BAKARRIZKETA

Ezer ez da betiko

URS FLUEELER / EFE

Irune Lasa -

2018ko ekainak 24
1. Ezer ez da betiko, ez. Ezta euria ere. Horri buruz ari zinen? Ez, bada; General Electric konpainiari buruz ari nintzen. Datorren asteartean, ekainaren 26an utziko dio Industriako Dow Jones indizeko kide izateari.

2. Enpresa puska da, baina, General Electric. Historikoa. Hala da. New Yorkeko burtsako Dow Jones indizea 1896an sortu zen, AEBetako ekonomiako 30 konpainia garrantzitsuenak zerrendatzeko. Sorrera hartan, jada, GE indizean sartu zen, eta, 111 urteren ondoren, fundatzaile haietatik gelditzen zen konpainia bakarra zen —1899an eta 1901ean soilik gelditu zen kanpoan—.

3. Hori, konpainia erraldoi horietako bat zen. Zer gertatu zaio? Mundua aldatu egin dela, ekonomia aldatu egin dela. Berdin diola AEBetako botere industrialaren sinbolo izatea ez bazara gai aro berrietara egokitzeko. Ezer ez dela betiko.

4. Ekonomia aldatu? Bai, zera; hor goian beti betikoak. Betikoak, baina sakelak beste akzio batzuekin beteta. Apple, Visa, McDonalds, IBM, Goldman Sachs eta halakoak dira orain AEBetako puntako konpainiak. General Motors ere 2009an desagertu zen Dow Jonesetik.

5. Dena den, handia izanagatik ere, General Electric ez dago bere onenean. Hala da. Galerak eta likidezia arazoak ditu; turbinen eskaria murriztu egin zaio, eta ezinbestekoa izango du berregituratzea. Haren akzioek, aurten soilik, balioaren laurdena galdu dute. 13 dolar balio du GEren akzio batek. Dow Jonesko akzio garestienak, Boeingenak, berriz, 341 dolar.

6. Eta zeinek hartuko du orain GEren tokia? Wallgreens parafarmazia kateak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna