BAKARRIZKETA

Andorrako mendien xarma amaiezina

El Rubius, autografoak sinatzen. QUIQUE GARCIA / EFE.
Irune Lasa.
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
El Rubius streamer-ak Twichen iragarri berri du laster Andorrara doala bizitzera.

1. Lagun iezadazu pixka bat. El Rubius Youtubeko ezagun horietako bat da, ezta? Bai, Ruben Doblas El Rubius-ek Youtuben 39,5 milioi harpidedun ditu, eta zortzi milioi lagunek jarraitzen dute Twitchen; horietako hainbatek harpidedun izateagatik ordaintzen dute. Zuzeneko transmisioak (streaming-ak) egiten dituzten jokalari (gamer) asko pasatu dira azken urteetan Twich plataformara. Hango emanaldietan, bideo jokoetan jokatzen agertzen dira, elkarrizketak egiten, txat bidez jarraitzaileekin berriketan... Batzuek milioika jarraitzaile dituzte, bai Youtuben, bai Twitchen, zeinari buruz esaten den etorkizuneko telebista dela. Twichen arrakasta itzela du euskal herritar batek, Ibai Llanosek. Eta El Rubius hizpide izan da azken egunetan, Espainiatik Andorrara doala iragarri duelako.

2. Mendia gustatuko zaio, agian; eskiatzea... Bai, mendia, agian. Baina berak azaldu du han adiskide asko dituela. Eta egia da, beste youtuber espainiar batzuk jada han bizi direla: adibidez, Samuel de Luque (Vegeta777), Guilermo Diaz (Willyrex) eta David Canovas (TheGrefg).

3. Hara, kasualitatea! Nork esango zuen pantaila aurrean eserita orduak ematen dituzten horiei mendia hainbeste gustatuko zitzaiela? Nork esango zuen, ezta? El Rubiusek eman zuen herrialde txiki harekiko atxikimenduaren arrazoi ez horren ezkutua: «Youtubeko nire karreraren hamar urte daramatzat hemen zergak [Espainian] ordaintzen. Badakit egongo dela kritikatuko nauen jendea, baina askotan jakin gabe hitz egiten du jendeak». Nola zen? Excusatio non petita...

4. Beraz, berriak ere zaharrak bezala. Zenbat espainiar kirolari eta artista aldatu dira aurretik ere Andorrara zerga gutxiago ordaintzeko? Zerrenda egiten hasita, ez dira gutxi izango, ez. Sartu enpresaburu ezagunak ere zakuan; Marcos de Quinto Coca-Colako buruzagietako bat izandakoa, Espainiako parlamentaria Ciudadanosekin, bizilekua Portugalen daukan patriota.

5. Zer dauka Andorrak horren erakargarria izateko batzuentzat? Bada, espainiarrentzat gertu egoteaz gain, han gehienera %10 da errenta zergaren gaineko tasa. Oso tasa txikia da, herrialde normaletan ordaintzen den gehieneko tasekin alderatuta. Baina, argi, horrek ez du esan nahi beste herrialdeetan asko ordaintzen denik, soilik gehiago ordaintzen dela. Dena den, edozein ezin da joan Andorrara bizitzera. Baimena izan behar duzu, etxebizitza erosi behar duzu han, sozietate bat eratu... Horretarako, dirua behar da. Baina zerga bizilekua Andorran izan eta errenta zergan %10eko tasa ordaintzeko baldintza bat bete behar da, han bizitzea 183 egunez urtean. Pantaila han izanda, ez zaie horren zaila egiten streamer-ei.

6. Hainbeste irabazten dute? Harpidetzekin, babesleekin, iragarkiekin, merchandising-arekin, batzuek bai, diru asko irabazten dute. Eta irabaziko dute.

7. Baina nork ordaintzen du lau txoro joko hutsaletan jolasten ikusteagatik? (Ausazko futbol talde baten ereserkiarekin, amaitu da bakarrizketa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.