UDAKO SERIEA. Etxebizitzaren zimenduak (III). Etxebizitza politika publikoak.

Publikoa, bultzada zain

Adituek uste dute administrazioek, babes publikoko etxebizitzak sustatzeaz gain, beste lan ildo batzuk ere jorra ditzaketela, jabetza eskubidearekin talka gertu egon arren.

Alokairuko etxebizitza bat iragartzeko kartela. JON URBE / FOKU.
Jon Rejado.
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Etxebizitza eskubide bat baino gehiago dela diote adituek. Izan ere, beste oinarrizko eskubide batzuk garatzeko bidea ere bada, hein handi batean: bizitza pribatua, segurtasuna... Administrazio publikoek hori bermatzeko ardura dute, baina galdera ugari pizten ditu auziak. Zeintzuk dira etxebizitza politika publikoen lehentasunak gaur egun? Orain arte, zer egin dute? Zergatik ez dago etxebizitza parke publiko zabalagoa? Alokairuko etxebizitzak sustatu beharko al lirateke bakarrik? Merkatuan esku hartu beharko lukete erakunde publikoek?

Hainbat aditu galdera horiei erantzuten saiatu dira, egungo egoeraren nondik norakoen berri izateko: Javier Buron Cuadrado, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde ohia eta Bartzelonako Udaleko Etxebizitza kudeatzailea; Aitziber Etxezarreta Etxarri, EHUko Ekonomia Aplikatuko Saileko irakaslea; eta Ion Martinez Lorea NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako irakaslea.

ZERTARAKO?





Aitziber Etxezarretak azaldu du etxebizitza politikek etxebizitza eskubideari erantzun behar diotela: «Eskubide unibertsal moduan ulertuta, baita etxebizitzarako sarbide moduan ulertuta ere». Horrez gain, eskubidearen fokua gizabanakotik zabalduz «gizarte kohesionatu bati» erantzun behar diola gaineratu du. «Segregazioaren aurka egin behar du; bestela, badakigu nola jokatzen duen merkatu libreak». Hori lortzeko hiriaren gune guztietan etxebizitza sozialak egon beharko liratekeela azaldu du. Donostia jarri du adibide, azken urteetan etxe babestuak Loiolako Erriberan eta Txomin Enean soilik eraiki direla eta: «Hiriaren gune guztietan egin behar dira».

Ion Martinezek etxebizitzaren funtzio sozialarekin bat egin du. Gogora ekarri du etxebizitza sarri funtsezkoa dela «bizitzako helburu pertsonalak» garatzeko. Edonola ere, etxebizitza eskubidearen bigarren alor bat gehitu du: salerosgai gisa. Martinezek uste du egungo politika publikoetan ikuspuntu horrek lehentasuna izan duela, ikusita eraikuntzari lotutako sektoreak sustatzeko baliatu dela: «Sektore publikoan erretorika bat egon da horren alde: zorpetzearen diskurtsoa, ekonomiari laguntzekoa».

PARKE PUBLIKOA, TXIKITUZ

URTE BATETIK BESTERA





Hego Euskal Herrian babes publikoko etxebizitza parkea ez da handitzen ari. Are gehiago, gero eta txikiagoa da. Horren atzean Espainiako Gobernuaren hautu politiko bat dago: babes publikoko etxebizitzek izendapena galtzen dute denboraren joanarekin. Hau da, babes ofizialekoa izanda erositako etxe bat merkatu librean sal daiteke, epe jakin bat pasatu ondoren. Horrek eragin handia du egungo egoeran; adibidez, Hegoaldeko administrazioek 180.000 etxe baino gehiago sustatu dituzte, baina 2017rako horien laurden bat pribatuak ziren: 45.689. Are, urteen joanarekin 54.000 etxebizitza publiko baino gehiago pribatu bilakatuko dira. Hots, babes publikoko etxebizitza gisa jaio zirenen erdiak parke publikotik aterako dira.

Eusko Jaurlaritzak 2003. urtean jarri zion konponbidea horri. «Urte batzuetan nekez lortzen genuen behar beste eraikitzea, galtzen genituen etxebizitzak ordezkatzeko», gogoratu du Buronek. 2003an irizpide hori eten zuten: ordutik aurrera diru publikoz sustatutako etxebizitza guztiek babes ofizialeko izendapena mantenduko zuten, betirako. «Bitarteko tipo juridiko bat ezarri genuen: zuzenbide pribatukoak dira oraindik, baina baldintzekin, sare publikotik atera ez daitezen». Alegia, etxe horiek saldu nahi dituztenek administrazioak zehaztutako baldintzetan eta prezioan egin beharko dute.

Nafarroan ez da halakorik egin oraindik. Jabetzara bideratutako etxebizitza publikoak 30 urteren buruan merkatu pribatura pasatzen dira. Alokairu publikokoak, aldiz, hamabost urteren buruan, oro har. Ipar Euskal Herrian pausoa eman da babespeko etxebizitzak merkatu pribatura pasatzeko; Frantziako Gobernuak iaz onartutako lege batek errazten du prozesu hori.

ALOKAIRUA EDO JABETZA?





Etxebizitza eskubidea bermatu ahal izateko, Etxezarretak, Martinezek eta Buronek adierazi dute alokairuaren aldeko apustu handiagoa egin beharko litzatekeela. «Herritar guztiei etxebizitza duin bat bermatzeak ez du esan nahi jabetzan eskaini behar zaienik». Azkenaldian aldaketa antzematen ari dela gaineratu dute, baina ez «behar bestekoa». Hegoaldeko administrazioek sustatutako ehun etxebizitzatik zazpi bideratzen dira alokairura: 157.766 etxebizitza jabetzara bideratu dira, eta 10.846, alokairura.

Etxezarretak uste du jabetzaren aldeko apustu horren atzean gizartean antzemandako lehentasuna egon daitekeela. «Egoerak behartuta aldatzen ari bada ere, badago jabetzaren aldeko zerbait errotua gure inguruan». Dena den, Buronen iritziz, hori alda daiteke. «Kulturak sortu egiten dira». Gogora ekarri du egungo jabetzaren kultura ez dela «naturala»; Jose Luis Arrese frankismoko lehen Etxebizitza ministroaren hitzak ekarri ditu gogora: «Jabeen Espainia bat nahi dugu, ez langileena». Izan ere, frankismoan jabetza sustatzeko politiken goraldia gertatu zela azaldu du, eta gaineratu du egungo egoera oso bestelakoa litzatekeela 1970eko hamarkada amaierako politikariek alokairuaren alde egin izan balute. «Dena den, horretarako dirua jarri beharko litzateke mahai gainean».

Ion Martinez kritikoa izan da administrazioek jabetzaren alde egindako apustuarekin, horren bitartez etxebizitza eraikuntzaren gorakada ere ahalbidetu delakoan. «Mezu argia zabaltzen zen sektore publikotik: 'Erosten duzun horrek gero eta gehiago balioko du', 'Ez galdu aukera'...». Mezu horiekin batera, gobernuek enpresak «akuilatu» zituzten eraiki zezaten, eta herritarrak «etxebizitzaren gorakadaren ziklo ekonomikora» eraman zituzten.

SEKTORE PRIBATUAN ERAGIN

ADMINISTRAZIO PUBLIKOTIK





Etxebizitza politika berriekin batera, duela urte batzuk pentsaezinak ziren lan ildo batzuk heldu dira: etxebizitza hutsei kanon bat ezartzea, premia handia dagoenean behin-behineko desjabetzeak aztertzea... Alegia, administrazioek merkatu pribatuan esku hartzeko pausoa eman dute, eta bi eskubideren arteko talka sortu da: etxebizitza eskubidea eta jabetza pribatua. «Beti egongo da gatazka, baina lortu behar da guztioi zentzuzkoak iruditzen zaizkigun irizpideak jartzea», hausnartu du Buronek. Horri gehitu dio bilakaera bat dagoela, irizpide komun horiek zehaztean. «Duela hamar urte etxebizitza hutsen kanona oso polemikoa zen, baina gaur egun ez da hala».

Ion Martinezek beste alor batean jarri du begirada: alokairuko prezioen gorakada. «Aurreko legegintzaldiaren aurretik egindako ikerlanetan, besteak beste prezioen kontrolarekin arazoa zegoela antzeman genuen». Azaldu du prezioek gorantz jarraitu dutela, Nafarroako Gobernuak alokairu sozialeko etxebizitza parkea %70 handitu badu ere. «Bi arima dituen eskubide batekin egiten dugu topo, berriz: eremu soziala eta merkatuaren aldea». Alegia, erakunde publikoek neurri «interesgarri eta ausartak» sustatu arren, uste du merkatuaren kontrolari buruz hitz egitean hitz lausoetara jotzen dela. «Eufemismoak erabili ohi dira kasu horietan: 'Komeniko litzateke saiatzea...'. Etxebizitza eskubidearen bi arimen arteko tentsioaren aurrean, ideia da etxebizitza merkatuan eragozpenik ez sortzea».

Berriki hainbat hiri agertu dira hedabideetan merkatu pribatuan sartzeagatik: Berlin, Paris, New York... Alokairu pribatuaren prezioa mugatzea edo izoztea erabaki dute. Etxezarretak azaldu du Euskal Herrian ezin dela halako erabakirik hartu: batetik, eskumenen banaketa dela eta, eta, bestetik, «oso zaila» izango litzatekeelako horrelako hautu bat argudiatzea merkatuen aurrean. «Oso interesgarria iruditzen zait; ikusiko dugu zer gertatzen den, eta ea aurrekari ona ezartzen duten».

ETORKIZUNEKO ERRONKAK:

PARKEA HANDITZEA





Etxebizitza eskubidearen pisua handitzeko formulei erreparatzean, hiru adituak bat datoz: etxebizitza parkea handitu beharko litzateke. Aitziber Etxezarretaren iritziz, eskumenak dituzten administrazio guztiek heldu beharko liokete gaiari. «EAEko Etxebizitza Legeak dio etxe bat esleitzen saiatuko dela, baina etxerik ez badago, laguntza ekonomikoa izatera mugatzen da». Ordea, EHUko irakasleak aitortu du etxebizitza parkea handitzea zaila dela.

Javier Buronek gobernu ardurak izan zituen Javier Madrazo sailburu izan zen garaian, eta argi du zein izan beharko litzatekeen bidea. «Ez dago formula magikorik: etxebizitza politikak epe luzerako dira, jarraitutasuna behar da, inbertsioa, eta lan egin, lan egin...». Gaineratu du zabuka ibiltzeak ez diola mesederik egiten etxebizitza politikari. Hori dela eta, alokairua gehiago sustatu beharko litzatekeen arren, ez dator bat EAEko Etxebizitza Legeak jaso duen puntu batekin: sustapen publikoko etxebizitza guztiak alokairukoak izan beharko dute. «Badaude beste formula batzuk herritarrak nahas daitezen lortzeko: eraikinetan, auzoetan...»

Antzera mintzatu da Ion Martinez, baina beste ikuspuntu batetik. Haren iritziz, administrazioek lan egin beharko lukete aurreiritziak desagerrarazteko. «Lortu behar da alokairu sozialeko etxebizitzak ez lotzea bazterkeriarekin». Azkenik, Buronek nabarmendu du oso garrantzitsua dela lan egiteko eredu bat izatea: «Jaurlaritzak abiarazi dituen etxebizitza politikak hobetu daitezke, baina eredu bat du, eta hori asko da».

Bihar: Etxebizitza prezioen gorabeherak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.