BAKARRIZKETA

Kartela, hotela eta pastela

JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
1. Oso titulu deigarria jarri duzula onartzen dut, baina ezetz egin zentzuzko esaldi bat hiru hitz horiekin? Tira, ustela ere jarri dut hasieran, baina kendu egin dut, adjektibo bat delako. Eta ez da hain zaila: «Trenbideetako kartel ustelak Adifen pastela banatu zuen Madrilgo hotel batean».

2. Trebea zara tituluekin. Eta trebeak ziren karteleko hamabost kideak Adif Espainiako trenbideetako kudeatzailearen kontratuak banatzen. CMNC merkatuen gainbegiratzaileen arabera, 2002tik 2016ra 275 kontratutan egin zen iruzur. 118 milioi euroren isuna ezarri die, eta prozedura zabaldu du enpresa horrek aldi batez lehiaketa publikoetan parte hartzea debekatzeko.

3. Nola egiten zuten iruzurra? Adifek trenbide sareko elektrifikazio edo mantentze kontratu bat eskaintzen zuen bakoitzean, haien artean ados jartzen ziren eskaini beharreko prezioetan. Batzuetan posta elektroniko bidez adosten zuten prezioa, baina beste batzuetan Madrilgo erdialdeko hotel batean biltzen ziren. CNMCk bere esku ditu mezu elektroniko horietako batzuk.

4. Nola lortzen zuten kontratuak irabaztea?El Economista egunkariak kaleratutakoaren arabera, kontratuak %5 inguruko deskontuarekin lortzea zen helburua. Horrela, Adifek gehienez ordaintzeko prest zegoena baino pixka bat gutxiago eskaintzen zuten batzuek —%1 merkeago, esaterako—, eta eskaintza sinesgaitzak egiten zituzten besteek —%30 inguruko deskontuak—. Horrela, lehia itxura egiten zuten karteleko kideek. Kasu gehienetan, Adifek eskaintza zekenena eta irrealistena baztertzen zituen, eta karteleko kideek adostutakoari eman. Lehiakiderik ez zegoenean, ahalik deskonturik txikiena eskaintzen zuten, %1 ingurukoa.

5. Eta galtzaileak zer? Berez, ez zegoen galtzailerik, karteleko kideek beren artean banatzen baitzuten lortutako kontratua. Txandaka egiten zuten. Excel taulen bitartez azaltzen zituzten lizitazioetan bakoitzak zer egin behar zuen, eta nori egokitzen zitzaion hurrengo lehiaketa irabaztea. 2002tik 2016ra, lortu zuten guztiek gutxi gorabehera kopuru berak jasotzea Adifetik.

6. Bada euskal enpresarik kartelekoen artean? Elecnor1958. urtean Bilbon sortutako ingeniaritza enpresa bat da, eta Neguriko familia handiak daude haren akziodunen artean, baina Madrilen du aspaldi egoitza nagusia. Gainontzekoak ACSren filialak dira (Cobra, Electren, Semi eta CYMI), OHLren bat (Eym), Abengoaren bat (Inabensa),Isolux, Siemens, Indra, Neopul, Cytracc eta Alstom. Azken horrek ez du isunik ordaindu beharko, kartelaren berri eman zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.