BAKARRIZKETA

Kalera, motxila austriar batekin

NARENDRA SHRESTHA / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
1. Eta mendirako, zer? Quechua, Altus... Edo Montreal 76 batekin, ahal izanez gero. Baina ez, ez naiz gauzak bizkarrean garraiatzeko motxilei buruz ari, langile bat kaleratzen dutenean izango lukeen kalte-ordainari buruz baizik.

2. Ongi hasi gara: ez dut ezer ulertzen. Ez baita erraza motxilak, Austria eta kaleratzeak aldi berean lotzen dituen kontzeptu bat ulertzea. Baina azaltzen saiatuko naiz. Motxila austriarra deitzen zaio kaleratze kasuetan Austrian darabilten kalte-ordain sistema hura delako, eta langileak berarekin daramalako beti.

3. Nola funtzionatzen du? Pentsa enpresa batek kaleratzen zaituela. Kalte-ordain bat ordaindu beharko dizu, kontratua bere kabuz hautsi duelako. Azken erreformaren ondoren, enpresa horretan lan egindako urte bakoitzeko gutxienez 20 eguneko soldata ordaindu beharko dizu. Austriako sistemarekin, berriz, kalte-ordaina ez du enpresak ordaintzen, baizik eta langileak aurreko urteetan betetako funts batek. 2002an jarri zuten indarrean, eta langilearen soldata gordinaren %1,53rekin osatzen da.

4. Eta nork beteko du funts hori? Hori da benetako galdera. Hiru modu daude. Bat da enpresak hilero kotizatzea langile bakoitzeko, Gizarte Segurantzako beste kotizazioekin egiten duen moduan. Bigarrena da langileak bere soldataren zati bat motxilan sartzea. Eta hirugarrena, berriz, Estatuak pagatzea. Hiru modu horiek konbina daitezke, noski.

5. Zein da sistemarik onena? Nori galdetzen diozun, haren araberakoa izango da erantzun hori. Enpresaburuek esango dizute dagoeneko nahikoa ordaintzen dutela gizarte kotizazioetan, eta beste bat gehitzeak lan kostuak asko handituko lituzkeela, eta kontratazioak gutxituko liratekeela. Langileek, aldiz, argudia dezakete motxila berek betetzeak beren soldatak txikituko lituzkeela. Estatuak, berriz, nahikoa defizit duela Gizarte Segurantzan enpresen erabaki partikularren zama bere gain osorik hartu gabe.

6. Inork ez badaki nola bete, zergatik ari gara motxila austriarraz hizketan? Espainiako Gobernuak sistema proposa dezakeelako. Agian datorren ostiraleko bileran egingo duela aurreratu du El Pais egunkariak.

7. Nola defendituko du? Argudia dezake enpleguarentzat ona izan daitekeela, enpresei kaleratzearen kostua kentzen dietenez, langile gehiago kontratatzeko arrazoiak ematen dizkielako. Eta langileen borondatezko mugikortasuna ere handituko lukeelako, inor ez litzatekeelako gustuko ez duen lanpostu batean geratuko kalte-ordain bat ez galtzeagatik. Berez, sozialistek dagoeneko egin zuten esperimentu bat motxila austriarrarekin. 2010eko lan erreformak finkatu zuen kaleratze kasuetarako funts indibidual bat sortuko zutela. Trantsizio gisa, Fogasa funts publikoak lan egindako urte bakoitzeko zortzi eguneko soldata bezainbeste ordaindu zien kaleratutako langileei. Baina legea garatu gabe geratu zen, eta esperimentua 2011n amaitu zen.

8. Orain aurrera egin dezake? Ez da erraza izango. Sindikatuek mesfidantza handiz ikusten dute, eta patronalak ez du nahiko kostua berak ordainduko balu. Alderdi politikoen artean, Ciudadanos da argi eta garbi sistema horren aldekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.