Jaurlaritzaren aurrekontuak «eskuinekoak» direla dio ELAk

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak aholkua eman zion atzo Eusko Jaurlaritzari bere aurrekontuak onartu ahal izateko: PPren babesa lortzen saia dadila. Izan ere, 2019rako aurkeztu dituen aurrekontuak «eskuinekoak» direla uste du, eta, horregatik, eskuineko alderdien babesa bilatzeko gomendatu dio. «Aurrekontuetarako gastu muga PPrekin adostu zuen, eta baita zerga erreforma ere; horrek guztiak aurrekontuetan zuzenean eragiten duenez, euren babesa lortzen saiatu beharko luke aurrekontuak onartzeko».

Aurrekontu proiektua «txarra» dela azaldu zuen Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak. Eta hori esateko bi adierazle alderatu zituen: zorra ordaintzera Jaurlaritzak urtean bideratzen duen diru kopuruaren bilakaera batetik, eta arlo publikoa finantzatzeko ekarpenak BPGan duen eragina bestetik. 2009an zorra ordaintzera 83,6 milioi bideratu zituen Jaurlaritzak, eta 2019ko aurrekontuetan, berriz, 1.331 milioi aurreikusten dira. Era berean, Jaurlaritzak arlo publikora bideratu duen zenbatekoa BPGaren %15,6 zen duela hamar urte, eta %12,9ra jaitsiko da ELAk egindako txostenaren arabera. Horregatik, hamarkada galduaz hitz egin zuen Novalek, eta salatu Jaurlaritzak aurrera jarraitzen duela murrizketa politikekin.

Hamarkada honetan arlo sozialak izan duen beheranzko joera ere agerian utzi zuen sindikatuak osasunaren eta hezkuntzaren bilakaerari begiratuta. BPGan arlo bakoitzak izan duen pisuari begiratu zioten berriz ere. Osasunera aberastasunaren %5,4 bideratzen zuen Jaurlaritzak 2009an, eta %4,74 izango litzateke datorren urtean. Bilakaera negatibo hori zuzentzeko, osasun arlora 520 milioi gehiago bideratu beharko lirateke txosteneko datuen arabera. Hezkuntzan, berriz, BPGaren %4,34 zena %3,55 izango da. Hau da, duela hamar urteko ehuneko berdinera egokituz gero, 632 milioi gehiago inbertitu beharko luke Jaurlaritzak arlo horretan.

Hori guztia ikusita, Muñozek gastu muga apurtzeko eskatu zien jeltzaleei. «Ez ditugu kudeatzaileak nahi gobernuan, politikariak baizik». Izan ere, zorra ordaintzeari lehentasuna emanez, gastu mugari eutsiz —hau da, urtero gehienez %2,7 handitu daitezke aurrekontuak— eta zerga erreforma berarekin jarraituz, «alternatibarik ezin da proposatu, alternantzia baizik».

Sindikatuak adierazi zuenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga politikak Europako Batasuneko batezbestekora berdinduko balira, urtean 6.000 milioi gehiago bildu ahalko lukete ogasunek. «Baina horrek ez du ezertarako balio gastu mugak indarrean jarraitzen baldin badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.