BAKARRIZKETA

Francisco Gonzalez, entzun nahi eta egin

JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
1. BBVAko Francisco Gonzalez berriro ere! Erretiratu ondoren ere harekin sartu behar duzu? Zer erremedio. Haren izena berriro hedabideetara itzuli da, legez kanpoko entzuketa batzuen inguruan.

2. Legez kanpoko entzuketak? Utzi asmatzen: Villarejo komisarioaren thriller amaiezinaren beste kapitulu bat. Bingo! Argi dago Madril aldean oso ezaguna zela zerbait zikina egin behar zenean norengana jo behar zen.

3. Eta zertarako jo zuen Gonzalezen harengana? Ustez, noski.El Confidencial eta moncloa.com agerkari digitalek diotenez, Gonzalezek jakin nahi zuen zer tratutan zebilen orduko Espainiako gobernua bera BBVAko buruzagitzatik kanporatzeko. Kontua da 2004. urtean Sacyr eraikuntza enpresa saiatu zela BBVAren kontrola eskuratzen. Eraikuntzaren gorakadarekin kutxak diruz beteta zituzten orduan Sacyrrek eta enparauek, eta kapitalista handiak izatera jokatzen hasi ziren. Florentino Perezen ACSk Iberdrolaren %20 erosi zuen, Accionak Endesaren %25 eta Sacyrrek, berriz, BBVAren %5 hartu zuen, baina bankua kontrolatzeko asmoarekin.

4. Eta Espainiako Gobernuak zer zuen ikusteko kontu horretan? Sacyrreko buru Luis del Riverok Jose Luis Rodriguez Zapatero orduko presidentearen bedeinkapena zuen. ZPk Gonzalez BBVAtik bota nahi zuen, hura Jose Maria Aznarren gizon bat zelako, eta bere sokako jendea jarri nahi zuen bankuan.

5. Botere politikoaren eta finantza munduaren arteko loturak... Lotura horiengatik zegoen Gonzalez BBVAko presidentzian. Aznarrek izendatu zuen Argentaria banku publikoko buru, eta hura pribatizatu eta BBV Banco Bilbao Vizcayarekin elkartu zen. Argentaria batasun horretako kide txikiena zen arren, Gonzalezek botere osoa lortu zuen 2001ean, jakin zenean BBVko buruzagiek dirua ezkutatu zutela Jersey uharteko kontuetan. Akabo orduan Neguriko familia handien kontrola. BBVA Madrilera begira jarri zen.

6. Heldu diezaiegun berriz entzuketei. Noiz eta nola gertatu ziren? Antza, Gonzalezek Villarejoren Cenyt agentzia kontratatu zuen, eta hura Moncloako telefonoak zulatzera iritsi zen 2004ko azarotik 2005eko otsailera. El Confidencial-ek eta moncloa.com-ek zabaldutako elkarrizketa baten transkripzioan ageri dira Miguel Sebastian Zapateroren orduko kontseilari ekonomikoa eta Maria Teresa Fernandez De la Vega lehendakariordea Santander bankuko ordezkari bat lasaitu nahian, FG botatzeko operazioa aurrera zihoala eta. Ez zuten asmatu: lortutako informazioarekin, Gonzalez gai izan zen aurkarien mugimenduei aurre egin eta Sacyrren saiakera trabatzeko. Hogei urte egin zituen BBVAn, eta abenduan hartu zuen erretiroa.

7. Zer dio BBVAk? Ostegunean, agiri labur baten bidez, jakinarazi zuen ekainean barne ikerketa bat zabaldu zuela Cenytekin egindako kontratuei buruz. Gainera, abokatu bulego bati eskatu zion azterketa independente bat egiteko. Salaketak «oso larriak» direla dio bankuak, eta irregulartasunak aurkituz gero, auzitegitetara joko duela .

8. Beste ikerketarik? Espainiako finantza merkatuen gainbegiratzaile CNMVk iragarri du ikerketa egingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.