BAKARRIZKETA

Nerabe, hamar urte bete aurretik

SASCHA STEINBACH / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
1. Seme-alaben aldarte aldaketarekin nekatuta, ezta? Jadanik, ohituta; baina ez, tituluak ez du loturarik inoren familiarekin. Bitcoinari buruzkoa da.

2. Hamar urte egin al ditu Bitcoinek? Bai. 2008ko urriaren 31n agertu zen lehen aldiz bitcoina, Satoshi Nakamoto izena zerabilen batek ziberaktibisten artean zabaldutako agiri batean. Hori bai, lehen bitcoinek ez zuten 2009. urtera arte zirkulatu.

3. Zertarako sortu zuen? Diru funtzioa egiteko, hots, salerosketak errazteko. Baina diru normalaren aldean badituzte zenbait ezaugarri. Batetik, bitcoina eta beste kriptodiruak diru birtualak dira, elektronikoak. Bestetik, banku zentralen kontrolik gabeko diruak dira, diru politiken mendekotasunik gabekoak.

4. Arrakasta izan du? Bai, eta ez. Alde batetik kriptodiru askoren sorrera eragin du bitcoinek. Azkenetako bat da petroa, Venezuelako Gobernuak hiperinflazioa borrokatzeko sortutakoa. Diruan baino, asko interesatuta daude bitcoinek darabilen teknologian, blockchain izenekoan, datu ugari modu deszentralizatuan, erabilgarrian eta seguruan biltzeko gaitasun handia duelako. Bankuak jada aztertzen ari dira nola erabil dezaketen beren negoziorako.

5. Eta zergatik diozu ez dutela arrakastarik izan? Galdetu zure inguruan nork erabiltzen dituen bitcoinak. Gehienek esango dizute noizbait entzun dutela izen hori, baina ez dakitela zehazki zer den, eta garrantzitsuena dena, ez zaiela axola. Hau da, betiko dirua ez dute berehalakoan ordezkatuko kriptodiruak.

6. Zergatik diozu nerabeak direla? Berez, bitcoin batek ez du baliorik, ez dago ezer fisikoari lotuta. Soilik salerosleek ematen dioten balioa du. Horrek ekarri du bere balioak gorabehera handia izateak, nerabeen aldartearen antzera. Apal hasi zen—lau zentimo balio zituen 2010ean—, eta 375 euroan salerosten zen, 2016an. Baina 2017 amaieran Chicagoko deribatuen merkatuan kotizatzen hasi zenean, espekulaziorako beste tresna bat bihurtu zen, eta, hilabete gutxiren buruan, 17.000 eurotik gorako balioa hartu zuen. Baina orduz geroztik, behin-behineko susperraldi indartsuekin tartekatuta, asko jaitsi da haren balioa, eta 5.500 euroan dago orain. Horrek ekarri du askok esatea bitcoinaren burbuila lehertu egin dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.