BAKARRIZKETA

Inurritegia ostikoz jo nahi du Txinak

SERGEI DOLZHENKO / EFE.
joxerra senar
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Txinako Bankuak jomugan du Ant taldea, finantza teknologikoaren arloan munduko handiena.

1. Nor da Jack Ma? Munduko gizonik aberatsenetakoa, noizean noiz, bere kabuz inperio bat altxatzeko gai den enpresaburu arrakastatsuaren paradigma horietako bat. Txinatarra da, 56 urte ditu, eta Alibaba merkataritza elektronikoko talde erraldoia sortu zuen.

2. Zer da zehazki Ant taldea? Jack Maren inurritegiak (Inurri Taldea baita bere esanahia txineraz zein ingelesez), hainbat negozio atal ditu. Nagusietakoa, Alibaban ordainketak egiteko erabiltzen den Alipay enpresa da; ideia bat izateko, egun Txinan kreditu txartelak baino gehiago erabiltzen da. Alipay taldearen adar nagusietakoa den arren, beste hainbat negoziotan sartu da: kontsumo kredituak eta enpresentzako maileguak, aseguruak, banka digitala, aberatsen ondasuna kudeatzeko plataforma... 2014tik 45.000 milioi dolarretik 300.000 milioi dolarrera handitu du balorazioa.

3. Zer nahi du Ant taldeak? Alibabarekin merkataritza elektronikoan lortutako arrakasta finantza arlora eraman nahi du, eta asmo hori ez du ezkutatzen Jack Mak berak: «Estatuaren kontrolpeko konpainiak astinduko ditugu». Hala ere, haren anbizioa harago doa: «Bankuak ez badira aldatzen, guk aldatuko ditugu bankuak», esan zuen duela hamar urte.

4. Arazorik eragin al dio?Jakina. Estatuaren kontrolpeko finantza erakundeak eta maileguak ematen dituzten konpainiak kexu dira lehia bidegabea egiten diela taldeak, beste arau batzuekin jarduten dutelako. Finantza arloko erregulatzaileek azken urteetan hainbat aldiz taldea berrantolatzera behartu dute Ma. Oraingoan aldaketa handiagoa egin beharko du.

5. Zer gertatu da burtsarekin? Azaroaren erdialderako Hong Kongeko merkatuan akzioak salerosten hasiko zela iragarrita zegoen, baina bat-batean, Ant taldeak ez zuen jauzia eman.

6. Zergatik egin du atzera? Hong Kongeko Burtsak iradoki zuen taldeak ez zuela burtsaratzeko gardentasun irizpideak betetzen. Informazio batzuen arabera, egun batzuk lehenago Txinako finantza arautzaileek konpainiari egindako azterketa ez zuen gainditu. BBCko kazetari batek bestela laburbildu du operazioa. «Txinaren arrakasta digitalaren eredu zena mehatxu bilakatu da orain».

7. Zer egin nahi du orain Txinako Bankuak? Maren inurritegia ostikoz jo nahi du. Finantza arloko eskakizunen aurrean entzungor egitea eta jaramonik ez egitea leporatzen diote. Nahiz eta behin betiko erabakirik hartu ez duen, taldea bitan zatitu nahi du: batetik, finantza arau zorrotzen menpe egongo den finantza arloko atala; bestetik, arau lausoagoen menpe egongo den unitate teknologikoa.

8. Zein da Jack Maren erantzuna? Ez burtsaratuta 11.000 milioi dolar galdu ditu, eta kezkatuta behar du: Afrikako telebista kate batean, epaile gisa parte hartzen zuen negozioen arloko talent show batean, eta azken asteetan ez da joan. Bloombergen arabera, moldaketa plan bat prestatzen ari da, baina horrek eskatuko dio kapital gehiago, eta, halaber, taldearen balorazioak nabarmen egin dezake behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.