BAKARRIZKETA

Facebookek bere diru propioa sortu du, atsegin duzu?

Jon Fernandez.
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
1. Horrela, bat-batean esanda, titulu horri arinago markatuko nioke bekozko aurpegitxo borobil gorria, bihotz gorria edo erpuru tente zuri-urdina baino. Zer nahi duzu esatea... Ez naiz fio Mark Zuckerbergen konpainia erraldoiaz. Ez zara fio? Munduan 2.380 milioi erabiltzailek baino gehiagok erabiltzen dute Facebook... Eta esango nuke zeuk ere badaukazula kontua.

2. Gauza bat da kontu bat izatea, eta beste bat, olagarro enpresa erraldoi horretaz fidatzea, sektore guztietara ari baita garroak zabaltzen. Eta orain banku zentral ere izan nahi duela diozu... Libra Elkartea sortu du diru berria gobernatzeko, eta sasi-banku zentral horren egoitza Genevan jarri du, Suitzan.

3. Eta, kuriositatez, zeintzuek osatzen dute Libra Elkartea? 27 bazkidek osatzen dute; tartean Facebook, Uber, Paypal, Booking, Visa, Mastercard, eBay, Spotify eta Vodafone. Bakoitzak gutxienez 10 milioi dolar jarriko ditu, diru birtuala martxan jartzeko erabiltzen den blockchain teknologia abiarazteko. Funtsean, diru errealen kasuan banku zentralek betetzen duten rola beteko du Libra Elkarteak, diru birtuala gobernatzeko. Diruaren egonkortasuna bermatu beharko du, eta elkarte horrek bakarrik izango du eskumena diru birtual gehiago jaulkitzeko edo dirua desegiteko.

4. Eta zelan bermatuko du diruaren egonkortasuna? Jaulkitzen den libra bakoitza benetako aktibo batek babestuko du; hau da, norbaitek txanpon bat erosten duen bakoitzean diru hori bankuko kontu batean gordeko da. Horregatik, Libraren Elkartearen lanetako bat izango da libra bermatuko duen benetako dirua gordetzeko prest dauden bankuak bilatzea eta konbentzitzea.

5. Orduan, Bitcoinaren antzeko zeozer da, ala ez? Bai eta ez. Biak dira kriptodiruak,hau da, diru digitalak. Baina Bitcoina ezin da mugagabe jaulki —21 milioi txanponetan du muga—, eta Libra bai. Eta Librak diru egonkorra izan nahi du; bitcoina, aldiz, nahiko gorabeheratsua da.

6. Eta alda ditzaket librak euroen truke? Hara, Facebookez ez zena fio... dagoeneko librak patrikan bazenitu bezala berba egiten duzu. Aldatu ahal izango dira beste diruetara, bai.

7. Patrikan diozu, baina non eramango ditugu librak benetan? Facebookek Calibra izeneko diru zorro birtual bat sortuko du diru birtuala eraman dezazun. Aplikazio bat izango da azken batean, norbere libren kontuak han kudeatzeko eta salerosketak egiteko. Edozein pertsonak edo enpresak sortu ahal izango du bere diru zorroa, nortasuna NArekin bermatuz. Libra Elkarteak emango die onarpena eskatzaileei, eta uste izatekoa da horrek segurtasuna bermatuko duela.

8. Segurtasuna eta Facebook esaldi berean? Ez eman barregurarik, mesedez. Egia esan, Facebook ez da fin ibili bere erabiltzaileen datuen pribatutasunarekin. Gainera, hitzeman du ez dizkiela emango erabiltzaileen datuak Libraren Elkarteari, ez dezan erabil finantza zerbitzu birtuala erabiltzaileen neurrirako publizitate eskaintzak egiteko. Zuckerbergen promesez fio ala ez, hori beste kontu bat da.

9. Esan dizut lehen ere, ni ez naiz fio. Dena dela, horrenbesteko matraka, eta oraindik ez dizut inportanteena galdetu: zertarako erabili ahalko da libra? Datorren urte hasieran jarriko dute martxan Whatsapp eta Messenger bidez dirua bildu, bidali eta jasotzeko. Gerora, helburua da ia edozertarako erabiltzea: Uberri edo Spotifyri pagatzeko, edo hiriko autobus publikoaren txartela pagatzeko sakelakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.