarteko opari bitxia

Espero ez zuten oparia ekarri die Olentzerok astronomoei: eguzki sistemaren kanpotik etorritako harritzarra. Ikatza dirudien arren, benetako harribitxia da.
'Oumuamuaren irudikapen artistikoa.
'Oumuamuaren irudikapen artistikoa. M. KORNMESSER / ESO

Juanma Gallego -

2017ko abenduak 24
Izen bitxia jarri diote eguzki sistema bisitatu duen izarrarteko lehenengo objektuari: 'Oumuamua. Hawaiieraz, «mezularia». Hedabideetan, «aurrenekoz datorrena», «kanpotik etorritako lehenengoa» eta halakoak aipatu dituzte. Globalizazio garai honetan, ordea, erraza da datuak zehaztea, eta, Gabonetako opor ordainduen aitzakian ez bada, ez dago Honululura joan beharrik informazioa egiaztatzeko.

Ku-A-Kanaka Hizkuntza eta Kultura Indigenarako Institutuko Ku Kahakalau adituarengana jo du BERRIAk, kontua argitu dezan. Hasierako apostrofea, okina izenekoa, hizkia dela esan du, eta, beraz, idatzi beharra dagoela. Hitzak buruzagia edo esploratzailea esan nahi duela azaldu du Kahakalauk. Halere, argitu du gaur egungo hawaiieraz apenas erabiltzen dela. Akabo eztabaida.

Hawaiiko Pan-STARRS teleskopioaren bitartez aurkitu zuten bisitaria, urriaren 19an, Marteren eta Lurraren arteko orbitan. Kometek garatu ohi duten koma edo isatsik aurkitu ez ziotenez, astronomoek pentsatu zuten asteroide bat zela. Baina, ustezko asteroide horren orbita kalkulatzean, ikusi zuten arroka hori ez zela ohikoa. Gainera, eguzki sisteman egon ohi diren objektuekin alderatuta, ziztu bizian mugitzen zen. Jakina da umeek, txikiteroek eta ekuazioek ez dutela gezurrik esaten: zenbakien arabera, argi geratu zen objektu hori ez zetorrela eguzki sistematik.

Ezohiko itxura

'Oumuamuak islatzen duen eguzkiaren argia eta bere biraketa ikertuta, gainera, egiaztatu ahal izan dute objektuak itxura guztiz bitxia duela. Zigarro baten itxura du; 400 metro inguru da luzeran, eta 40 metro inguru lodieran. Gutxitan ikusi dira halakoak eguzki sisteman.

Halako gertaera baten ostean, astronomo ugarik bisitaria ikertzeari ekin diote, eta, jadanik, ikerketa andana bat kaleratu dira. Horietako batean parte hartu du Antioquiako Unibertsitateko (Medellin, Kolonbia) zientzia planetarioen taldeko Jorge Zuluaga astrofisikariak. Bereziki asteroideak eta kometak ikertzen ditu, eta gaiaren inguruko zientzia dibulgazioa egiten du Siderofilia blogaren bidez. Bisitariaren berri izan zuenean asko poztu zela aitortu du Zuluagak, eta, Ignacio Ferrin kidearekin batera, gaia ikertzeari ekin zion. «Kolorea aztertuta, uste dugu iraungitako kometen kategorian sar daitekeela». Astrofisikariak azaldu duenez, kometek material lurrunkor asko dute, batez ere izotz organikoak. «Eguzki sistemaren barruko aldeko orbita batera jaistean, kometek material lurrunkor horien zati bat galtzen dute, eta, denborarekin, material lurrunkor gehienak galtzen dituzte; ondorioz, iraungitako kometa bihurtzen dira».

Adituaren ustez, eguzki sistemaren inguruetan «halako milioika objektu egongo dira seguruenera, baina horiek atzematea zinez zaila da». Bat dator egunotan argitaratu den hipotesi batekin: dinamikoki oso aberatsa den planeta sistema batean sortu izanari zor dakioke 'Oumuamuaren itxura bitxia, eta, seguruenera, izar bikoitz baten inguruan jaio zen.

Hipotesi horren aldekoa da Torontoko Unibertsitateko (Kanada) astrofisikari Daniel Tamayo ere. Planeta eta sateliteen dinamika orbitalak aztertzen ditu. «Niretzat, interesgarriena da 'Oumuamua beste izar baten edo izar sistema baten inguruan sortu zela. Planetak sortzeko prozesua nolakoa den oso ondo ezagutzen ez dugunez, hori bezalako objektuak ikustea oso ondo etorriko zaigu planetak nola sortzen diren ikertzeko».

Logikak agintzen du eguzki sistema batean arrokaz osatutako objektuak izarretik gertuago daudela, eta izotzez osatutakoak urrunago daudela. Hala izaten da gure eguzki sisteman. Ondorioz, eguzki sistema batetik ateratzen diren objektuak izotzez osatuta egotea espero daiteke, izarraren grabitateari hain lotuta ez daudelako.

Halere, Tamayok ñabardura garrantzitsua egin du. «Hori gertatzen da gurea bezalako izar bakarreko sistemetan, baina badakigu unibertsoan batez ere izar sistema bitarrak daudela. Halakoetan, edozein objektu erdiko aldera hurbiltzen denean, erraz botea izan daiteke eguzki sistema horretatik kanpo». Beraz, arrokaz osatutako objektu bat bere eguzki sistematik kanpo kaleratua izana ez da hain arraroa.

Alabaina, bestelako aukerak ere badira. Adibidez, Nature Astronomy aldizkarian kaleratutako ikerketa batek erdiko bidea urratu du. Aurkeztutako emaitzen arabera, objektuak karbono ugari duen azala izan dezake, milioika urtean izpi kosmikoek eragindakoa. Geruza horrek babestu du objektuak barnean duen izotza, eta, horregatik, eguzkira hurbildu denean 'Oumuamuak ez du isatsik garatu.

Artifizialtasuna, zalantzan

Kanpotik etorritako lehena izatearekin batera, objektuaren itxurarekin harritu dira zientzialariak gehien. Tamayok dioenez, «espero izango zenuke eguzki sisteman sartzen den lehen gauza zerbait oso normala izatea. Baina gure eguzki sisteman ikusten ditugun asteroiderik luzeenak bezain luze da 'Oumuamua».

Bitxitasun horiek guztiak kontuan izanda, normala da mota guztietako espekulazioak kaleratu izana. Lurretik kanpoko bizitza antzematea helburu duen Breakthrough Listen egitasmoak jakinarazi duenez, orain arte egin diren azterketek ez dute adierazi objektu artifiziala denik. Halere, Zuluagak ohartarazi du aukera horri ez zaiola atea itxi behar. Astrofisikariak nabarmendu du 'Oumuamuak itxura eta errotazio bitxiak dituela, eta merezi duela artifizialtasunaren aukera ikertzea. «Askotan entzuten dut zientzialariak munduko pertsonarik eszeptikoenak direla, baina nik beti diot: bai eta ez. Izan ere, zientzialariok espekulatzen ematen dugu denbora gehien: ezinezko aukeren inguruan amesten ari gara. Agian, artifizialtasunaren ideia aipatuta, zientzialari askok barre egingo dute, baina nik badakit egunen batean halako gauza bat topatzeko ametsa dagoela haien bihotzen barrenean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna