Albistea entzun

Pablo Sapag. UCMko irakaslea

«Sirian, arazoa ez da militarra, ekonomikoa baizik»

Siriako gerra hasi zenetik hamarkada bat igaro den honetan, bi fronte «bakartu» baino ez daude aktibo, herrialdearen iparraldean. Hala, «egoera ekonomiko prekarioa», COVID-19aren ondorioak eta desplazatuen itzulera ditu erronka nagusi Damaskok.
PABLO SAPAG Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2021eko apirilak 2

Pablo Sapag (Madril, 1969) Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea da, eta Siria en perspectiva (Siria perspektiban, Ediciones Complutense) liburuaren egilea. Jatorri siriarra du, eta hango gatazkan espezializatu da, 2011n gerra lehertu zenetik: «Gertatzen ari zena jakin beharra nuen». Besteak beste, Eusko Legebiltzarreko Europako Gaien eta Kanpo Harremanen Batzordean aritu da hizlari gisa.

Hamar urte igaro dira gatazka hasi zenetik. Zein izan dira gako garrantzitsuenak?

Siriako krisiaren barne osagaien artean koiunturalak eta iraunkorrak daude. Arrazoi koiunturalek auzi sozioekonomikoekin dute zerikusia. 2007tik, Siria bere historiako lehorterik handiena jasaten ari zen. Kontuan izan behar da [gari eta garagar] aleen esportazioa dela herrialdeko baliabide ekonomiko nagusia. Lehorte horrek, gainera, bat egin zuen gobernuak hasitako liberalizazio prozesuarekin. Hala, nekazaritzari emaniko laguntzek behera egin zuten, landa eremuetatik hirietarako exodo bat eraginez. Era berean, 2003an AEBek eta Erresuma Batuak Irak inbaditzean, 1,5 milioi irakiar iritsi ziren Siriara. Herrialdeko lan merkatua kolapsatu zen. Hainbat sektorek politikarekiko zuten ondoeza ere kontuan izan behar da.

Horiez gain, Sirian sakonekoak eta iraunkorrak diren arazoak daude. Siriako gizartea multikonfesioanala da ikuspegi kulturaletik. Beraz, Siriako Estatua akonfesionala da. Bada gutxiengo bat, baina, herritarren %15 inguruk osatua, estatu konfesional bat nahi duena. Anaia Musulmanek ordezkatzen dute hori, eta azken honekin hiru dira egin dituzten matxinada armatuak. Gatazka, 2011n, auzi koiunturalen ondorioz hasi zen, baina berehala bere egin zuten Anaia Musulmanek, eta gatazkaren militarizazioa hasi zen.

Horiez gain, kanpoko eragileen parte hartzea ere kontuan hartu behar da.

Mendebaldeko herrialdeentzat deserosoa da Siria. Batetik, Israelgo Estatuaren aurka agertu delako. Siria gerran dago Israelekin, 1948tik. Bestetik, Siriak, bere independentziatik, garapen eredu propio bat jarri duelako martxan: barne industrializazio eta merkataritza prozesu bat, Washingtonen eta Bruselaren nahiekin bat ez datorrena.

Hala, barneko faktore koiuntural eta iraunkorrek eta eskualdeko eta mundu mailako potentzien esku hartzeek sumatu ezin ziren dimentsioetara eraman zuten gatazka. Siriako auzia barne gaietara mugatu izan balitz, ez litzateke ikusiko hainbeste hildako eta suntsipen. Kontua da kanpoko esku hartzeak talde armatu batzuk indartzea eragin duela, baita Siriako Estatua babestu duten potentzien parte hartzea ere. Eskualdeko gatazka bat gatazka global bilakatu da.

Gauzak hala, zein da egoera gaur egun?

Ikuspuntu militar batetik, azken hamar urteetako onena da. 2020an, gatazkarekin lotutako 6.400 heriotza biolento egon ziren; 2019an, 14.000 inguru; eta krisiaren urterik zailenetan —2013tik 2015era bitartean—, urteko 70.000. Beraz, datuak kontuan izanik, egoerak nabarmen egin du hobera.

Hala, Siriak egun duen arazo nagusia ekonomikoa da. Azken hamar urteetako egoerarik okerrena da. Herritarren %80 pobrezia atalasearen azpitik bizi dira, eta batez besteko soldata hilabeteko hogei eurokoa da. Gainera, azken bi urteetan libera siriarraren balioa %600 debaluatu da. Horrek ondorio oso larriak izan ditu herritarrengan. Beraz, arazoa ez da militarra, ekonomikoa baizik.

Gatazka da krisi ekonomiko horren arrazoi bakarra?

Beste hiru faktore ere gehitu behar zaizkio. COVID-19aren pandemiak neurri oso gogorrak hartzera behartu du Siriako Gobernua, osasun azpiegituren %35 suntsituta baitaude. Siriako ekonomia prekarioa geldiarazi zuen pandemiak. Bestalde, 2019ko urritik aurrera, krisi ekonomiko handi bat hasi zen Libanon, eta horrek eragin zuzena du Sirian, Libano herrialdea berreraikitzeko finantza kanala baitzen. Azkenik, Europako Batasunak eta AEBek ezarritako neurri hertsatzaileak gehitu behar dira.

Egoera kontuan izanik, zein dira Siriaren erronka nagusiak?

Lehen erronka ekonomikoa da. Batetik, nekazaritza sektorea suspertu nahian ari da gobernua, herritarren elikadura arazoei aurre egiteko eta txanponaren balioa berreskuratzeko. Bigarrenik, oinarrizko produktuak banatzeko estatu enpresa bat sortu du, produktuak prezio finkoetan saltzeko.

Herrialdetik ihes egin zutenen itzulera ere kudeatu beharko du.

Egun, lau milioi herritar egongo dira Siriatik kanpo, eta, NBEren esanetan, %87k herrialdera itzuli nahi dute. 2018an hasi zen itzulera prozesu hori, baina geldirik dago 2020ko martxotik. Prozesua, egoera ekonomikoak baino gehiago, COVID-19aren eboluzioak baldintzatuko du. Libanon 1,1 milioi desplazatu inguru zeuden, eta pandemia hasi aurretik 200.000 inguru itzuli ziren. Jordaniatik ere 60.000 inguru itzuli dira, hango gobernuaren arabera.

Siriako etxebizitzen %20k kalteak jasan dituzte, baina horien %10 besterik ez dira erabilezinak. Beraz, ez da zaila jendea berriz kokatzea. Herritarren gehiengoa ez zen arrazoi politikoengatik atera, euren eremuetan liskarrak egon zirelako baizik. Behin egoerak mugak irekitzeko aukera ematen duenean, itzuliko dira. Izan ere, jende hori, egun dagoen lekuan, ez dago Sirian egongo litzatekeen baino hobeto.

Egun, Idliben eta Siria ipar-ekialdean ikus daitezke enfrentamendu armatuak. Bada horiek berriz zabaltzeko aukerarik?

Fronte bakartuak dira, eta ez dute inongo gaitasunik herrialdearen gainerako eremuak kutsatzeko. Iazko martxoan, Idlib probintziaren erdia berreskuratu zuen Siriako Estatuak. Beraz, eremu hori zigilatuta dago. Probintziaren iparraldea Al-Qaedak Sirian duen adarrak kontrolatzen du, Hayat Tahrir al-Shamek, eta duen irteera bakarra Turkia da. Turkiak, era berean, ipar-ekialdeko frontearekin lotutako interesak ditu.

Zein dira interes horiek?

Siriako ipar-ekialdean hainbat milizia kurdu daude, nagusia Siriako Indar Demokratikoa izanik, eta horien arazo nagusia Turkia da. Han kantoi autonomo bat eratzeko aukera sortuko balitz, Turkiak erantzun egingo luke. Ez luke asmo hori kurduen gehiengoa dagoen eremura zabaltzea nahiko; Turkiako Kurdistanera. Hala, milizia kurdu horiek protagonismo handiagoa hartzen duten bakoitzean, Turkiak berehala berraktibatzen du beste frontea.

Joko moduko bat dago Turkiaren, Siriaren eta Errusiaren artean, bi fronte horiek presio mekanismo gisa erabiltzeko. Siriako ipar-ekialdeko gune horretan, gainera, AEBen tropak daude oraindik; 800 soldadu inguru. Horiek Siriako Estatuaren aurka soilik ez, Iranen eta Errusiaren aurka egiteko ere erabiltzen dituzte.

Zer garrantzi izan dute kurduek gatazka horretan?

2011ko martxoan, gatazkak eztanda egitean, Siria ipar-ekialdeko kurduek egitura politiko propioak eratu zituzten, gertatzen ari zenaren interpretazio oso zuzen bat eginda. Konturatu ziren Siriako Estatuak arazo bat zuela, ezin zuela herrialdearen hego-mendebaldea, Israelekiko muga, babesik gabe utzi. Hala, ikusi zuten iparraldean segurtasun lanak egin zitzaketela estatuarekin batera, eta, urte hartan, Siriako Gobernuak herritartasuna onartu zien 286.000 kurduri.

Arazoak, baina, 2014an hasi ziren. EI Estatu Islamikoa deritzona eremu hartan sartzean, AEBek egoera aprobetxatu zuten Siriako lurretan sartzeko, esanez EIren aurka borrokatuko zela Siriako Indar Demokratikoarekin elkarlanean. Uste dut kurduak nahastu egin zirela. Erabakiak eragotzi egin zien Damaskorekin eginiko akordioetan sakontzea.

Izan ere, 2018an bakarrik utzi zituzten. Kurduen eta Turkiaren artean aukeratzeko beharra iristean, AEBek argi izan zuten: Turkia NATOko kide garrantzitsu bat da, eta 100 milioi biztanle dituen merkatu bat. Kurduen kalkulu akats bat izan zen. Kantoi autonomoak eraikitzen lagunduko zietela uste zuten, baina Turkiak ez luke hori onartuko. Motzean, Siria iparraldeko kurduen arazoa Ankaran dago, ez Damaskon.

Aurten presidentetza hauteskundeak egingo dituzte Sirian, eta Baxar al-Assadek garaipen erraz bat lortzea espero da.

Uste dut ez dagoela zalantzan Baxar al-Assadek irabaziko duela. Hainbat arrazoi daude horretarako. Jende asko gogaituta egon daiteke gobernuarekin, krisi ekonomikoaren kudeaketagatik. Sirian jendeak badaki, ordea, presidentea ez dela gobernuaren egitasmo guztien arduradun. Siriako sistema politikoa presidentzialista parlamentarioa da, Frantziakoaren antzekoa, eta Errepublikako presidentea eta ministro kontseiluko presidentea ditu. Horrek gobernuaren aurkako kritikak haren kontrako bihurtzea eragozten du. Horrez gain, 2010etik aurrera sortutako matxinadei dagokienez, Al-Assaden portaera ezberdina izan da, beste agintari arabiar batzuenarekin alderatuta. Karguari eutsi dio, ihes egin gabe. Herritarrek kontuan dute hori ere.

Siria herrialde konplexua da, egitura demografikoari dagokionez. Bai ikuspegi etnikotik, bai erlijioari dagokionez. Sirian oreka iraunkor batzuk daude, mantendu beharrekoak. Hala, botere faktiko eta ekonomikoek badakite Al-Assaden irteera ez-kontrolatu batek onura baino arazo gehiago eragingo lituzkeela.

Zer-nolako pausoak espero dira bozak igaro eta gero?

Bozak igarota, Siriak presioa arintzeko eta 2011n hasitako barne prozesua indartzeko aukera izango du. Damaskok bere bide orria mantendu du: Konstituzioa aldatu zuen 2012an, presidentetzarako bozak egin zituen 2014an, parlamentukoak 2017an eta 2020an, udaletakoak 2018an, eta orain, berriz, presidentetzakoak. Bide horrek erraztu egin behar du herrialdea berreraikitzeko neurriak hartzea, adiskidetzea sustatzea eta egin beharreko erreforma politiko eta ekonomikoak egitea.

Bada Al-Assaden aurkako oposiziorik?

Sirian hiru oposizio motaz hitz egin behar da. Batetik, oposizio instituzionala dago. Hainbat liderrek ministerioak hartu dituzte gatazkan zehar; besteak beste, Ekonomia eta Adiskidetzarako ministerioak. Bestalde, barne oposizio ez-instituzional bat dago. Matxinadaren hasieran protagonista izan zena. Gai ekonomiko, sozial eta politikoekin lotutako eskaera legitimoak egin dituztenak dira. Azkenik, kanpo oposizio bat dago, nagusiki Anaia Musulmanek ordezkatzen dutena.

Ulertzen da Siriako errealitatearen eta gatazkaren konplexutasuna herrialdetik kanpo?

Sirian esku hartu duten herrialdeen aldetik, obsesio berezi bat egon da Al-Assaden irudian, ulertu gabe hark sistema konplexu bat ordezkatzen duela. Siriako botere erlijioso eta ekonomiko suniek ez balute Al-Assad hor nahi, ez litzateke egongo. Adostasun batzuen bitartez lortu du estatuburu izatea. Hori da kanpotik ulertu ez dena.

Herrialde konplexua da konfigurazio politiko, etniko, erlijioso eta demografikoari dagokionez. Hala, Siriako gizartearen barruan izaten diren adostasun horiek gabe, sistemak ezingo luke hainbesteko presio militarrik jasan. Beraz, Siriako konplexutasuna figura bakarrera mugatu dutenek onartu beharko dute gauzak ez direla horrela.

Ari dira gauzak aldatzen?

Siriak Arabiar Ligara itzultzeko aukera izango du, eta harremanak berreskuratu ahal izango ditu oraindik lortu ez duen herrialde arabiarrekin. Hortik aurrera errazagoa izango da berreraikitze prozesua finantzatzea.

Atzo [asteartean], Bruselako goi bileran argi ikusi zen. Europako Batasunak, AEBek eta Erresuma Batuak errealitatetik deskonektatuta dauden diskurtsoak egiten zituzten bitartean, beste batzuk beste bide batetik zihoazen. Siriako Gobernua bakartzeko saiakerek ez dute inora eramaten. Errealitatea beste bat da: gobernuak herrialdearen %80 inguru kontrolatzen du, eta hor bizi dira herritarren %75 baino gehiago. 2011ko diskurtsoa erabiltzea 2021eko errealitateaz jarduteko... Zaharkituta dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Salvini, irudian ezkerretera eta behean, goiz honetan Parlemoko Auzitegian egin duten saioan. ©ORIETTA SCARDINO / EFE

Bahiketa egotzita epaituko dute Matteo Salvini

Mikel P. Ansa

Open Arms itsasontziari portuan sartzea debekatu zionean pertsonen bahiketa delitu bat egin zuela egotzi diote. Irailaren 15ean hasiko da epaiketa.

Junta militarraren aurkako manifestari bat estatu kolpearen aurkako kartel bati eusten, atzo, Myanmarko Mandalay hirian. ©EFE

Myanmarko juntaren aurkakoek «batasun gobernu bat» eratu dute

Julen Aperribai

Aung San Suu Kyi izango da Estatu kontseilaria, sinbolikoki. Junta militarraren aurka indarrak batzeko eta diplomazia egiteko tresna izatea nahi du oposizioak

Bikote bat ibai bat zeharkatzeko txaluparen zain, Kinshasan. ©O. EPELDE
Albert Ho diputatu ohia, atzo, auzitegitik atera ostean. ©JEROME FAVRE / EFE

Hong Kongeko hamar ekintzaileri, hemezortzi hilabetera arteko zigorrak

Ander Perez Zala

«Demokraziaren aldeko» mugimendukoei 2019an «baimendu gabeko bileretan» parte hartzea egotzi diete. Zazpi diputatu ohi daude tartean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna