Pekinek uigurren kontra egindako jazarpenaren datuak, argitara

Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Txinako Xinjiang eskualde musulmaneko atxilotze sistemari zibererasoa egin diote, eta begi bistan gelditu dira eremu horietan milaka uigurrek jasandakoak. Ilunetik argitara atera dira milaka irudi eta datu.

Argitara ateratako datuekin demostratuta gelditu da Txinak doktrinatzeko eremuak baliatzen dituela uigurrei jazartzeko: Poliziaren barne kontrolerako argibideak argitaratu dituzte, bai eta atxilotuen zerrendak izenak eta adinak barne eta argazkiak ere. BBCk zabaldu duenez —hamalau hedabidek ikerketa bat egin dute, eta gero hori kaleratu—, 2018ko urtarriletik uztailera bitartean ateratako 5.000 argazki baino gehiago zituen bilduak Poliziak. Ondorioztatu dute atxilotuta egon zirela horietako 2.884 gutxienez.

Informazio hori inoiz ikusi gabea zen, eta plazaratua izanak erdiz erdi jarri du kolokan, beste behin, gobernuak azken urteotan eginiko kontakizuna, kasik eraisteraino. Izan ere, Pekinek maiz nabarmendu du 2017tik Xinjiangen eraikita dauden esparruak «eskolak» baizik ez direla. «Xinjiango zentroak eskolak dira, eta helburua da jendeari laguntzea erradikaltasuna bazter uzten», adierazi zuen 2019an Txinako Gobernuko Atzerri ministro Wang Yik.

Besteak beste, atxilotze eremuetatik ihes egiten saiatzen zirenei tiro egiteko agintzen zitzaien kontrolaz arduratzen ziren poliziei, agiriek diotenez.

Michelle Bachelet Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria Txinan da, atzo iritsi zen Xinjiango hiriburu Urumqira, eta gaur ere eskualdean egotekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.