UDAKO SERIEA. Hutsunea betetzeko lanean (eta VI). Karrantza harana.

Behitegia, kinka larrian

Bizkaiko herririk handiena Bilboren eremua halako hiru da, eta 2.700 biztanle baino ez. Azken urteetan kopuru horri eutsi dio, baina udalak hiru traba handi ikusten ditu joera mantentzeko: hirigintza araudia, uraren kudeaketa eta garraio publikoa. Eta, noski, horrek jardun ekonomikoari eragiten dio, bereziki abeltzaintzari.

Karrantza haraneko Concha auzoaren irudi panoramikoa. Basoz eta larrez inguraturiko herria da. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Karrantza Harana
2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Datu gutxi batzuk ematea nahikoa da Karrantzaren berezitasunak ulertzeko: Bizkaiko udalerri handiena Bilboren eremua halako hiru da; 47 auzotan banaturiko 2.745 biztanle ditu, eta lau behi baino gehiago daude pertsonako. Bizkaiko behitegien %70 bertan daude, eta esnegintza da jarduera ekonomiko nagusia. Hala ere, populazioa ez da hazten. Azken hogei urteetan ez da gorabehera handirik egon, baina urrun daude 1950eko hamarkadan zituen 4.800 biztanleak, eta herritarren %29,1ek 65 urte baino gehiago dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batezbestekoa %22 da.

Euskal Herriaren mendebaldeko muga ezartzen du Karrantza haranak, Enkarterrietan. «Baina askotan guk ere Bizkaia eta Euskal Herria garela gogoratzeko gogoa izaten dugu. Bazter batean gaude geografikoki, eta erakundeengatik baztertuak sentitu izan gara maiz. Iraganean izoztuta gelditu gara», kritikatu du Raul Palacio alkateak, Karrantza Zabala alderdikoak. Udaletxetik mintzo da, Concha auzoan. Badaki herriak zer arazo dituen, eta argi du zeintzuk diren garapen sozioekonomikoa gehien oztopatzen duten hirurak: «Hirigintza legeak, uraren kudeaketatik eratorrikoak eta garraio publikoa».

Garraio publikoaren arazoaren bandera tren zerbitzua hobetzearen aldeko plataformak hartu du, baina Palaciok ere aletu ditu zerbitzu eskasak sortzen dituen trabak: «Bilbotik 54 kilometrora gaude; autobusa bi orduz behin pasatzen da, eta ordu eta erditik gora eta auto aldaketa bat behar du bidea egiteko. Trenarena, berriz, ezaguna da: duela 30 urte baino denbora gehiago behar du. Autorik gabe ezinezkoa da Karrantzan bizi eta Bilbon ikastea. Autoaren menpekotasun erabatekoa duzun toki batean bizitzea ez da bideragarria».

Beste bi arazoek azalpen zabalagoa merezi dute, eta harreman estua dute Karrantzak duen hedadurarekin eta auzokako egiturarekin. «2006ko zoruaren legearekin, etxe berri bat eraikitzea oso zaila da gurean», azaldu du Palaciok. Karrantzako auzo gehienak landagune gisa hartuta daude, eta legea eskuan hartuta ezin dira gehiago hazi. «Karrantzan bizitzen gelditzeko modu naturala gurasoen etxe alboan beste etxe bat eraikitzea edo lursail bat erostea da. Legeak, baina, landaguneak babesten ditu, eta asko jota sei etxeko muga ezartzen du. Baina gu jota uzten gaitu, auzo asko beteta daudelako. Guk ez dugu luxuzko txaletik edo eraikin handirik nahi; guk jendea bizi dadin nahi dugu, eta ia 50 auzo ditugu herrian».

Muga horrek berritutako etxeetara murrizten ditu kasik bizitoki berri bat lortzeko aukerak, eta merkatuaren arauak sartzen dira hor. Zoru industrialarekin ere arazoak dituzte, 47 auzoetatik bi bakarrik baitira hiri lurzorua, eta, herri oso handia izan arren, haiengandik gertu eraiki beharko lirateke. «Araudiak ez ditu kontuan hartzen gure berezitasunak. Gainera, guk ez dugu asko handitu nahi herritar kopurua; ditugunak ez galtzearekin, pozik».

Uraren gatazka luzea

Urarena, berriz, aspaldiko arazoa da herrian; soka politiko luzea ekarri du, eta abeltzaintzari ere eragiten dio. Oinarria 2011n du, udalak eta Bizkaiko Aldundiak ur zikinak arazteko planta bat egiteko akordioa sinatu zutenean. Horretarako, baina, udalak CABB ur partzuergoan sartu behar zuen. 2012an, Karrantza Zabalak alkatetza lortu zuen, eta, partzuergoan sartzeko baldintzak garbi ikusten ez zituenez, prozesua eten zuen behin-behinean, diputazioak plantarekin jarraituko zuelakoan. «Gerora ikusi genuen partzuergoan sartuz gero bederatzi milioi eurotik gorako inbertsioa egin behar genuela ur edangarriaren sarea konpontzeko. Alderatzen jarrita, gure urtebeteko aurrekontua lau milioi eurokoa da, eta sartu ginenean 2,8 milioi euroko zorra zuen udalak. Badakigu sarea berritu egin behar dela, baina ezin dugu kostu hori inola ere onartu».

Auzia epaitegietan dago, eta Ura agentzia ere sartu da tartean, udalari isunak ezarriz. Partzuergoan sartuz gero, baina, abeltzain askorentzat ere hondamendia litzateke, uraren prezioa asko garestituko litzakeelako: «Egun baino gehiago ordaindu behar dutela uste dugu, baina partzuergoan sartuko bagina 15.000 euro inguru igoko litzaieke uraren faktura ganaduzale handienei [150-200 behi dituztenei], eta guztien %70ek porrot egingo lukete». Ez da iritzi subjektibo bat: erakundeek egoera aztertzeko eskatu zioten Deloitte aholkularitzari, eta hark 2018. urtean eginiko txosteneko ondorioetan ageri da iragarpen hori.

Eta Karrantza nonbaitetik bizi bada, behitegietatik da. Egun 8.600 behi esne daude herrian, eta 103 ganaduzale. Horiei haragi behiak ere gehitu beharko litzaizkieke —2014an 11.605 behi zeuden guztira—. «Abeltzaintzan belaunaldi aldaketa zaila dago, eta uraren prezioa Damoklesen Ezpata da. Joera arriskutsu bat garatzen ari da: ganaduzale gutxiago eta behi gehiago».

Herriko beste lantoki handiak ardi eta untxi haztegiak, harrobia, zahar etxea eta, batez ere, udalaren esneki fabrika dira. Iparlatek urte luzez kudeatu ondoren, egun TGT enpresak kudeatzen du. Han 70 pertsona inguruk egiten dute lan. Karrantzan langabezia tasa %13,4koa da, eta per capita errenta, 13.400 eurokoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez besteko errenta baino 7.000 euro txikiagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.