UDAKO SERIEA. Atezaina bere bakardadean (IV). Andoni Zubizarreta.

Bizi asegurua ate azpian

Lehen Mailaren historian partida gehien jokatu duen jokalaria da Andoni Zubizarreta: 622. Iribarren hutsunea bete zuen Athleticen, eta dena irabazi Bartzelonan. Atezain ortodoxoa izan zen: ez zuen hegan egin beharrik atea ondo babesteko.

Lidergoa. Une zailetan beti hartzen zuen taldearen zama. ATHLETIC.
enaut agirrebengoa
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Atezain batzuk oso estetikoak dira, baina maiz huts egiten dute, eta, lantzean behin luzatu eta irteera ikusgarriak egin arren, taldekideak izerdiarazi egiten dituzte: ez dira fidagarriak; ez dute konfiantzarik ematen. Halakoek aparraldia izaten dute, baina gainbehera joaten dira azkar. Beste batzuek, berriz, gutxiagotan altxarazten dituzte zaleak aulkitik, baina beti hor daude. Bikaintasuna lortzen dute oinarrizko zereginetan, eta ez dira katramilatzen atetik kanpo. Isilpean aritzen dira, eta xuxurla luze batek bezala irauten dute denboran. Hots, bizi aseguru bihurtzen dira atepean. Eredu horren adibiderik onena Andoni Zubizarreta da. Ia bi hamarkada egin zituen atezain lanetan, 1981etik 1998ra bitarte, eta beste inork baino neurketa gehiago jokatu zituen Espainiako Lehen Mailan: 622. Toki guztietan eta entrenatzaile guztientzat, funtsezkoa izan zen, eta, hala, ia 60.000 minutuz jokatu zuen elitean.

Luis Mari Lopez Rekarteren iritziz, datu horiek Zubizarretaren handitasuna islatzen dute. «Ikaragarri erregularra izan zen. Erreferentea izan da Euskal Herrian, baita hemendik kanpo ere. Arrastoa utzi zuen». Lopez Rekarte Zubizarretaren taldekidea izan zen Johan Cruyffen Bartzelonan, baina lehenagotik ere ezagutzen zuten elkar. Izan ere, Aretxabaletan ere elkarrekin jokatu zuten, nerabeak zirela. Handik, Alavesera joan ziren biak. Ordurako, Lopez Rekartek Zubizarreta gai ikusten zuen onenen artean bidea urratzeko. «Nabaria zen etorkizun oparoa izango zuela. Gutxienez, Euskal Herrian erreferente izateko kapaza izango zela aurreikusi nuen. Motz gelditu nintzen azkenean».

Lehen garaikurrak Athleticekin altxatu zituen: bi liga, eta Espainiako Kopa bat eta Superkopa bat. 1981etik 1986ra jokatu zuen zuri-gorriekin; besteak beste, Andoni Goikoetxearen aldamenean. «Athleticen ildoko atezaina» zela nabarmendu du atzelari ohiak. «Oso atezain sendoa zen. Nagusi zen goitiko jokoan, eta ez zuen zirrikiturik uzten. Gainera, nortasun indartsua eta lehiakorra zeukan, eta azkarra zen, gorpuzkera sendoa izanagatik». Defentsa gisa, «lasai» sentitzen zen atzean Zubizarreta edukita. «Oihu egiten zuenean, baloi bat berea zela zionean, ziur ginen hartu egingo zuela. Atezaina irtetean, atzelariak erlaxatu egiten dira, eta garrantzitsua da elkar ondo ulertzea, eta atezainak erabakimena izatea. Sekulako konfiantza ematen zigun horretan».

Goikoetxeak ere laudatu egin du atezainaren ibilbidea. «Normala da atezainek lehia asko jokatzea, baina Andoni beste maila batean egon zen. Munduko onenetako bat zen, eta Frantziako Munduko Kopa arte aritu zen jokatzen, beti maila ezin hobean». Jokalaririk onenek talderik onenetan bukatu ohi dute, eta hala gertatu zitzaion Zubizarretari ere: Bartzelonak fitxatu zuen, garai hartako 150 milioi pezetaren truke (901.518 euro). Terry Venables zen orduan kataluniarren entrenatzailea, eta, zalantzarik egin gabe, zaleen kutun Javier Urrutikoetxea Urruti-ren aurretik jarri zuen atezain gaztea. Taldeak ez zuen titulurik lortu, baina aretxabaletarrak Zamora trofeoa lortu zuen lehen sasoi hartan. Gauzak hala, 1988an Cruyff iritsi zen, futbola ulertzeko bere molde berezi eta berritzailearekin. Dream Team deritzonaren hasiera izan zen.

Atezain finkoa izan zen herbeheretarrarekin. Ordezkoek papurrik ere ezin izan zuten ahoratu. Horren lekuko da Juan Carlos Unzue. Bi urtez izan zen Zubizarretaren itzalpean, 1988tik 1990era. Umorez oroitu ditu garai haiek: «Behin, elkarrizketa batean, lerroburu hau atera zidaten: 'Andoni, ez duzu sekula hotzeririk harrapatzen'». Ez zidan pare bat partida jokatzeko aukerarik ere uzten; hain zen fidagarria!». Edonola ere, Unzuek ez zuen alferrik galdu harengandik ikasteko aukera. «Oso gaztea nintzen; lehen esperientzia nuen kanpoan, eta Andoni bidaide bikaina izan zen. Ikaragarri ikasi nuen entrenamenduetan eta partidetan, eta maila pertsonalean ere bai: jokalari batek talde barruan zer egin behar duen ikasi nuen».

Jokoari dagokionez, zerk eman zion atentzioa bereziki? «Zelaian ondo kokatzeko eta baloia harrapatzeko zuen teknikak, batez ere. Baloiak hartzeko, erraztasun handiagoak genituen garai hartan: jokalariek ez zuten gaur egun duten kalitatea, eta baloiak ez ziren gaur egun bezain arinak. Ordea, Zubik oso ondo asmatzen zuen noiz harrapatu behar zuen baloia, eta noiz urrundu behar zuen». Eta, urruntzerakoan, gainera, teknika berezia zerabilen. «Indarra ukondotik egiten zuen, ez sorbaldatik. Alegia, ukondotik eskura dauden zentimetro gutxiago horiek baliatzen zituen baloia indar gehiagoz urruntzeko. Harrituta gelditzen nintzen: baloiak beti kornerreko banderatxoraino bidaltzen zituen».

Cruyffekin «talka»

Zubizarretak erronka handiak gainditu behar izan zituen gorenera iristeko. Lehena, Athleticera iritsi berritan izan zuen: 18 urte eskasekin, Jose Angel Iribarren neurriko mito bat ordezteko ardura hartu zuen. «Andoni Cedrun zen haren lehiakidea. Eta Zubi min hartuta egon zen hasieran; arazoren bat izan zuen orkatilan. Oso zaila zen inork Iribarren hutsunea betetzea, baina hark lortu zuen», gogoratu du Goikoetxeak, eta, halaber, deitoratu egin du atezainaren aro zuri-gorria nahi baino azkarrago finitu izana. «Lastima ez zuela Iribarrena bezain ibilbide luzea izan Athleticen. Kontua da Bartzelonak eskaintza egin zuela, eta Athleticek saldu egin ziola. Futbolaren legea da».

Espainiako selekzioan ere erronka mundiala izan zuen: Luis Miguel Arkonadaren lekukoa hartzea. Bada, tinko heldu zion, eskuetara iristen zitzaizkion baloiei bezala. Hala, Munduko lauKopa eta bi Eurokopa jokatu zituen. Bartzelonan, berriz, Cruyffen eskakizunetara egokitzea izan zuen desafio. Orduan ere aurrera egitea lortu zuen, Lopez Rekartek azaldu duenez: «Geldituak egiteaz gainera, hankarekin pase onak eman behar zituzten atezainek. Hasieran, urduri samar aritu zen, baina gero ondo bukatu zuen. Cruyffek konfiantza handia zuen harengan». Rekarteren ustez, atezaina «funtsezkoa» izan zen talde haren lorpenetan. «Erasoko jokalariek egiten zuten distira; jokoa oso landua zen, baina, horrela jokatu eta irabazteko, beharrezkoa zen atzean sendoa izatea. Andoni atean izanda, lasaiago jokatzen genuen denok».

Unzuek antzeko analisia egin du. Jokamolde aldaketak «aberastu» egin omen zuen Zubizarretaren jokoa. «Niri naturalago ateratzen zitzaidan jokoan parte hartzea eta defentsako lerrotik gertu egotea. Hura aparta zen ate azpian, baina ez zen oso dinamikoa. Eta, halere, oso azkar egokitu zen Cruyffen ideiara. Aurretik zituen ezaugarriei eutsi, eta elementu berriak gehitu zizkion bere jokoari: kokapena, baloia…». Alta, aretxabaletarrak aitortu izan du maiz gutxietsia sentitu zela herbeheretarraren aldetik. Hark bestelako atezain bat nahi omen zuen: «Haien izaerek talka egiten zuten une jakin batzuetan. Baina, aldi berean, Johan oso argia zen, eta, egiazki, halako jendea nahi zuen taldean: une zailetan lidergoa hartzeko gai zena. Eta hori Andonik primeran egiten zuen».

Geldituak eta bizipenak

Gustuko izan ala ez, Cruyffek beti ipini izan zuen atepean, eta, hala, bertatik bertara bizi izan zituen talde miresgarri haren lorpenak: besteak beste, lau Liga eta Europako Kopa bat irabazi zituzten. Alabaina, Zubizarretak bukaera mikatza izan zuen Bartzelonan. Kataluniarrek 4-0 galdu zuten Milanen aurka, 1994ko Txapeldunen Ligako finalean, eta, biharamunean, irteerako atea ireki zioten atezainari. Korrika eta presaka hartutako erabakia izan zen, eta damutu egin ziren gerora. ZubizarretaValentziara joan zen.

Zubizarretaren geldituen artean, Goikoetxeak bat du gogoan bereziki: 1984ko apirilaren 22an Valentziari berari egin ziona, Athleticekin. «Neurketa erabakigarria zen ligaren lehian. Bada, geldiketa izugarria egin zuen. Baloia barruan ikusten nuen jada, eta esku miragarria atera zuen. Sinestezina izan zen. Partida nahiko amaieran zegoen. 1-2 irabazi genuen azkenean».

Bartzelonarekin ere agerraldi distiratsuak egin zituen munta handiko neurketetan, hala nola, Wembleyn, Sampdoriaren aurka, 1992ko Europako Kopako finalean. Bikain ihardetsi zien Lombardo, Vialli eta enparauen saiakerei. Orekari eutsi egin zion hark, eta, behin luzapenean sartuta, Koemanek hautsi egin zuen. Hala, kataluniarrak aurrenekoz bihurtu ziren Europako txapeldun. Ordurako, Sevillan zegoen Unzue; beraz, ez ditu gogoan Zubizarretak egun hartan egindako geldituak. Gomutan dauka, ordea, pare bat penalti gelditu zituenekoa. «Ni espezialista nintzen penaltietan. Berak ere pare bat penalti garrantzitsu gelditu zituen. Ez zen bereziki eraginkorra alor horretan, eta poz handiz ospatu zuen haiek gelditu izana».

Lopez Rekartek hasierako bizipenak ditu gogoan: «Aretxabaletatik eta Arrasatetik joaten ginen Gasteizera. Aste batean, baten aitak eramaten gintuen, eta, hurrengoan, bestearenak. Bizipen ugari izan genituen: kontrolak, eta abar. A zer garaiak!». Gero Dream Team-en topo egitea «ametsa» izan zen. «Marka izan zen Bartzelona hartan batera aritzea; pribilegio handia izan zen garai hartaz Andonirekin batera gozatu ahal izatea. Bi lagun ginen munduko talderik onenean jokatzen».

Nola moldatuko zen egun?

Atezainaren postua asko aldatu da. Gaur egun ere punta-puntako atezaina izango litzateke? Goikoetxeak baietz uste du: «Oinarekin ez zen oso abila, hasieran behintzat. Batzuetan, ateko sakeetan ere arazoak izaten zituen. Baina hori landu eta hobetu daitekeen zerbait da. Garai hartan bertan, Andonik asko hobetu zuen».

Unzueren aburuz, berriz, arazoak izango lituzke talde jakin batzuetan jokatzeko. «Orduko Bartzelona ikusi eta egungoa ikusi, eta ez daukate zerikusirik. Asmoa berbera zen, baina aurkariaren presioa oso bestelakoa zen. Orduan, baloia eskuekin har zitekeen, eta hor atezainak abantaila handia zeukan. Ez zuen hain hanka joko ona eduki beharrik. Kokapen ona behar zuen, baina espazio handiagoa eta denbora gehiago zegoen erabakiak hartzeko. Egun, askoz ere dinamikoagoa izan beharra dago». Edonola ere, garbi du egokituko litzatekeela. Taldea ere eman dio: «Zailagoa izango litzateke Bartzelonan edo Manchester Cityn aritzea, baina Atletico Madrilentzat, adibidez, atezain itzela izango litzateke».

Bihar: Atezaina bere bakardadean (V). Luis Arkonada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.