BAKARRIZKETA

Santanderren fitxaketak huts egin du

SANTANDER / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
1. Joan den astean, BBVA;oraingoan, Santander...Obsesio ederra duzu bankuekin! Nik ez nuen nahi, baina behartu egiten naute. Eta ez didazu ukatuko Andrea Orcelen kasuak bete egiten dituela bankuei leporatzen zaizkien ezaugarrietako asko: diruzalekeria, axolagabekeria mundu errealean gertatzen denaren inguruan, neurriz kanpoko soldatak...

2. Orcel hori zein da? Bankari italiar bat da. Santanderreko kontseilari ordezkari izango zela iragarri zuen irailean Ana Botin bankuko presidenteak —goiko argazkian ezkerrekoa da Orcel—. Azkenean, ordea, Botinek baztertu egin du haren fitxaketa; garestiegia omen zen.

3. Garestia zer da banku batentzat? Kasu honetan, 52 milioi euro. Suitzako UBS bankuko inbertsio adarreko burua izan da azken urteetan Orcel, eta 52 milioi euroko gainsaria dauka jasotzeko. UBSk argudiatu du diru hori pagatzea Santanderri dagokiola, kontratu bat hautsi nahi duen lehiakide bat delako. Futbolean bezala, Orcelen klausula ordaindu beharko duela hura nahi duenak. Botinek uko egin dio, eskandaluaren beldur.

4. Normala. 50 milioi sekulako dirutza da! Ez al genuen ikasi bankarien sari handiak izan zirela krisia lehertu zuten arrazoietako bat? Kar-kar-kar. Nicolas Sarkozyren «kapitalismoa birfundatu behar dugu» hori sinetsi zenuen? Inozoa. Ez dut nik esango gauza batzuk ez direla aldatu. Adibidez, Orcelek jasotzeke dituen 52 milioi horiek sari geroratuak dira, eta arau berrien ondorio dira. Hau da, bankarien sarien zati bat urte batzuetara jasotzen dute, egiaztatzen denean haien erabakiek ez dituztela bankuak arriskuan jarri. Horrela eragotzi nahi dute erabaki ausartegiak hartzea, epe motzean akzioa igo eta haien sariak gizenduko lituzketenak, epe erdiko ondorioei erreparatu gabe. Baina geroratua izan ala ez, bankuetako goi buruzagien soldatek, pentsioek eta halakoek estratosferan jarraitzen dute. Adibide soil bat: Francisco Gonza- lez BBVAko presidenteak 80 milioiko poltsa batekin hartu du erretiroa.

5. Zer meritu zuen Orcelek fitxaketa milioidun bat merezi izateko? Lehenik Merryll Linchen eta ondoren UBSn —26 milioiren truke fitxatu zuen—, Orcel Emilio Botinen konfiantzazko gizona izan zen fusioetarako; Abbey, Alliance &Leicester eta Sovereign erosteko operazioetan hartu zuen parte, eta, horiei esker, Santander Europako banku nagusietako bat bilakatu da. Baina oker historikoak ere egin ditu Orcelek. Esaterako, berak aholkatu zien Santanderri berari, Royal Bank of Scotlandi eta Fortisi Herbehereetako ABN Amro erosteko. Operazio horrek Fortisen eta RBSren porrota ekarri zuen: Fortis zatitu eta saldu egin zuten, eta RBS nazionalizatu. Orcelek, berriz, orduko hamar milioi euro patrikaratu zuen bere aholkuengatik.

6. Zer gertatuko da Santanderren? Oraingo kontseilari ordezkariarekin jarraituko duela, Jose Antonio Alvarezekin. Ez da merkea hura ere: bederatzi milioi euro jasotzen ditu urtero.

7. Hara bestea...Bada, gehiago haserretu nahi baduzu, tori beste datu bat: CNMVren azken txostenak dio Ibex indizeko goi buruzagien batez besteko sariak %43 handitu zirela 2014. eta 2017. urteen artean. Enpresa horietan bertan, batez besteko soldata %4 igo zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.