BAKARRIZKETA

Zein da munduko arropa markarik baliotsuena?

Forrest Gumpek korrika egiteko jasotzen duen oparia: Nike batzuk. BERRIA.
xabier martin
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Brand Finance aholkulariak arropa marken balioen inguruko zerrenda plazaratu du 2021ari dagokionez, eta, pandemiak pandemia, ez dago ezusterik.

1. Nola ez dagoela ezusterik? Arropa marka baliotsuena Nike kirol marka dela, alegia, azken zazpi urteetan bezala. AEBetako konpainiaren markak %17,5 apaldu du bere balioa, koronabirusak eragindako jokaleku gordinean, baina, oraindik ere, 25.920 milioi euroko balioa ematen diote Just do it leloa mundu zabalean famatu duen markari.

2. Hainbesteko aldea dago bigarren markarekin? Markarik baliotsuenetan bigarrena Italiako Gucci da, luxuaren atalean, eta hark 13.280 milloi euro balio du, Brand Financeren arabera.

3. Nola azaldu behar da Niken arrakasta handia? Atzetik izan dituen marketinaren maisuei galdetu behar zaie hori, baina, seguruenera, lagunduko zuen, adibidez, Nike Air edizio mugatuak eskaintzeak, urrearekin zipriztinduak, edota retro estiloa muturrera eramateak, Back to the future filmari erreparatuz. Orain dela bi urte, film horretan azaltzen diren Nike zapatilen pareko batzuen truke 179.540 euro pagatu zituzten enkante batean. Horrez gain, Michael Air Jordan gabe ezin da azaldu Nikeren arrakasta; oraindik ere Air lerroa da etxeak gehien saltzen dituenetako bat.

4. Beste zer marka azaltzen dira lehen bosten artean? Bitxia da, baina lehen bostak kirol markak eta luxuzko markak dira. Nikeren eta Gucciren atzetik, Frantziako Louis Vuitton dator (12.649 milioi euroko balioa), nahiz eta horrek ere galera handia izan duen azken urtean(-%10). Laugarren lekuan Alemaniako Adidas dago, eta, %13ko galera izan ondoren, postu bat galdu du azken urtean. Bost baliotsuenen zerrenda Frantziako luxuzko beste marka batek osatu du: Chanelek.

5. Nike eta Adidas etxeei Txinan egindako boikotak ez du bi konpainia horien balioa higatu? Ez gehiegi, itxura batean. Txinako Xinjiang eskualdean uigur etniak jasotzen duen tratua dela eta, kezka azaldu dute hala Nikek nola Adidasek, eta haien produktuak ez erosteko eskatu dute talde askok Txinan. Anta Txinako kirol markak etekina atera dio boikot horri. Baina ikusteko dago unean uneko joera bat baizik ez den edo zerbait gehiago den.

6. Marken zerrenda horretan ez al dago kirolaren eta luxuaren atalez kanpokorik? Bai, hain zuzen seigarren lekuan azaltzen da Zara espainiarra, prêt-à-porter arroparen erregea. 11.840 milioi euroko balioa du Inditex konpainiaren markak, azken urtean ia %10 galdu ostean. Eta, haren atzetik, arropa merkea saltzen duen beste kate bat dago: Japoniako Uniqlo, Fast Retailing taldearen markarik ezagunena. Zerrendan azaltzen diren hamarren artean, azken urtean galerarik izan ez duen bakarra da marka japoniarra.

7. Eta zerrenda osatzen duten besteak? Zortzigarren lekua ere arropa merkearen beste kate batentzat da: Suediako H&M markarentzat. Baina azken biak luxuan jarduten dira: Cartier eta Hermes frantziarrak. Cartierrek ia %20ko galera izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.