Macronek gobernua aldatu gabe atera nahi du ataka zailetik

Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Gutxienez bi ondorio izan ditu astelehenean Frantziako Asanbleak gobernuaren aurkako zentsura mozioak atzera bota izanak. Bata da ofizialki onartuta geratu dela erretretaren adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzen duen lege eztabaidatua. Indarrean jartzeko azken urratsa Emmanuel Macron presidentearen sinadura da, baina aurretik Frantziako Kontseilu Konstituzionalak erabaki bat hartu behar du legearen aurka oposizioak jarritako helegiteen inguruan. Hilabete du horretarako, edo zortzi egun, baldin eta gobernuak presazko prozedura eskatzen badio.

Zentsura mozioaren beste ondorioa politikoa da; asteleheneko bozketak ozta-ozta gainditu izanak handitu egin du Macronen eta haren gobernuaren ahultasun politikoa, eta irtenbide bat bilatzen saiatu behar du presidenteak, oraindik lau urte geratzen baitzaizkio boterean.

Frantziako Errepublikako presidentea gaur 13:00etan mintzatuko da TF1 eta France 2 telebista kateetan, bere agintaldiari beste bultzada bat eman eta pentsioen erreformaren eztabaidak sortu duen krisi politikotik nola atera nahi duen azaltzeko.

Analisten artean gehien aipatu diren hiru aukera baztertu ditu presidenteak, azken egunotan Eliseon izandako bileretan parte hartu duten presidentearen aldeko batek Le Monde egunkariari azaldu dionez: ez du parlamentua desegingo eta hauteskundeetara deituko; Elisabeth Borneren gobernuan ez du aldaketarik egingo; eta, azkenik, ez du erretretaren gaia erreferendum batera eramango.

Iturri horren arabera, Macronek erreformen egutegia eta onartzeko moldea aldatzeko proposamenak eskatu dizkie bere aldeko hiru alderdiei. Asanblean gehiengorik ez duenez, lege gutxiago egitea eta aldatzeko galdegin die, eta lege horiek garatzen duten araudietan indarra jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.