Moskuk esan du Zaporizhiako ur hodi bat hondatu duela eraso batek

Igor Susaeta.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen atzo, TASS Errusiako berri agentziaren arabera, bonbardaketa batek Zaporizhiako zentral nuklearreko (Ukraina) ur hodi bat hondatu duela. Europako zentral nuklear handiena da, eta Errusiak kontrolpean du joan den martxotik, han lanean ari diren teknikariak ukrainarrak diren arren.

Errusiak eta Ukrainak elkarri egozten diote instalazioaren segurtasuna arriskuan jartzea bonbardaketen ondorioz. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako adituek zentralaren egoera aztertu zuten irail hasieran, eta eskatu zuten «segurtasun nuklearrerako babes eremu bat» sortzea instalazioaren inguruan, eta nabarmendu egoera «eutsiezina» dela.

Bestalde, Errusiak Kharkiv bonbardatu zuen atzo, atzera, goizaldean. The Guardian egunkariak jaso zuenez, irismen luzeko misil batzuk jaurti zituen. Erasoa heldu zen Vladimir Putinek erreserbistak mobilizatzeko erabakia jakinarazi aurretik. Ukrainako hiri handienen artean bigarrena da, eta maiz bonbardatu dute otsailetik. Ukrainako armadaren kontraerasoa dela eta, ordea, Errusiak hiritik eta eskualdetik alde egin zuen duela pare bat aste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.