BAKARRIZKETA

Azken pezeta galduaren bila

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
xabier martin
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Eurotan dauden salneurriak oraindik pezetatan kalkulatzen hasten direnak ez dira erromatar garaiko lagun maitagarri batzuk. Inola ere ez. Pezeta bizirik baitago oraindik, baina lozorroan, eta noizbehinka esnatzen da. Azken urtean, 1.331 milioi pezeta aldatu dira Espainiako Bankuan, zortzi milioi euro.

1. Pezeta? Galiako gerrak baino zaharkituagoa zaude, motel! Dena dakizula uste duzu, gazte, baina oker zabiltza. Pezeta bizirik dago, han eta hemen, jaka zaharren patriketan eta zulo ezkutuetan, haren jatorri susmagarria ezin azalduta batzuetan.

2. Eta sestertzio bakan batzuk ere aurkituko dituzu erromatarren aztarnategiren batean... Pezetak aurkitzeko, ez da indusketa lanik egin behar. Espainiako Bankuak dio 269.916 milioi pezeta gordetzen dituela jendeak, 1.626 milioi euro. Billeteetan, 137.82 pezeta daude (827 milioi euro), eta, txanponetan, 132.634 pezeta (799 milioi euro). 2018ko azaroko datuak dira.

3. Zoraturik daude erromatar hauek! Zertarako gordetzen dituzte? Bildumak egiteko, atzerritarrek oroigarri gisa eraman dituztelako, edo ahaztuta daudelako diru zorro zaharretan, edota orain arte ezin izan dituztelako atera, ez zelako diru garbia izango; batek daki. Baina kontua da oraindik badutela etekina ateratzea iraganeko diru horri.

4. Edabe magikorik behar da? Espainiako Bankuak euroen truke aldatzen ditu, txo. Azken urtean, 1.331 milioi pezeta aldatu ditu, zortzi milioi euro. Billeteak baizik ez dituzte eraman aldatzera pezeten jabeek. Pezeta txanpon kopuru bera dago partikularren esku azken 27 hilabeteetan, txanpon askorik nekez aldatuko delako seinale.

5. Ala Tutatis! Baina noiz arte alda daitezke pezetak euroen truke? 2020. urteko amaierara arte. 2002ko urtarrilaren 1ean, euroa zirkulatzen hasi zenean, hiru hilabetez aritu ziren dibisa biak, euroak eta pezetak. Ekainaren 30a arte, edozein bankutan aldatu ziren pezetak. Gero, Espainiako Bankuak baizik ezin izan zuen aldaketa hori egin, eta aukera hori 2020. urteko abenduaren 31n bukatuko da. Beraz, bi urte geratzen zaizkie 269.916 milioi pezeten jabeei aldaketa egiteko.

6. Alegia, bi urte barru pezeta historia izango dela betiko, Julio Zesar bezala. Historia izango da, bai, eta jakingo da zenbat pezeta geratuko diren aldatu gabe. Espainiako Bankuak kalkulatzen du euroa sartu aurretik zirkulazioan zeuden pezeta txanpon guztien %45 ez direla sekula aldatuko, puskatu, galdu, ahaztu eta abar egin direlako. Gogoratu behar da, ordea, 137.282 milioi pezeta gelditzen direla billeteetan.

7. Eta orain esango didazu mila pezetako berdearekin bakanalean aritzen zinela gau osoan, ezta? Esan ahalko nizun, baina ez dizut esango, nerabe lotsagabe hori! Galdetu Elorrion, nahi baduzu. Orain urtebete, hango merkatarien elkarteak bultzatuta, dendek pezetak onartu zituzten hilabetez. Inguruko herrietatik ere joan zen jendea erosketak egitera. Dendari batek onartu zuen 169.000 pezetaren balioko salmentak egin zituela astebetean, mila euro pasatxo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.