BAKARRIZKETA

David Alvarez Guecho kalean bizi zen, ez Getxon

EPS.
xabier martin
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
1. Zein da David Alvarez?«Zein zen» esan beharko zenuke, 2015eko azaroan hil zen eta.

2. Baina zergatik azaldu da orain izen hori egunkarietan? Bizkaiko Ogasunak haren ondareari dagozkion zergak galdu dituelako, Espainiakoaren mesedetan.

3. Eta asko al da ondasun hori? Ezagutzen duzu Eulen? Eta Vega Sicilia? Ba enpresa horiek eta beste hainbat David Fernandezek sortutako inperioaren piezak dira.

4. Eta zergatik pagatzen zituen zergak Bizkaian? Misterio bat da, jaiotzez leondarra zelako eta bizileku ohikoena Madrilen zuelako, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez.

5. Eta epaitegiek esan behar izan dute hori? Bai, Alvarezek beti pagatu nahi izan zuelako Bizkaian, Eulen sortu aurreko hazia erein zuen tokian. Bilbon abiarazi zuen Central Limpiezas El Sol, 1962an. PFEZ eta ondare zerga Bizkaian pagatu zituen hil artean. Getxon etxe bat zuen, baina Madrilgo etxea zuen ohikoena, Gorenak esan duenez. Madrilgo Guecho kalean bizi zen, hain zuzen. Justiziak ez du esan Iker Jimenezi galdetu ote dioten zerbait paranormala ote dagoen auzi honetan.

6. Ez ote zen izango merkeagoa aterako zitzaiolako Bizkaian pagatzea? Ez dago oinarri handirik hori esateko, hasteko ondare zerga pagatzen zuelako, eta Madrilen ez zuen ordainduko.

7. Argi dago ez dela Iker Jimenez izan behar jakiteko Bizkaiko Aldundian ez direla pozik egongo Gorenaren ebazpenarekin... Horrek ez du misterio handirik. Espainiako Ogasunarekin gerra galdu du Bizkaiak. 2012an hasi zen auzia, enpresaria hil baino hiru urte lehenago, eta Gorenak bukatu du 2019an, hura zendu eta lau urtera. Bizi izan zen artean, Cremenesko markesak beti defendatu zuen egun gehiago igarotzen zituela Getxon Guechon baino. Eta bere nortasun agiriak ere hori esaten zuen, gainera.

8. Zertan oinarritu da Gorena? David Alvarezen alargunak, Maite Eskisabelek, Madrilen jarduten zuen lanean, Eulenen. Senarra baino 30 urte gazteagoa zen, haren idazkari ohia eta Alvarezen hirugarren emaztea. Frogatzat jo du hori.

9. Eta zer diote seme-alabek? Nori galdetzen diozun, horren arabera. Familia hautsita dago aspaldian, familiaburuaren ondarea gobernatzeko gerran sartuta buru-belarri. Maria Vicenta Mezkiriz enpresariaren lehen emaztearen zazpi seme-alabak bi taldetxotan zatitu dira. Adostasun bakarra izango dute akaso: ahalik eta zerga gutxien pagatzea.

10. Eta HBOk, zer dio? Alvarezen bizitza kontatuko duen telesailak txiki utziko duela GOT.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.