UDAKO SERIEA Herri bat, kirol bat (II). Laukiz eta sokatira.

Soka bereko jendea da

Bizkaiko herri txiki bat munduko kirolaren mapan kokatu du sokatirak. Datorren urtean 60 urte beteko ditu Gaztedik, eta sasoiko segitzen dute elkarteko tiralariek. Belaunaldiz belaunaldi irauten duen grinak garaipenera eraman du Laukiz.

Oier Bilbao, Jose Antonio Goirigolzarri eta Nerea Egurrola, entrenamendu baten aurretik, Laukizen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Bat eginda aritzeak duen garrantziaren adibide argia da Gaztedi Sokatira Taldea. Laukizko (Bizkaia) elkarteak datorren urtean beteko ditu 60 urte, eta bere jardunak ez du etenik. Belaunaldiz belaunaldi iraun duen grinak munduko kirolaren mapan kokatu du 1.200 biztanlera iristen ez den herria: soka bereko jendeak osatzen duen herri bat da.

Laukizen oso errotua dago sokatira. Asko dira zaletasun hori partekatzen duten herritarrak, eta batasun horren bidez heldu dira sokatiraren gorengo mailara: «Betidaniko harremana da. Tradizio bat da; nire kasuan, anaiak-eta izan dira herriko taldekoak, eta orain ere badaude lehengo tiralarien seme-alabak», adierazi du Jose Antonio Goirigolzarri (Gatika, Bizkaia, 1960) Gaztediko entrenatzaile eta kide historikoak.

Hain justu, Goirigolzarriren sokalagun izandako baten semea da Oier Bilbao (Laukiz, 1997) Gaztediko tiralaria. Etxetik jaso du kirol horrekiko zaletasuna: «Betidanik ezagutu izan dut sokatira. Txikia nintzela, 6-7 urterekin, nire aita aritzen zen sokatiran, eta eskolarik ez nuenean haiekin entrenatzera joaten nintzen, botak jantzita». Artean haurra zela piztu zitzaion sokatirarako txinparta, eta 12 urterekin ekin zion lehiatzeari. Ordutik ez du kirol hori bazterrean utzi.

Bilbaoren ustez, «garaien arteko transmisioan» dago Gaztediren sekretua. «Herriko gazte gehienak aritzen ziren lehen, eta hori izan da horrenbeste urtean segitzearen arrazoia». Horren adibide jarri du «familia osoak» lehiatzen aritzea: «Orain ere badaude andre-gizonak, eta baita seme-alabak ere, sokatiran dabiltzanak».

Laukizen ez, Getxon (Bizkaia) jaio zen Nerea Egurrola, 1976an, baina Gaztediko historia bizia da, elkarte horretan egin baititu bere kirol ibilbideko 26 urteetako azken hamazapiak. Laukiz «herri garrantzitsua» da Egurrolarentzat, ordu asko ematen baititu han: «Urte asko dira, eta nire bizitzako zati bat da. Egun asko ematen ditut han entrenatzen». Getxoztarra 2003an hasi zen Gaztedirekin lehiatzen, eta taldeak azken urteetan izandako lorpen guztietako partaide izan da ordutik.

Egurrola nola, azken urteetan beste herrietako lagun dezente lehiatu dira Gaztediko atorra soinean zutela. Getxoztarraren arabera, «ibilbide luzea eta ona eduki duen taldea da, eta horrek jendea hurbildu du». Goirigolzarriren ustez, hori da azken urteetan aldatu den gauzetako bat. Azaldu duenez, orain dela gutxira arte herriko eta ingurueko herrietako jendearekin aritu izan dira batik bat, baina azken hamar bat urteetan beste lekuetako tiralariak batu zaizkie elkartera: «Bermeo, Busturia, Algorta, Portugalete [Bizkaia]... Apur bat zabaldu da, eta guretzat askoz hobeto da, indar gehiago ematen digulako».

Izan ere, gorengo mailan lehiatzen da Gaztedi, eta Europako eta munduko txapeldun izandakoa da. Egurrolaren arabera, «poz izugarria» da hori. Antzera mintzatu dira baita Goirigolzarri eta Bilbao ere. Gazteenaren ustez, «ohore bat da klub honen parte izatea». Bilbaok dio horrenbeste garaipen dituen elkarte batek «garrantzi handia» duela, eta kanpoan lehiatzen direnean talde ezaguna izatea «berezia» dela.

«Ez ditugu banan-banan zenbatzen, baina Europako eta munduko txapelketak kontuan hartuta, ehundik gora domina izango ditugu», esan du Goirigolzarri beteranoak. Talde gisa eta Euskal Herriaren izenean arituta, 30 urrezko dominaren jiran dira Gaztedikoak.

Kirola ikustearen garrantzia

Laukizen garrantzi handia du sokatirak, eta herriko kaleetan antzeman egiten da hori. Jendearen agerian aritzen dira entrenatzen Gaztedikoak. «Neguan probalekuan prestatzen gara, eta udan, frontoi alboko lurretan. Herri guztiak ikusten du», esan du Bilbaok. Horrek harrobia lantzeko ateak zabaltzen dizkie Gaztedikoei, herriko haurrek gertutik ikusten baitituzte kirolariak: «Laguntzen du. Bilbaoren aitak nirekin tiratzen zuen, eta harekin etortzen zen. Hari ez zaio ia ezer azaldu behar, geneetan idatzia du gauzak nola egin behar diren. Halakoek bospasei urterako bizi dute sokatira, eta hor alde handia dago, teknika aldetik-eta», esan du Goirigolzarrik. Aimar Gaminde eta harrobiko beste tiralari batzuk sartu ditu zaku horretan.

Laukiz, lau haizeetara

Mundua osoan zehar tiraldietan aritzeak Laukizen eta Euskal Herriaren izena lau haizeetara zabaltzeko aukera eman die Gaztediko kirolariei. Hor jarri du puntua Bilbaok: «Oso berezia da hain urrun herri txiki baten izena entzutea. Euskal Herrian sokatira ez da horren famatua, kanpoan gehiago praktikatzen da. Laukiz moduko herri bat kanpoan ezagutaraztea ondo dago».

Goirigolzarrirentzat ere «bereziak» dira halako egoerak, eta 2016ko Malmoeko (Suedia) MundukoTxapelketa ekarri du gogora: «Lehendabiziko aldia izan zen ikurrina jarri eta ereserkia entzuten genuena, eta sentipen itzela da. Niretzat hunkigarria izan zen, ia malkoak jausteraino».

Alderantzizko kasua ere ekarri du Goirigolzarrik. Laukizen egindako txapelketa ireki batean jazotakoari egin baitio azpimarra: «Suitzako eta Israelgo taldeak etorri ziren, besteak beste, eta balio izan zuen Euskal Herria eta Laukiz non dauden kokatzeko. Hori garrantzitsua da».

Egurrolak dio munduko beste lekuetan aritzeko aukera izatea «pozgarria» dela, eta kanpoko herrialdeek sokatirarekiko duten atxikimendua ikusteak «xarma» duela.

Kirolariek ez ezik, zaleek ere egiten dituzte kilometroak sokatira aitzakia hartuta. Egurrolak azaldu duenez, orain urte batzuk «autobus mordoa» joaten ziren Gaztediren tiraldi bakoitza ikustera: «Herri osoa mugitzen zen sokatirako txapelketetara».

Laukizen oso errotua dagoen kirola da sokatira, eta zaletasun hori kalean nabaritu daitekeela esan du Bilbaok. Tiralari gazteak zehaztu du «herrian, tiralari ohiak dira asko, eta animatzera etortzen dira. Nabari da jarraitzen dutela».

Euskal Herrian zehar ez ezik, Gaztediko zaleak mugitzen dira kanpoan jokatzen diren txapelketetara ere. Halakoetan ere agerian geratzen da belaunaldi arteko soka ere: «Adibidez, nire gurasoak sarri joaten dira, aita aritutakoa denez... Beste familia batzuk ere lotzen dira».

«Elkarren beharra dugu»

Egurrolak bezala, Goirigolzarrik eta Bilbaok uste dute atzerrian presentzia handiagoa duela sokatirak: «Txinan, Herbehereetan... asko bizi dute».Goirigolzarrik lur gaineko sokatiraren kasua ekarri du hizpidera. Haren esanetan, ez daude talde asko: «Bizkaian, Goiherri, Getxo eta gu gaude, etaGipuzkoan, Mutriku. Egongo dira talde arteko lehiak, baina elkarren beharra dugu».

Izan ere, Gaztedikoak azaldu du «zenbat eta gehiago egon, orduan eta indartsuago» izango dela kirola bera. Goirigolzarrik nabarmendu du sarri «inbidia» sentitzen dutela beste herrialdeetako tiralariekiko: «Suitzan, Ingalaterran, Suedian, Alemanian... Talde pilabat daude, eta ligak askoz indartsuagoak dira. Hargatik, gehiago entrenatu behar izaten dute, eta emaitzak hobeagoak izaten dira».

Hor kokatu du goma gaineko sokatiraren eta lur gainekoaren arteko aldea: «Goman, hamabi-hamahiru talde egoten dira. Lurrean, sano gutxiago, eta ez dakit zergatik izan daitekeen, udan izaten delako edo».

Sokatiraren bi modalitateetan izan ohi du ordezkaritza Laukizko taldeak. Ia urte osoan aritzen dira kirol hori praktikatzen. Orain sei hamarkada hasitako bideari eusten diote, eta horretan segitzeko asmoz dira Gaztedikoak. Ez alferrik, herri txiki bat gorengo mailara igotzea lortu baitute.

Bihar: Herri bat, kirol bat (III): Doneztebe eta erremontea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.