BAKARRIZKETA

Mekanikariek ez dute ardi elektrikoekin amets egiten

BERRIA.
xabier martin
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Gasolina edo diesel auto batek baino heren bat pieza gutxiago dauzka auto elektrikoak; gutxiago konpontzeko, gutxiago irabazteko auto tailerretan. Eta orain zer?

1. Ez al zen, ba, dena abantailak auto elektrikoarekin? Galdetu ezazu auto tailerretan... Ez daude oso pozik.

2. Haiek ere ahalegin bat egin beharko dute planetaren alde, ezta? Kalkulatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 228 milioi euroko ahalegina egingo dutela. 601 milioiko fakturazioa lortu zuten 2017an, eta auto gehienek motor elektrikoa dutenean %40ko galerak izango dituztela dio Solera enpresaren aurreikuspenak; haren aurretik egindako beste ikerketa batzuen lerro berean doa lan hori.

3. Baina zergatik? Auto elektrikoak ez du behar oliorik, iragazkirik, banaketa uhalik, injektorerik, bujiarik, ihes tuturik... Eta, behar ez dituenez, ez dira ordezkatu behar aldiro, ez dira matxuratzen. Tailerrek egin beharrekoa txikiagoa da; hau da, mantentzea askoz soilagoa da. Eta beraz, jarduera txikiagoa da, eta fakturazioak hori guztia islatuko du, noski.

4. Ez dute esango, ba, prestatzeko betarik izan ez dutenik... Asmatuko dute zerbait negozioari eusteko... Asmatuko dute, seguru, baina horretan ari dira oraindik, aurreikuspen ezkorrak oinarri sendoa baitu. Ba al dakizu zer duen Teslaren Model X-ak kapotaren azpian?

5. Zer? Ezer ere ez.

6. Baina bateriak eta hari lotutako pieza berriek ez dute konpentsatuko gasolinaren eta dieselaren pieza zaharren baztertzea? Hein batean bakarrik. Auto elektrikoa gutxiagotan sartuko da tailerrera, eta konponketak azkarragoak izango dira. Mekanikariek lan ordu gutxiagoegingo dituzte, baina ikusteko dago lan ordu horien salneurriaren eboluzioa nola izango den, bai bailiteke nabarmen garestitzea.

7. Ez duzu, ba, pentsatuko geroak merkatze bat ekarriko duela autoaren alorrean? Ez, noski, eta aurreikusten hasi da tailerrei bizi-bizirik eutsiko liekeen aldagai bat. Auto elektrikoarekin batera, auto autonomoa zabaltzen hasiko da. Baliteke auto horiek istripu gutxiago edukitzea eta, hortaz, txapa eta pintura esparruetan tailerrak galtzen aterako lirateke, baina....

8.Baina handi baten traza dauka horrek... Matxurak askoz ere garestiagoak lirateke auto autonomoetan. Matxura gutxiago bai, baina garestiago ere aurreikusten da etorkizunerako. Oraindik, ordea, goizegi da jakiteko auto elektrikoak zenbaterainoko kaltea egingo dien tailerrei, Euskal Herriko auto guztien matrikulazioen %1 ere ez baitira.

9. Auto mekanikariek lasai egin dezakete lo orduan? Tailer ofizialetakoek lasaiago seguru asko, zalantzarik ez baitago datozen hamarkadetan aldaketak nabaritzen hasiko direla, eta eraldaketa handia datorrela sektorean. Auto ekoizleek egoera hori balia dezakete mantentzea eta balio erantsia duten konponketak beren tailer ofizialetan monopolizatzeko. Mekanikari gehienek ez dute ardi elektrikoekin amets egiten, hori seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.