BAKARRIZKETA

Renferen lehiakidea, Montpelliertik dator

QUIQUE GARCIA / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
1 Renfek izan al dezake lehiakiderik? Nik uste nuen trenbide konpainia bat eta bakarra soilik izan zitekeela? Bada, oker zaude, baina neurri batean bakarrik. Merkantzien garraioan aspaldian sortu zitzaizkion lehiakideak Renferi, baina bidaiarien garraioan, oraindik ez. Baina iristear daude.

2 Montpelliertik bada, SNCF izango da, ezta? Horretan ere oker zaude. Renferi lehia egin diezaiokeen lehen konpainia ILSA da, Intermodalidad de Levante SA, Valentziako enpresa bat. Zuk eta biok elkar ulertzeko, Air Nostrum aire konpainiaren adar bat.

3 Eta, orduan, zertara dator Montpellier aipatzea? Madril-Bartzelona-Montpellier ibilbidea egiteko baimena eskatu duela, abiadura handiko trenen bidez, eta aste honetan eman dio Espainiako lehia merkatuen arautzaileak, CNMCk.

4 Lehia egiteko ibilbide bitxia ez al da hori? Bai, eta ez. Kontua da gaur egun Espainiako legediak soilik nazioarteko ibilbideetan onartzen duela Renferi lehia egitea. Eta ez pentsa gogo onez egiten duela: Europako Batzordeak behartutako urrats bat izan zen, Europako Batasuneko trenbide guzti-guztiak lehia librera zabaltzeko lehen urratsa. Estatu baten mugak gainditzen ez duten trenbideetan 2020ko urtarrilean da hastekoa konkurrentzia.

5 Eta zer dio Madrilek? Renfek dioena. Ez da hain harritzekoa, Renfe konpainia guztiz publikoa izanik, haren azken arduraduna Espainiako Sustapen Ministerioa da. ILSAri iruzur egitea leporatu dio, esanez benetan interesatzen zaiona Madril-Bartzelona ibilbidea dela. Hori diote Renfek ekainean ILSAren asmoei jarritako alegazioek ere: ez dagoela bidaiarien nahiko trafikorik Montpellierren eta Pirinioen hegoaldeko hirien artean.Bidaiari gehienak turistak izango lirateke, uda sasoikoak, eta, hortaz, ez litzateke errentagarria izango.

6 Egia al da? Baliteke, bainaILSAk azterketa propio batenbidez erakutsi nahi izan du Renfe oker dabilela. Kalkulatu duenez, 2019an bidaiarien %36 izango dira mugaz bi aldeetakoak, eta kopuru hori %45era igoko dela 2020an. CNMCk baldintza bat jarri dio: %30tik gora izatea.

7 Zer eskainiko du ILSAk, Renfek egiten ez duena? Agindu du egunero bina tren abiatuko direla Madrildik eta Montpelliertik, eta bidaiak %10 gutxiago iraungo duela, soilik lau hiritan geratuko direlako: Zaragozan, Bartzelonan, Perpinyan eta Narbonan. Gainera, merkeagoak izango dira. Hori guztia, noski, trenak lortzen baditu.

8 ILSAk ez al du trenik? Ez, horixe. Renferi alokatu nahidizkio tren batzuk, baina hark ezezko bat eman dio. CNMCri dagokio orain bitartekari lana egitea.

9 Beste ibilbideetarako bada hautagairik? Oraingoz, beste proiektu bat bakarrik dago: Coruña (Galizia) eta Porto (Portugal) lotzeko, Galiziako beste hiri nagusietatik igarota (Santiago, Vigo eta Pontevedra). Arriva konpainiak egin du eskaera. Deutsche Bahn Alemaniako tren konpainiaren filial bat da, eta autobus garraioa eskaintzen du gaur egun. Auzia CNMCren esku dago. Renferi egin diezaiokeen kaltea ari da neurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.