Pilar Diaz Romero. PSCko eleduna Bartzelonako Diputazioan

«Elkarrizketaren aldeko apustua egin dugu beti, baina joko arauen barruan»

Diaz Romerok uste du gizarteak, beste ezer baino gehiago, «akordioak» behar dituela, eta, horretarako, oinarrizkotzat jotzen du elkarrizketa mahaia martxan jartzea, nahiz eta bertan eseriko direnen helburuak oso desberdinak izan.

DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Pilar Diaz Romero PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako militantea da 1983tik. Gaur egun, presidentetzako diputatu ondokoa da, eta baita Bartzelonako Diputazioko PSCren eleduna ere. Espluges del Llobregateko alkatea ere bada, aurreko hauteskundeetan gehiengo osoz irabazi ondoren.

Orain nola dago prozesua?

Atera berri diren inkesten arabera, herritarren gehiengoak akordioa nahi du. Argi dago egun gizartea banatuta dagoela; ikuspegi asko daude, eta garatuz joan dira, baina ez hainbeste azken hiru urteotan. Banaketa dago, eta, unearen arabera, jendeak aukera baten edo bestearen alde egiten du. Banaketa egon badago, baina jendeak akordioak nahi ditu. Zer akordio? Ziurrenik ez da berdina denentzat, baina, edozein dela ere, ados jartzea lortu behar dugu. Gizartea zatitua daukagu, eta uste dut beharrezkoa dela esertzea, hitz egitea eta akordioak lortzensaiatzea. Ez dela gurea? Ez dela hoberena? Elkargune baterako modua emango digun zerbait lortu behar dugu, kale itsu honetatik irteten lagunduko diguna, eta ahalik eta akordio hoberena lortu, ahalik eta babes handienarekin.

Sindikatu eta alderdiak indultuak eskatzen ari dira preso independentistentzat; PSC ere bide beretik doa? Egingo diozue eskaririk Espainiako Gobernuari gai horren inguruan?

Oraindik ez dugu hitz egin gobernuan; eskatu beharko litzateke, Miquel Icetak, gure lehen idazkariak, eskatu zuen hauteskundeen atarian, eta kritika asko jaso zituen. Norbaitek eskatzen badu, aztertuko da. Uste dut gai guztiez hitz egiteko prest egon behar dugula. Gure ekintza guztiek dituzte ondorioak, baina elkar ulertu eta enpatiaz jokatu beharra dugu. Indultuen kasuan, ikusi beharko da nola zehazten den eskaria, baina senidetasunezko jarrera batetik pentsatu beharra dago, eta ez gu bezala pentsatzen dutenen ikuspuntutik. Elkarri entzun behar diogu, eta besteen tokian jarri.

ERCrekin adostu zen negoziazio mahaia ez da oraindik martxan jarri, eta eztabaida berriz piztu da aurrekontuen negoziazioarekin. Norantz jo behar da jokaleku horretan?

Pandemiaren kudeaketan buru-belarri aritu gara; kontua ez da elkarrizketa mahaia ez dela lanean hasi; kontua da ez genuela espero hau gertatzea, eta izugarria izan dela. Asmo batzuk genituen, eta berriz zehaztu eta kudeatu behar izan diren aurrekontuak. Mahaia atzeratu egin da, eta orain aurrekontuetan pentsatzen hasi behar dugu, baina batez ere etorkizunean. Etorri zaigun hau hain da handia, ñabardurak baitaude, eztabaidatu behar ditugun desberdintasunak, baina akordioetara heldu behar dugu, bai aurrekontuetan, bai Kataluniako egoerari dagokionez. Inori ez zaio oharkabean pasatu Salvador Illa [Espainiako] Osasun ministro izendatu izana elkarrizketak abiatzeko ahalegin bat dela, nahiz eta indarrak pandemiaren aurkako borrokan jarri behar izan dituen azken hilabeteetan. Niretzat, testuinguru hau oinarrizkoa da; batzuek 2017an aipatzen zuten eseri eta hitz egin beharra; elkarrizketa berezkoa du gizakiak. Onartzen dut ziurrenik helburu desberdinak ditugula. Hitz egitearen onena da, behin eserita, ez dela beharrezkoa ehuneko ehunean ados jartzea, baina enpatia adieraztera behartzen zaituela. Hitz egiteak, elkarri begiratzeak, akordio bat lortzeko modua ematen du. Beti egin dugu elkarrizketaren alde, baina joko arauen barruan, daukagun testuinguru juridikoaren barruan. Hala ere, gai guztiak jorratu daitezke giza eskubideak urratzen ez dituzten bitartean.

PSCtik zubiak berreraikitzeko beharraz hitz egiten da, elkarrizketak hastekoaz. Baina norantz bideratu behar dira elkarrizketa horiek?

Azken inkesten arabera, galdekatutakoen %21 erreferendumaren alde daude, eta %80 inguruk akordioa nahi dute. Berriz diot: denok ez dugu berdin ulertzen akordioa, baina, hala ere, saiatu behar dugu eseri eta hitz egiten, ados gauden puntuak aurkitu eta horiek oinarri gisa erabili, lan egin eta elkarrekiko konfiantza irabazteko, bai leialtasun instituzionalari dagokionez, bai politikoki. PSCtik ez dugu uste erreferendum bat egiteko garaia denik; oraindik ez dugu hau guztia gainditu, eta minez bizi dugu gertatu berri dena: ez da garai egokia. Aldiz, osa genezake gai guztiez hitz egin ahal izango duen mahai bat, eraikiz joateko modua emango diguna. Mahai hori osatzeko ahalegin handia egin du ERCk, nahiz eta Generalitateko bere kideek begi onez ikusi ez, eta ahalegin horri esker dago presidentetzan Pedro Sanchez bera ere. Akordio bat da, eta bete egin behar da. Gure konfiantza osoa du mahaiak, eta badugu itxaropenik.

Laster Quim Torraren inhabilitazioari buruz erabakiko dute. Gorenak hartu behar ditu Generalitateari eragiten dioten erabakiak?

Kontakizunaren inguruko borroka bat da; desobedientzia ekintza «txiki» baten inguruan hitz egin genezakeen, egoera jakin batean egin zena eta legea urratu zuena. Euren burua asebetetzea helburu duen kontakizuna egiten dute, argudiatuz estatu zapaltzaile baten pean gaudela pankarta bat zintzilikatzeagatik. Justiziak erabaki behar du? Bai, zuzenbide estatu batean gaudelako, eta erantzukizun handia duen pertsona bati buruz ari garelako. Tamalgarria da batez ere adierazpen askatasuna eskatzen duen pankarta bat jartzeagatik izatea, dagoeneko badugun eskubide bat baita! Torra presidenteak berak egunero egin eta esaten du nahi duena. Baina ez zen hori helburua, hauteskundeetako emaitzetan eragitea baizik, eta, horretarako, probokazioan erori beharra zegoen. Orain berdin gertatzen da: badirudi bozei begira Torrari ondo etorriko litzaiokeela inhabilitazio bat egungo egoeran.

Hauteskundeak laster hel daitezke, eta Ciudadanosek proposatu du alderdi konstituzionalistek zerrenda bateratu bat aurkeztea; zer iruditzen zaizu?

Ez zaizkit blokeak gustatzen, eta gutxiago Kataluniaren moduko herrialde batean. 2017an, Ciudadanosen proposamenak irabazi zuen, jendea egoeraren beldur zelako, eta ordurako esaten ari ginen garrantzitsua zela blokeak eragoztea, gure helburua baita herri bat eraikitzea, eta ez hura banatzea. Ezin dugu suntsitutako herri baten gainean eraiki, soilik aukera batek irabaz dezan; herrialde horrek etorkizun bat izan dezan, ados jarri behar dugu, gauza txikietan bada ere, eta hortik eraikitzen hasi. Guk ez dugu blokeen aldeko apusturik egiten; akordiorako mahai baten aldeko apustua egiten dugu, eta horretan ari gara lanean.

ERCrekin akordioak egiteko prest zeundekete?

ERCrekin gobernu akordio bat egitea konplikatua da, nahiz eta gauza gutxi diren ezinezkoak, uste dugu ERC, ezkerreko alderdi bat izanik ere, Kataluniako eskuinaren euskarria dela. Kezkatzen gaitu. Edozein alderdi politikoren nahia da emaitza on bat lortzea, horrek ematen baitizu modua zure ideiak defendatzeko eta gizartea aldatzeko, baina uste dut ERCk konplexuak dituela, Kataluniako eskuinaren agindupean dagoela sentitzen duela. Guk nahiko genukeena litzateke desberdintasunak amaitzeaz arduratuko den Katalunia bat, pandemiari eta haren ondorioei aurre egiteko gai dena. Jendeak aukerak izan ditzala nahi dut, Kataluniaren testuingurua edozein dela ere; horren inguruan lan egiteko gai izan behar dugu. Egungo baldintzek ez dute akordioa errazten, baina herritarrek hauteskundeetan erabakitzen dutenaren araberakoa izango da guztia.

Egungo egoeran, pandemia betean eta aldi berean monarkia sinesgarritasuna galtzen ari den honetan, nola hasiko du ikasturtea PSCk?

Ikuspegi demokratikotik, egoera hobetu daiteke; 40 urte dituen demokrazia bat dugu, eta nazioarteko erakundeek oniritzia ematen diote, baina horrek ez du esan nahi erlaxatu gaitezkeenik, hobetzeko aukerak egon badaudelako, eta hori da gure helburuetako bat: demokrazia muturreraino eramatea. Administrazioetarako baliabideak eta erreforma bat behar ditugu. Bestetik, ni errepublikanoa naiz, baina instituzio batzuen alde bozkatu zen bere garaian, eta horiek dira aginteari egonkortasuna eman behar diotenak. Aldaketak modu ordenatuan egiten direnean, ez dute ez desberdintasunik ez krisirik eragiten; iritsiko da garaia monarkiari buruz galdetu beharko duguna, eta, hori iristean, herriaren borondatean oinarritu beharko genuke. Hala ere, monarkia parlamentario batez ari gara, eta trantsizio baten ondorio da. Ez dugu aukera baliatuko aldaketa oportunista bat egiteko: gauzak ondo egin behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.