BAKARRIZKETA

Dirua garbitzeko, Europa iparraldea

ARMANDA BABANI / EFE

Iker Aranburu -

2018ko abenduak 2
1. Iparraldeak garbiago garbitzen al du? Hala dirudi. Agian egia izango da han diru zikin gehiago garbitzen dela, baina izan daiteke hango agintariek zorrotzago kontrolatzen dituztela horrelako delituak.

2. Iparraldeko zer leku dituzu buruan? Alemania eta Estonia. Deutsche Bank eta Danske Bank.

3. Has gaitezen Alemaniarekin. Bai, hobe, aste honetan handik etorri baita notizia. Ostegunean, 170 poliziak Deutsche Banken Frankfurteko egoitza arakatu zuten [goiko irudian]. Panamako paperetan agertzen zen informazioan oinarrituta, Frankfurteko fiskaltza ikertzen ari da ea Deutscheren adar batek, Birjina Uharteetakoak, «ekintza kriminalen bidez» lortutako dirua zuritu ote zuen. 900 bezeroren kontuak ari dira aztertzen, eta 311 milioi euro garbitu zutela uste dute.

4. Zer esan du Deutschek? Horrelako kasuetan ohikoa dena: «Azken urteetan erakutsi dugu agintariekin elkarlanean aritzen garela, eta aurrerantzean ere hala egingo dugu». Egia dena da, ordea, ezkutatzeko asko zuelako egin duela hori. Aurtengo irailean, BaFin Alemaniako finantza munduaren arautzaileak errieta egin zion, ez zuelako nahikoa egiten diru zuriketa eta talde armatuen finantzaketa eragozteko. 2015ean, BaFinek 40 milioi euroko isuna jarri zion Deutsche Banki, diru garbiketa antzemateko sistemak hutsune asko zituelako; 2017an, berriz, 550 milioi euroren isuna ordaindu zuen AEBetan eta Erresuma Batuan irekita zeuden auziak ixteko. Errusiako herritarren 10.000 milioi zuritzeagatik ikertu zuten.

5. 10.000 milioi? Diru asko da hori. Baina txiki geratu da Danske Banken Estoniako adarrari leporatzen dioten diru zuriketaren eskandaluarekin alderatuz gero: 200.000 milioi euro. Euskal Herri osoak bi urtean eragiten duen barne produktu gordin osoa.

6. Orain esango didazu diru hori Errusiako mafiarena... Errusiakoa bada, baina FSB zerbitzu sekretuetako kideen eta Vladimir Putinen senideen diru zikina dela uste dute ikertzaileek. Horri mafia deitu nahi badiozu, ez dizut kontrakorik esango.

7. Nik ez dakit estonieraz, baina Danskek ez dirudi hangoa. Zuzen zabiltza. Danimarkako bankuetan handiena da, eta adarrak ditu Eskandinaviako beste lurraldeetan, Baltikoko hiruretan eta Irlandan. Estoniakoa zergen iheserako eta delituen bidez lortutako dirua zuritzeko baliatzen zela ohartarazi zuen Errusiako banku zentralak 2007an.

8. Eta zer egin zuen Danskek? Ezer gutxi, negozio mamitsua baitzen: 2011n, Estoniako adarrak taldearen irabazien %11 eman zituen, aktiboen %0,5 soilik izan arren. Baina egoera aldatzen hasi zen 2014an, Howard Wilkinson Danskeko burukide ohia informazio zehatza ematen hasi zenean. Besteak beste, diru horren zati bat gero Deutsche Banken AEBetako adarretatik pasatu zela esan zuen. 2016an, atzerritarren dirua kudeatzen zuen adarra itxi zuen Danskek, eta aurtengo urrian Thomas Borgen bankuko burua bota zuten, eskandalua geratzeko nahikoa ez egiteagatik.

9. Hor geratu da kontua? Ez. Danimarkan eta Estonian auzia ikertzen ari dira, baina baita AEBetan ere, hango banku batzuek ere zeresana izan baitezakete diruaren zuriketan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna