BAKARRIZKETA

Antibirusak akats bat izan du

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburua, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
1. Koronabirusaren aurkako txertoek huts egin dute? Esaten nuen nik gauzak azkar egiteak ez zuela ezer onik ekarriko... Nik dakidala, ez dago berritasunik alor horretan. Berez, artikulu honek ez du zerikusirik COVID-19arekin.

2. Pandemiarekin zerikusirik ez duen artikulu bat! Baina, orduan, zer birusez ari zara? Elkartasunik ezaren birusaz, edo herritar gisa ditugun betebeharrei buruzkoaz; nahi duzun bezala dei diezaiokezu zergak ez pagatzeari. Asko dutenei bereziki eragiten dien birus bat, bidenabar.

3. Bai, horretan ez zabiltza oker. Eta nori egin dio eraso birus kutsakor horrek? John McAfeeri buruz ari naiz, 75 urtekoa, haren izena daraman antibirus ezagunaren sortzaileaz. Astelehenean atxilotu zuten, Bartzelonako aireportuan, Istanbulera zihoala. AEBetako Justizia Departamenduak eskatu du atxilotzea, uste baitu milioika dolarren diru-sarrerak ezkutatu dituela zergarik ez ordaintzeko.

4. Negozio errentagarria da McAfee antibirusarena, beraz. Hala da, bai, baina aspaldi ez dago John McAfeeren esku. Intel konpainiari saldu zion, 7.600 milioi dolarren truke (6.500 milioi euro, oraingo trukean). Salaketak, ordea, ez du zerikusirik horrekin, baizik eta azken urteetan McAfeek izan duen beste jarduera batekin: kriptodiruak Twitter bidez sustatzen aritu da bere jarraitzaileen artean, baina ohartarazi gabe horren truke dirua irabazten ari zela. Eta ez gutxi: SEC AEBetako me rkatuen gainbegiratzaileen arabera, hogei milioi euroren irabaziak lortu eta ezkutatu ditu.

5. Ezer txarrik egin duela ukatuko du, ezta? Nekez, McAfeek harro aitortu izan du ez dituela ogasunak maite. «Azken zortzi urteetan ez dut zergarik ordaindu. Ez ditut berriro ordainduko; konstituzioaren aurkakoa da zergak pagatzea», esan zuen 2019an, Kuban zegoela.

6. Eta zer egiten zuen McAfeek Kuban? Ogasuna atzetik zuela, McAfeek, haren emazteak eta bizkartzainek Karibera egin zuten ihes, beren yatean. Bahametan egon ondoren iritsi zen McAfee Kubara, uste zuelako Habanako gobernuak ez zuela AEBetara estraditatuko. Kuban zeresan handia eman zuen, besteak beste, AEBetako lehendakarigai independentea izateko kanpaina egin zuelako. Baina zarata mediatiko handia sortu zuen, eta alde egin behar izan zuen. Dominikar Errepublikan atxilotu zuten, baina handik egun gutxira aske utzi zuten.

7 Pertsonaia bitxia dirudi. Hala da, bai, eta ez da lehen aldia ihesean bizi dela. 2012an, Belizeko Poliziak galdezkatu nahi izan zuen, bere bizilagun baten hilketaren harira. Ihes egin zuen, poliziak hil egingo zuela esaten baitzuen. Guatemalan zegoela atxilotu zuten, eta berak eskatuta. AEBetara estraditatu zuten, baina han ez zioten azkenean deliturik leporatu.

8 Eta nolatan zegoen Katalunian? 2019ko urrian azaldu zen han lehen aldiz, Bartzelonan, kriptodiruei buruzko batzar batean. Orduz gero, Ukrainan eta Bielorrusian zegoela azaldu izan du sare sozialetan argitaratutako mezuen bitartez. Ikertzaile afizionatu batzuek, ordea, uste dute konfinamenduaren garaian Tarragonan egon zela, 2018az geroztik ofizialki obretan dagoen hotel berezi samar batean. Kataluniatik Alemaniara zihoala, abuztuan, arazoak izan zituen aireportu batean, maskara jarri nahi ez eta kulero batzuk jarri zituelako ahoa estaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.