BAKARRIZKETA

Gizon zuria sugearen mingainarekin berriro

BERRIA.
xabier martin
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Aste honetan betiko itxi dute Navajo Generating Station. Arizonako (AEB) zentral termiko hori ikatzarekin aritzen zen, eta industria bakarra zen Navajoen erreserbaren barruan.

1. Ez esan: gizon zuriak ez du promesa bete, ezta? Ez du bete, eta, auzi honetan, gizon zuri hori Donald Trump da. Ikatzezko zentral elektrikoak erreskatatuko zituela agindu zuen presidentetzarako kanpainan, eta 2016an Hillary Clintoni gailendu zitzaion Navajoen erreserbarik handienean zein Arizona osoan, Etxe Zurirako bidean.

2. Argi dago nor den sugearen mingainaz aritu den cowboya. Nor dira indiarrak film honetan? Navajoak dira. Haien erreserban dago Navajo Generating Station, ikatzez funtzionatzen zuen AEBetako zentral termikorik handienetakoa. Arizonara, Nevadara eta Kaliforniara bidaltzen zuen argindarra. Astelehenean itxi zuten, 45 urteko ibilbidearen ondoren, eta kalean utzi dituzte ia 450 behargin, gehienak AEBetako natiboak.

3. Tira, trantsizio ekologikoari begira ez da hain albiste txarra, ezta? Ingurumenarentzat ez, baina ez duzu pentsatuko, ba, Trumpek kutsadurari aurre egiteko helburua buruan duenik, ezta?

4. Aizu, ez naiz Einstein, baina hain txepela ere ez. Bakearen pipa erre dezagun, oraindik badut-eta zer kontatu. Ba al dakizu zergatik itxi duen Salt River Projectek Arizonako basamortuan duen instalazio erraldoia?

5. Ingurumena zaintzeko ez zen izango; hori ikasi dut. Zuzen zabiltza. Ez zen errentagarria; gas naturalarekin aritzen diren zentral elektrikoak merkeagoak dira egun AEBetan, gas merkearen hornidura segurtatua baitute fracking-aren bidez.

6. Eta nolatan ez dute lehenago itxi? Jabeek —gobernu federalak instalazioaren ia laurdena dauka— akordio bat egin zutelako Navajoekin jarduera bi urtez luzatzeko. Trumpen promesak atzo goizekoak ziren 2017an; gauza bat da indiarrei gezur esatea. eta bestea indiarrei gezur esatea azkarregi.

7. Eta Navajoek ez dute gerra aizkora lurpetik atera? Ez diote utzi bi urtez Trumpen administrazioari laguntza eskatzeari, gogorarazita promesa argia egin zuela, eta beren zentral handia erreskatatzea izango zela ekintzarik argiena erakusteko ikatzaren alde dagoela.

8. Alferrik, ezta? Alferrik, bai. Ikatza, gaur egun, argindar mixaren %25 inguru da AEBetan, eta 500 ikatzezko zentralen itxiera iragarri dute 2010etik; 100 gigawatteko potentzia, guztira. Ryan Zinke Barne idazkariak promesa egin zien natiboei aukera guztiak aztertuko zituztela Navajo Generating Stationi zabalik eusteko, baina luze gabe hasiko dira 1,5 milioi etxeri argindarra ematen zion zentrala desegiten. Agur 2,25 gigawatteko potentziari.

9. Navajoen basamortua basamortuago orduan... Bai, Salt River Projectek enplegu berria eskaini die langileei, ordea, eta 300 inguruk onartu dute haren beste instalazioetara aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.